GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Erlojuaren (eta ia denen) kontra

Hilabete eskas dauka Musharraf jeneralak Pakistango parlamentuaren onespena lortu eta lehendakari-gai bilakatzeko. Lortzen badu, eta Musharrafen esaneko PLM-Q alderdi nagusiak behar adinako laguntzak aurkitzen baditu, azaroan deuseztatu eta hauteskunde berrien epaiaren zain geratu behar duen legebiltzarrak beste hilabeteko epea edukiko du jada lehendakari dena berraukeratzeko... baldin eta Auzitegi Gorenak uko egiten ez badio Konstituzioak ezarritako mugak urratzen dituelako; Chaudry epaile gorenaren iritzia halatsu izango dela ziurtzat jotzen dute denek, aurtengo udaberriko iskanbila izugarriaren ondoren.

Beraz, ez dirudi horren erraza 1999ko urriko estatu kolpearen bitartez lehen ministrotzara eta bi urte beranduagoko trikimailuaren bitartez lehendakaritzara iritsi zen oportunista uniformedun horrek agintean legalki jarraitzea. Horrelako zerbait pentsatu bide zuen berak ere aurtengo abuztuaren hasieran emergentzia egoera ezartzeko zorian egon zenean.

Hala eta guztiz ere, temati segitzen du Musharrafek karguari eutsi nahian. Hobeto esanda, karguei. Lehendakaria ez ezik, Armadaren buru gorena ere bera baita. Eta bikoiztasun hori ez da formala ez eta hutsala Pakistango egitura politikoan, «estatuaren barneko estatua» baita Armada, munduko beste inon baino argiago. Hain da funtsezkoa auzia ezen PPP partidu klasiko nagusiaren oraindik ere buruzagi Benazir Bhutto erbesteratuak hitzarmena eskaini diola Musharrafi: lehendakari izaten jarrai dezan onartuko luke PPPk, aldez aurretik Musharrafek Indar Armatuen buruzagitza uzten badu. Ez du ematen jeneralaren adostasuna lortu duenik. Urriaren 18an itzuliko omen da Benazir Islamabadera, eta teorian behintzat Musharrefek ezingo du harekin errepikatu Nawaz Sharif lehendakari ohiarekin joan den astean egin zuena: aireportuan bertan atxilotu eta lehenengo hegazkinean berriro erbesterarazi.

Lehendakari hautaketa herritarren bozez egingo balitz, hala ere, askoz okerrago leudeke kontuak Musharrafentzat. Oraintsu egindako inkesta batek adierazten du Bin Ladenek baino onarpen maila kaskarragoa duela pakistandarren artean. Baina, seguruenik, horrek ez du gehiegi aztorarazten: AEBek eskualdean behar duten gizona izaten segitzen duen bitartean... beste guztia konpon daiteke. Tiroka bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo