Eskerrik asko Josu Jon
Ines INTXAUSTI Telebista kritikaria
Pasa den astea oso gogorra izan zen telebistarentzat. Eta ikusle arruntarentzat, jakina. «Teleberri»-a jarri eta bertan Madeleine. Arratsaldean piztu berriro telebista, eta Madeleine. Gauean telebista tresna piztu berriro eta, nor eta Madeleine. Madeleinen aurpegi gozoa, zoragarria, xingola gainean atzera eta aurrera. Gero bere lehen plano zehatza. Bideo batean nola mugitzen duen bere ile zurixka. Pornografia hutsa. Ezin ekidin, ordea.
Igande ilunabarrean amari deitu. Asteburuko partea eman batak besteari. Han eta hor ibili gara. Gustura. Hau eta bestea egin dugu. Ondo. Bat-batean esan dit amak: «Eta Portugalgoa?». «Portugalgoa?», neuk, «zer gertatu da ba Portugalen?». Artean ezin lotu hitz madarikatuarekin: Madeleine (nahiz eta nire amak Melanie edota Melodie deitu). Zirkuko tximinotxo bihurtu dute neskatoren irudia jasanezin bihurtu arte. Ezin dut begiratu. Ezta ikusi ere. Egunkariak ere tamainako oihartzunaren jabe egin dira afera errentagarri honetan. Tinta odola balitz bezala bota dute lehenengo orrietara neskatoaren irudia koloreztatzeko. Eta zeresanik ez Interneteko pantaila amaigabeak. Mesedez, nahikoa da. Utzi bakean Madeleinen argazkia. Ez manipulatu gehiago.
Asteburua eldarniozkoa izan da. Esango didazue: zangoa igeltsatua daukat eta ezin dut etxetik irten. Ederra betekada etxekoa! Tele5 eta A3ko putre zikin arrosek esan dituztenak ezin dira errepikatu bitrioloa bota gabe. Nola da posible platoetan esertzen diren delinkuente juzkutriarrak hain gaiztoak izatea zentzu guzti-guztietan? Profesionalki, gizatasunez, janzten, eta mintzatzen txarrak baino txarragoak eta itsusiak dira, ai ama! Eskerrak Josu Jonek aurretik ikusita eta prestatuta zeukan jokaldia. Madeleine lurperatu baitzuen -mediatikoki, jakina- behingoz. Badakit ausardia osoz nabilela bazterrak nahasten. Idatzitakoa, berriz, telebista erabiltzaile gisa diotsuet eta ez euskaldun gisa, emakume legez, bizkaitar bezala edo hankaputatzat. Erraz eraikitzen dira dorreak. Baina iraileko edozein egunetan eror daitezke. Babel Jesus (Jon).