GARA > Idatzia > Gutunak

Andoni Pombo Urola Kostako ikaslea

Lurraldebusek ez du egia osoa esan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio Publiko eta Mugikortasun Saileko zuzendari orokor Pilar Aranari: Lehenik eta behin Lurraldebus eta txartel bakarraren inguruan idatzi genuen kexari hain azkar erantzutea eskertzen dizut, nahiz eta komunikabideen bitartez soilik egin duzun. Izan ere, Lurraldebuseko posta elektronikora ezer baino lehen bidali nuen gutunari ez baitiozu oraindik erantzun. Oraingo gutun honen bidez, zeuk esandakoei zenbait ohar egin nahi izango nizkieke.

Joan den irailaren 11n egunkari honetan argitaratu zenuen gutunean, geuk igorritako informazioa «osatugabea eta, beraz, okerra» zela esaten zenuen. Esan behar dizut «Lurraldebus eta txartel bakarraren iruzurra» izenburuko eskutitza komunikabideetara bidali aurretik, hainbat dei egin genituela bai Lurraldebusera eta baita Autobuses La Guipuzcoana, SL enpresara. Aurretiaz inork ez zigun esan bi aukeren artean, ikasleen bonoa edo txartel bakarra, hautatu genezakeenik. Lurraldebusen esan ziguten ikasleentzat ez zutela aparteko preziorik ezarriko, baina minusbaliatuek eta erretiratuek ordaindu beharreko prezioa aztertuko zutela. Bestalde, Autobuses La Guipuzcoana, SL enpresara deitutakoan gutako batzuei aurrerago berriro galdetzeko esan ziguten eta beste batzuei, berriz, ikasleen bonorik ez zela egongo adierazi zieten. Beraz, zinez eskertzen dizugu hain denbora laburrean zuen jokaera zuzendu eta erabaki bat hartu izana, baina ez iezaguzu sinestarazi bi aukerak hasieratik zeudenik.

Azkenik, nahiz eta ikasleen bonoa dagoela jakiteak poztu egin gaituen, txartel bakarraren inguruan zenbait ohar egin nahiko nizkizuke. Ez dugu ulertzen zergatik egon behar duen bestelako bonorik, txartela bakarra baldin bada, bere izenak ongi adierazten duen moduan, eta zerbitzua gehien erabiltzen dutenei mesede egiteko helburuarekin jaio bada. Nork erabiliko du zerbitzua; ikasle batek baino gehiago? Hobe litzateke txartel bakar horren prezioak eta beherapenak benetan merkeak eta onuragarriak izango balira. Baina hori ez da inondik inora lortzen ezarri duzuen sistemarekin.

Ohar hauek kontuan hartuko dituzuelakoan, agur bat..

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo