GARA > Idatzia > Editoriala

Garai ilunetako zantzuak Europan

Eerakunde armatu batek bere dokumentuetan erabiltzen dituen zenbait termino ikerketa soziologiko batean agertzea erakunde horren erantzukizun intelektuala egozteko oinarria izan daiteke Alemanian. Izan daiteke eta izan da. Herrialde hartako bi soziologok, denboraldi batez kartzelan izan ondoren, akusazio horri egin behar diote aurre beren ikerketetan erabiltzen dituzten zenbait termino militante Gruppe erakunde armatuaren erreibindikazio agirietan ere agertzen direlako. Bitxia eta beldurgarria da, esate baterako, Andrej Holm-en kontra fiskalek aurkeztutako froga: beste atxilotu batekin bildu izana, baina okerrena Poliziaren ustez, sakelako telefonoa aldean eraman gabe. Holm-en lanak zenbait auzotan higiezinen espekulazioaren ondorioz gertatzen ari den bizilagun aldaketa zuen aztergai eta, halaber, gizarte legedi berriak etxebizitza merkeago bat bilarazten dien herritarrak aholkatzen zituen alemaniar soziologoak.

Joan den ekainean, G-8 delakoaren gailurra baino lehen izan ziren miaketak eta atxiloketak ezkerraren aurkako erasoa, protesta politikoa isiltzeko saio argia izan zen, eta Holm-en kasua dinamika horretan kokatu behar da. I-11ko atentatuaren seigarren urtemuga bete berritan, AEBetan ez ezik, Europan ere garai ilunenetako zantzu nabarmenak agertu dira, paradoxikoki balio demokratikoen defentsaren aitzakian. Alemanian, Polonian, estatu frantsesean eta espainolean... «terrorismoaren kontrako gerra» aldarrikatuta, legeak moldatzen dituzte disidentzia politikoa kontrolpean izateko ez ezik, hura zigortzeko ere. Izan ere, ez dugu Alemaniaraino jo behar herritarren kontrako espioitza edo nola «neurri antite- rroristak» aplikatu eta delitu konkreturik gabeko akusazioei aurre egin behar dieten ikusteko. Segurtasun kontzeptua giza eskubideen eta askatasunen urraketaren sinonimo bilakatu da, herritarrak, neoliberalismoaren praktikak salatzen dituztenak bereziki, babes juridikorik gabe utzita. Eta sen demokratikorik ñimiñoena izanda, nekez onar daiteke «terrorismoaren kontrako neurriak» arma politiko gisa erabiltzea, disidentzia politikoa ezabatzeko arma gisa erabiltzea, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo