GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | ELKARTASUNA ETORKIZUNA EGUNA

Euskal Herriko zazpi herrialdeek festa giroan bat egin zuten Hazparnen

Seigarren urtez, Euskal Herriko zazpi probintzietako hainbat kultur eragile Hazparnen bildu ziren atzo, Elkartasuna Etorkizuna egunean. topaketa horiekin elkar hobeki ezagutu, eta proiektu komunak egiteko lehen oinarriak finkatu zituzten 300 parte-hartzaileek.

p022_f02_199x104.jpg

Eneritz ZABALETA

Zer hobe, kantua eta festa baino, elkarren berri gutxi duten pertsonak batzeko eta harremanak sendotzeko? Euskal Herria zazpi herrialdez osaturik dago, zazpiek bat egin eta herri bat osatzen dutena. Alta, probintzia bakoitza mundu bat da. Eta Euskal Herriko zazpi munduak, batak bestearen berri gutxi dutela bizi dira egunerokoan. Hainbat ekimen antolaturik ere, usu eragileen artean komunikazio gutxi dago. Bada, Elkartasuna Etorkizuna egunak, elkarren arteko ezagutza hobetzea eta harremanak sendotzea ditu helburu. Horretarako, euskaldun oro batzen gaituen bidea hautatu dute antolatzaileek: giro ona, kantua, dantza eta musika. Atzo, Hazparnen izan zuten Euskal Herriko zazpi probintzietatik jiniko dantzari, kantari, musikari eta, oro har, euskaldunek elkarrekin egun goxoa pasata, laguntasun harremanak osatzeko.

Gutxi gorabehera, 300 bat lagun bildu ziren atzo, eta Hazparne girotu zuten, goizetik hasi eta arratsaldera bitarte. Errealitate eta lurralde arrunt ezberdinetako jendea bildu zen atzo. Tuterako zanpantzar eta gaita-jotzaileak, Usurbillgo txistulari eta dantzariak, Urdiñarbeko xiberotar dantzariak, Hazparneko joaldunak, Basauritik etorritakoak.... Denek euskal kulturaren inguruan egun goxoa pasatu zuten.

Zuberoa helburu

Goizean, kalejira antolatu zuten herriko karriketatik zehar. Hortik, denak zintzur bustitzera jaitsi ziren Hazparneko ezker paretara. Parada ezin hobea elkar gurutzatzeko eta ezagutzak egiteko. Bazkariaren ondotik, eguna arratsaldeko ikusgarriarekin bururatu zuten. Bertan, talde guztiek parte hartu zuten eta erakusgarri kultural polit batez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Ez zen ezer falta izan, musika, dantza, kantuak... Eguna bururaturik, urtean zehar proiektu komunak sakontzeko gogo eta xedeekin agurtu zuten elkar denek.

Topaketen sei edizioetan, probintzia bana bisitatu dute parte-hartzaileek. Gipuzkoatik Nafarroa Behereraino, abantzu Euskal Herri osotik pasa dira Elkartasuna Etorkizunako kideak. Eta hor dago koxka, Gillermo Etxeberria, Hazparneko joaldunetako kideak eta eguneko antolatzaileak azaltzen duenez: «Urtero probintzia bat bisitatu dugu. Iaz Baigorrin egon ginen. Beti oso ongi pasa dugu, eta leku guztietan, beti lekuko elkarte bat lotu zaigu ekimenera. Hurrengo urterako, Zuberoara joatea da gure asmoa».

Hala ere, oraindik ez dago argi helburua lortuko dutenik. Izan ere, proiektu xumea da topaketa hauena, aitzinkonturik gabe eta parte hartzen duten elkarteen borondatezko lanarekin antolatua. Horregatik, urtero festa hartzen duen herriko elkarte edo pertsonen laguntza ezinbestekoa da, festa aitzina eramateko. Zuberoan antolatzeko esperantzarik ez du galdu, baina, Lontxo Zubiria, Usurbilgo Nafartarrak kultur elkarteko kideak eta festako laguntzaileak: «Gure ekimena, elkarte guztiak eskuz esku hartu eta harremanak sendotuta egin da. Harremanetan sartu gara jada Zuberoako elkarteekin hurrengo urtean han egon gaitezen». Baliabide xumeak baditu ere, aurtengo arrakasta ikusirik, festa Zuberoaraino iritsiko dela pentsa daiteke. Horrela, festa giroan lurraldetasuna eta euskara Euskal Herriko zazpi probintzietara iritsiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo