GARA > Idatzia > Irrati-telebista

�Apustua kazetarien aldekoa da; pertsona berak arlo guztiak jorratzea�

p058_f02_98x141.jpg

Goiatz Arana, Goiena telebistako erredaktore burua eta albistegietako aurkezlea

Udako atsedenaldiaren ostean, Goiatz Arana itzuli da GoiTBko albistegietara. Urrian bost urte egingo ditu Debagoieneko bederatzi udalerrietan euskara hutsean emititzen duen telebistan hasi zenetik eta, iaz bezala, aurten ere albistegietako aurkezle izateaz gainera erredaktore buru izaten jarraituko du. Bietan aritzea gogorra dela onartu arren, hedabide txikietan denetarik egin behar izaten dela esan du.

Kazetari, kameralari eta teknikari artean, zazpi pertsona arduratzen dira GoiTBko albistegiez. Tartean, Goiatz Arana aurkezle eta erredakzio buru ormaiztegiarra.

Zerk bultza zintuen Goienan lan egitera?

Teledonostin nengoenean sortu zen aukera eta, neurri handi batean, euskara hutsez lan egiteko aukera eman zidalako aldatu nintzen. Hasieratik albistegietan ibili naiz eta saio baten aurkezle ere izan nintzen. Iaz hasi nintzen erredaktore buru eta albistegietako aurkezle lanetan.

Ez du erraza izan behar bi lanetan batera aritzea...

Ba ez, ez da erraza. Nik ez dakit beste lekuetan nola funtzionatzen den, baina hemen inork ez ditu egiten lanak zuretzat eta, batzuetan, guztia bideratua dagoenean hankaz gora jartzen da. Askotan gora eta behera korrika zabiltza eta bost minutu barru sartu behar duzu aurpegi ona ipini eta albisteak ematera.

Herri telebistek gertutasuna eskaintzen dute. Antzematen al da hori eguneroko lanean?

Albiste iturri bezala, jendearen laguntza egoten da, deialdiak eta beste egunkariak begiratuz ere ateratzen dira albisteak. Hedabide txikiagoek gertutasuna ematen dute eta jendeak badu deitu edo bertatik pasatu eta gauzak proposatzeko joera ere. Elkarteekin dugun harremana ere estua da, laguntzaile onak gara; beraiek egiten dutenaren edo deialdi baten berri eman nahi dute, eta guk ere albisteak behar izaten ditugu.

Aldaketarik espero al duzue ikasturte berrirako?

Ikus-entzuleei begira, gauzak ez dira asko aldatuko. Guk igarriko ditugu gehiago, funtzionamenduaren aldetik. Apustua, geroz eta gehiago, kazetarien aldekoa da eta asmoa, ahal den kasuetan behintzat, pertsona bakarrak arlo denak jorratzea da. Hau da, kazetaria joatea kamera hartuta eta bera arduratzea prozesu guztiaz.

Ikastaro eta guzti, orduan...

Bai, baina hemen ikastaro batzuk oso azkarrak izaten dira, kasik praktikan jarriz ikasten direnak! Beldur pixka bat ematen du, agian txipa jarri gabea dugulako, baina, tira, etorkizuna hortik badoa, ikastea komeni da.

Gainontzekoan, zer aldaketa izango dira epe laburrean GoiTB-n?

Hiru bat saio behintzat izango ditugu epe laburrean; batetik, «Euskaldunak berbetan», tokiko euskarazko hedabideek ekoitzia. Jubilatuei zuzendutako saio bat ere izango da, eztabaida eta gomendio dietetikoekin. Eta beste batekin ere ari gara, «Debagoienean kantari» izenekoa, «Egin kantu»-ren tankerakoa. Ekoizpen lan handia izan du, herriz herri eta ikastetxez ikastetxe joan gara eta, azkenean, 600 bat haur mugituko ditu. Zenbait kantu aukeratu ziren eta Oñatiko neska batek abestu eta disko moduko bat grabatu zen, talde guztiei banatu eta kantuak ikasten joan zitezen. Oraintxe dabiltza beste neska batekin koreografiak ikasten eta asmoa da herriz herri zuzenekoak egitea, gero telebistaz emateko.

Amalur ARTOLA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo