GARA > Idatzia > Irrati-telebista

«Metal musikak ez du sekula harrera berorik izan hedabide komertzialetan»

iñaki esnaola

musika kazetaria eta «burdinola» irratsaioko esataria

Iñaki Esnaolak urteak daramatza «Mondosonoro» edo «Entzun!» gisako aldizkari espezializatuetan kolaborazio lanak egiten. «Herriko Burdina» web-zinea eta Ortots Burdin Hotsak diskoetxearen sorrera bere eskutik etorri dira eta, metal musikarekiko duen grina medio, orain sei urte «Burdinola» irratsaioari ekin zion Donostiako Ttan Ttakunen. Ostegunetik aurrera, saioa Info7 irratian ere emango du.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

«Zarata, zikina eta erdalduna» izatetik harago, metala euskaraz ere badagoela eta, estilo guztietan bezala, «musika ona eta txarra» egiten dela erakutsi nahi du Iñaki Esnaolak «Burdinola» saioaren bidez, Ttan Ttakun eta Info7 irratietan.

Nondik dator «Burdinola» eta zer indartu nahi da bere bidez?

Orain sei urte hasi ginen Ttan Ttakunen, hutsune bat ikusi genuelako rock gogorraren inguruan. Metal musika aipatzen den zarata hori baino gehiago dela erakutsi nahi dugu, badagoela zarata eta badagoela musika ona, estilo guztietan bezala. Guk merezi duen musika jarriko dugu. Gainera, oker ez banago, gaur egun rock gogorraren gaineko euskarazko saio bakarra da gurea. 80-90eko hamarkadetan nahikoa jarraitu izan zen, baina erdarazko saioen bidez. Gero euskararen aldeko apustua etorri zen, baina modak aldatu egiten dira eta, hemen «la vasca» deitzen zitzaion mugimendu hori itzali egin zen nolabait. Gure asmoa hori gogora ekartzea da, egun Euskal Herrian uste den baino jarraitzaile gehiago baititu rock gogorrak.

Jarraitzaile ugari, baina jarraipen gutxi, orduan.

Bai, paradoxa da. Heavy metala underground musika da, herri musika, eta ez du sekula harrera berorik izan hedabideetan. Rock gogorraren munduan ere gaizki ikusita zegoen hedabide komertzialetan ateratzea, baina hau hautsi egin da, adibidez Mago de Oz-ekin, batzuek justu horregatik gorrotatzen badute ere. Beste adibide bat: iaz Lordik, hard rock talde batek, irabazi zuen Eurovision. Orain dela lau urte hona etorri zenean lau katu joan ziren, eta orain aretoa bete egin da. Berdin gertatzen da Santana27, Jam edo Tunk! gisako aretoetan; heavy taldeak ekartzean bete egiten dira, baina, orokorrean, kontzertuak ez dira gehiegi promozionatzen hedabideetan.

Ostegunetik aurrera, Info7-n izango zara. Aldaketarik?

Aldaketak baino gehiago, moldaketak. Euskal Herriratzea nolabait, Ttan Ttakunen eremua mugatua delako. Elkarrizketak, kaleratu berriak, kontzertu gomendioak... denetarik izango dugu. Badago atal bat oso berezia dena eta nik uste dut jendeari gustatuko zaiola antenan entzuten duenean. «Metaldaketa» du izena eta munduan ezagunak diren abestien egokitzapen metalikoak jarriko ditugu jatorrizkoekin alderatzeko. Bitxia izaten da, Pet Shop Boys, The Beatles, Tattoo edota Madonnaren abestiak metal musikara ekarrita entzutea. «Azken mailu kolpea»-n klasikoa edo berezia izaten da eta «Herriko Burdina» atalean Euskal Herriko taldeak elkarrizketatuko ditugu. Aurrera begira, «Gomendio Bisita» izena jarriko diogun atal bat egongo da; nolabait, rock gogorraren munduan dagoeneko ezaguna den jendea ekarriko dugu: Su Ta Gar-eko Aitor, Idi Bihotzeko Mikel edo Uneko Aitor, adibidez. Horiek gure ingurukoak dira, lagunak, eta baliteke solasean aritzera eta euren gomendioa egitera gonbidatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo