GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Kokoteraino» daude Donostiako Alde Zaharrean Ertzaintzaren jokabideaz

«Alde Zaharra kokoteraino dago!!!». Izenburu hori du Donostiako auzo horretako bizilagun, dendari eta tabernari talde batek kaleratu eta Ertzaintzak duela astebete izandako jokabidea salatzen duen idatziak. Halakorik gertatzen den azken aldia izan dadila eskatu dute.

p018_f02_148x108.jpg

GARA |

Izenburu ezin esanguratsuagoa hautatu dute Donostiako Alde Zaharreko bizilagun, tabernari eta dendari horiek beren egoera azalarazteko. Bretxako plazan atzo eginiko elkarretaratzean eman zuten ezagutzera idatzia, joan den igandean Ertzaintzak izandako jarrerak behartuta. «Kokoteraino gaude Poliziak, duela 30 urte bezala, gure auzoan nahi duena egiteaz. Ez dute justifikaziorik, ezta eskubiderik ere, igandean egin zutena egiteko. Nekatuta gaude», adierazi dute agiri horretan.

Duela astebete gertaturikoa oroitzeko, eta salatzeko, zenbait testigantzaren berri eman zuten. Laburbiltzearren, idatzian agertu dute 100 bat zauritu izan zirela, horien artean lepauztaia bere tokitik aterata duen 14 urteko neska, kolpe andana jasotako 70 urteko emakumea eta bihotzekoak jotako gizonezkoa. Baina ez ziren horiek izan kalte bakarrak: «Galera ekonomiko handiak jasan ditugu tabernetan eta dendetan. Izan ere, ezin baita ahaztu historikoki sosik gehien biltzen den egunetako bat zela igandekoa».

«Azken aldia izan dadila»

Merkatari eta bizilagun talde horren arabera, Kontxako estropadetako bigarren egun horretan «izua, eromena, negarra eta zauritu andana» eragin zituzten ertzainek. «Karga basatiek, atxiloketek, irainek, borra kolpeek, jipoiek, begiratu gabeko pilotakadek eta tabernetara indarrez sartze horiek jai eta ospakizun eguna izan behar zuena ilundu zuten. Horrek guztiak agerian utzi zuen Poliziaren harrokeria», salatu dute.

«Ez gara 70eko edo 80ko hamarkadez hizketan ari, ez gara `grisei' edota `marroiei' buruz ari. 2007az eta beltzez jantzita eta aurpegia estalita doazen ertzainez ari gara», nabarmendu dute Alde Zaharrean bizi eta lan egiten duten herritar horiek.

Beren «haserrerik, gaitzespenik eta ezinegonik handiena» adierazi eta beren egitekoak «normaltasun osoz» garatzeko modua eskatu ostean, testuan dei zuzena egiten diete Ertzaintzari eta Lakuako Barne Saileko arduradunei: «Halakorik gertatzen den azken aldia izan dadila exijitzen diegu. Nahikoa da!».

Baina Polizia autonomikoaren buruez gain, beste norbait ere badute gogoan idatzian. Hain justu, Odon Elorza alkatea: «Gure auzoaz gogora dadila eskatzen diogu, eta nahi baldin badu, etor dadila Ertzaintzaren jokaera proportzionatua izan zen galdetzera».

Elorza alkateari

«Gure auzoaz gogora dadila eskatzen diogu, eta nahi badu, etor dadila Ertzaintzaren jokaera proportzionatua izan zen galdetzera».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo