GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Orga-jokoa

Lapazaran da Euskal Herriko lehen txapelduna

J.L. | DONOSTIA

Joxe Lapazaranek lortu du Euskal Herriko lehenengo txapela, lehenengo aldiz jokatu baita orga-jokoko finala Artzentalesen. Bizkaitarra faboritoen artean zegoen, eta ez zuen hutsik egin, txapela etxera eraman baitzuen.

Guztira hogei kirolari ziren izatekoak, baina azkenean hamabost agertu ziren lehiara. Lanerako gurdia zuten aurrean, eta hori atzealdetik besoetan hartu, 200 kilo, eta ahalik eta itzulirik gehien egitea zen helburua.

Lapazaran izan zen lehenengoa, lau itzuli eta 17,60 metro eginda. Bigarren izan zen Iñaki Yaguna, eta honek ere lau itzuli pasa egin zituen, lau itzuli eta 3/4. Hirugarren, berriz, Urreisti gipuzkoarra izan zen 2 itzuli eta erdi eginda, eta laugarren Lartzabal lapurtarra sailkatu zen bi itzuli pasarekin. Dena dela, honek lan dezentez hobea ere egin zezakeen, baina deskuido handi samarra izan zuen, eta horrek laugarren postuan utzi zuen.

Joxe Lapazaran gizon zoriontsua zen, eta ez da gutxiagotarako. Aurten Euskal Herriko orga-jokoko txapela lortzeaz gain, ingudearekin Bizkaikoa irabazita dauka, eta zazpi herrialdeetakoa ere bai. «Oso pozik nago. Joaterako banekien aukerak banituela irabazteko, eta azkenean irabazi dut», esan zuen.

Saioa nolakoa izan zen ere esan zuen: «Azpia bera izanez gero, uste dut marka hobea egin nezakeela, baina hori ez da aitzakia, denentzat gauza bera baitzen. Gero uste dut Lartzabalek ere gure parean ibiltzeko modua izango zuela, izan zuen deskuidoa izan ez balu», aitortu zuen txapeldun berriak.

Hemendik aurrerako helburuak ere ez ditu makal: «Orain Bizkaiko orga-jokoko finala eta Euskal Herriko ingude-altxatzekoa falta zaizkit, eta ikusten dut bi horietan ere irabazi dezakedala, eta helburua horixe izango da, biak irabaztea, alegia. Horiek lortzen baditut, denboraldia bost txapelekin amaituko dut, eta uste dut, 43 izanda, ez dagoela gaizki. Irabazten ez badut, berriz, ni baino okerrago geratuko direnak ere asko izango dira», esan zuen, Euskal Herriko txapela lortu duen gizonak.

Lehen Txapelketa honetan izandako mailaz ere mintzatu zen Lapazaran: «Azken orduan hutsune batzuk izan dira, baina orokorrean uste dut maila ona izan dela, eta polita izan da. Niretzat ohorea izan da lehen txapelduna izatea, eta gustura egoteko modukoa ere bada. Azken egunetan ongi sentitzen nintzen entrenamenduetan, eta azkenean emaitza ona izan da niretzat», airtoru zuen kirolari bizkaitarrak.

Joxek berak txapel asko jantzi ditu jadanik, baina beste anaiak, Jonek ere, lortu ditu batzuk, berak irabazi baitu aurten segalarien Euskal Herriko Txapelketa, bai eta Bizkaikoa ere. Bi anaien artean, jadanik bost txapel eraman dituzte etxera, baina oraindik bi lehiaketa jokatzeko ere badituzte, eta horiek ere irabazteko aukerak badituzte. Horiek lortzen badituzte, zazpi txapel izango dira Lapazarandarren etxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo