GARA > Idatzia > Euskal Herria

Debekuak debeku, urteroko presoen aldeko deialdiari eusten diote gaur Donostian

Urtero, Kontxako estropadako bigarren igandean presoen alde egin ohi duten manifestazioak milaka lagun bil ditzake gaur Donostian. Lakuako Barne Sailak debekua ezarri die orain arte egin diren bi deialdiei.

p017_f02.jpg

GARA |

Kontxako Bandera ikusi ondoren euskal preso politikoen aldeko manifestazioan parte hartzeko ohitura aspaldi hartua du euskal hiritar askok. Izan ere, duela 30 urtetik antolatzen da mobilizazio hori. Gaur ere, Donostiako Bulebarrean jarri dute hitzordua, 13.30ean. Baina egoera kezkagarria izan da azken egunotan, Lakuako Barne Sailak, aurreko urteetan ez bezala, debekuarekin erantzun baitie aurretik egindako bi deialdiei.

Amnistiaren aldeko mugimenduak ostegunean jakinarazi zuenez, hasierako ezezkoaren ondoren aurkeztutako bigarren eskaera ere errefusatu du Javier Balza buru duen sailak. Azkeneko asteetan ere hainbat debeku ezarri ditu Lakuak; esaterako, Sabin Euba errefuxiatuari azken agurra emateko Zornotzan deitutako ekitaldiaren aurka edota Donostiako Morlans auzoan duela hamasei urte hildako ETAko hiru militanteak gogoratzeko helburu zuenaren aurka. Hala ere, ekimenaren bultzatzaileek ez dute atzera egiteko arrazoirik ikusten eta urteroko hitzorduari eusten diote.

Igandeko istiluen aitzakiapean

Ohi bezala, manifestazioan istiluak gerta litezkeela izan da Barne Sailak erabilitako argudioa, nahiz eta urtero egiten den ekimen horretan halakorik gertatu ez den. Lehenengo ezezkoa ematerakoan, espresuki joan den igandeko eguerdian Donostian izandako istiluareren aipamena egin zuen Balzaren departamenduak: Ertzaintzak ziurtatu zuenez, poliziakide batek harrikada bat jaso zuen, gazte batzuekin izandako tirabira batean. Beraz, errepresalia itxura du aurten erabilitako jokabideak.

Amnistiaren aldeko mugimenduak, bere aldetik, Lakuako erabaki horrek Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hainbestetan aipatzen duen «elkarbizitza plana» delakoarekin ez duela bat egiten nabarmendu du. Oihana Agirre eledunak ostegunean esan zuenez, neurri horien atzean dagoen bakarra «ezker abertzalea suntsitzeko gurutzada» da, eta ibilbide horretan Madrilekin bat egiten du Lakuak.

Joseba Alvarez mahaikidearen ustez, errepresioaren esparruan aurrera egiten ari dira PSOE eta EAJ, negoziazio prozesuaren haustura gertatu ondoren. EAE-ANVk eta Aralarrek ere debekuaren aurka egin dute.

Barne Sailaren ustez, gainera, manifestazioa egiteko arrazoi garbirik ez da ikusten. Argudio horri erantzuna ematen dio amnistiaren aldeko mugimenduak, presoen egoera oso larria dela gogora ekarrita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo