GARA > Idatzia > Arrauna

San Miguel Liga

Lehorreko jaiak uretako festari lekua utzi dio Bermeon

Urdaibaik denboraldiko garaipen ederrenetako bat lortu zuen etxeko estropada bere historian lehen aldiz irabazita. Bi probaren faltan, bizkaitarrek Liga poltsikoan dutela esan daiteke lasai asko.

p047_f01_148x124.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Azken asteetan pilatutako stress eta tentsio guztiak kolpetik askatu zituzten atzo Urdaibaiko arraunlariek. Bizkaitarrek beren historian lehen aldiz irabazi zuten etxeko estropada eta, Bermeoko jaiak izanda, sekulako festa izan zuten atzo Bou Bizkaiaren jarraitzaileek portu inguruetan. Kirol alderdiari dagokionez, Urdaibaik Ligan lortzen duen zortzigarren garaipena eskuratu zuen eta, bi estropadaren faltan, lehiaketa poltsikoan duela esan daiteke.

Patxi Bilbao entrenatzaileak Asier Zurinaga kanpoan utzi eta Asier Aregori eman zion ontzia afizioaren aurrean gidatzeko aukera eta bizkaitarrak bikain bete zuen bere lana. Izan ere, Oriok ongi eutsi zion etxeko traineruari aurreneko bi luzeetan eta bi ontziak pare-parean ibili ziren lan erdietaraino. Bermeotarrek, ordea, bigarren ziaboga oso ona eman zuten eta hortxe hasi ziren lauzpabost segundoko tartetxoa irekitzen.

Hortik aurrera, Urdaibaik Pedreñak bigarren luzean egindako denboraren kontra ibili behar izan zuen. Hirugarren ziabogan aldea bi segundokoa baino ez zen izan bermeotarren alde, baina azken luzean erakustaldi bikaina emanda, alde hori hamar segundora iritsi zen. Pedreñak bigarren amaitu zuen, Oriok hirugarren eta San Pedrok, bikain, laugarren.

Hauxe da Urdaibaik atzo erabilitako koadrila: Bereziartua, Rodriguez, Carrion, Gallo, Arrizabalaga, Polo, Duñabeitia, Portularrume, Zabala, Gaizka eta Gorka Olazar, Millares, Zulaika eta Arego patroi lanetan.

Beheko postuetan aldaketarik ez eta Mecos eta Arkote izango dira jaitsiera kanporaketan. Laredok eta Cabok amaitu dute aurtengoz denboraldia.

Getaria larri-larri sailkatu da igoera kanporaketa jokatzeko

Ozta-ozta, baina Getaria eta Tiran izango dira datorren asteburuan San Miguel Ligara igotzeko kanporaketa jokatuko duten bi ontziak. Izan ere, Bermeoko bigarren jardunaldia emozioz betetakoa izan zen. Ezustean Meirak lortu zuen denborarik onena (20.27.90) bezperan azkena egin arren, eta horrek hankaz gora jarri zuen sailkapena. Bigarren Tiran izan zen (20.29.26) eta Getaria eta Pasai Donibane segundo baten barruan sartu ziren helmugan. Sanjoandarrek hirugarren eta getariarrek laugarren eginez gero, txartela Meirarentzat izango zen, baina azkenean, eta zorionez esan beharko dugu, hamabi ehunekogatik (20.34.42 eta 20.34.54) Getariak hirugarren postua eskuratu eta bezperako denbora aldeari esker bere txartela ziurtatu zuen. Mecos eta Arkoteren aurka lehiatuko dira. A.A

 

 

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo