AmatEur | Goierriko Itzulia
Madrazo, Juanjo Coboren bidetik Santa Barbaran
Diego Tamayo da lider berria, atzoko irabazlearengandik segundo bakarrera
Jon ORMAZABAL | URRETXU
Saunier Duval taldeko Angel Madrazok Juanjo Cobo bere herrikide eta taldekideak Euskal Herriko Itzuliko lehen etapan egindakoa errepikatu zuen atzo Santa Barbarako helmugan. Jardunaldia borobila izateko, ordea, segundo bat falta izan zitzaion lehen urteko txirrindulariari, liderraren mailot horia Diego Tamayorentzat (Azpiru), berarengandik zazpi segundora bigarren heldu zen kolonbiarrarentzat izan baitzen.
Bezperan gertatu bezala, abiadura ikaragarrian lehiatutako etapan ugariak izan ziren saiakerak, baina taldeek kontrol zorrotza ezarri zuten. Etapa azken kilometroetan erabaki zen, Madrazok Legazpitik Urretxurako bidean jo baitzuen erasoa. Saunierrekoa 40 segundo inguruko aldearekin heldu zen azken portuko magalera eta kostata izan arren -«sekula ez dut horrenbeste sufritu», adierazi zuen etapa ostean- zazpi segundoko aldearekin heldu zen.
Faboritoei so, Tamayok indartsuena eta erregularrena dela erakutsi zuen eraso kolpe handi bat jota eta gaur defendatu beharreko mailot horia eskuratu zuen, Amadorrek minutu erdia galdu baitzuen. Itzulirako, Madrazo bera, Nieve eta Juez izango ditu etsai nagusiak.
Bien bitartean, Alfuseko Javier Carraskok irabazi zuen Urdulizko Andra Mari Sarian, atzo bertan jokatu zena. Azkenik, Saez de Arregik bi urteko zigorra jaso du Espainako Federakuntzatik.