Aizkora Bizkaiko Irekia
Arria V.a eta Atutxa II.a finalerdietan izango dira
Rekondo-Zubiaga, Larretxea-Garitaonaindia eta Arrospide-Aldape ere, lehiaketa berri horren finalaren atarikoa jokatzeko txartela lortuta daude
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Arria V.ak eta Atutxa II.ak lortu zuten Bizkaiko Irekiko azkeneko saioa irabaztea, eta horrekin batera, finalerdietan izateko txartela ere lortu zuten. Zubiaga eta Rekondo zituzten aurrez aurre, eta erraz gailendu ziren.
Azkeneko saioak garrantzi handia zeukan; izan ere, multzo honetan hiru bikote berdinduta geratzeko arriskua baitzegoen, eta azkenean halaxe izan zen. Arria V.a-Atutxa II.a, Rekondo-Zubiaga eta Mendieta-Peñagarikano puntu kopuru berarekin geratu ziren lehen postu horretan, baina bik bakarrik zuten aurrera egiteko parada.
Horretarako, ordea, Arriak eta Atutxak lortu behar zuten garaipena, eta horixe egin zuten, eta horrekin batera hiru bikoak geratu ziren berdinduta. Azkenean, orain arteko lan guztiak egiteko behar izan zuten denbora hartu behar zen kontuan, eta hor Peñagarikano eta Mendieta geratu ziren kanpoan 16 segundogatik.
Azkeneko proba horretan, Arriak eta Atutxak erabateko nagusitasuna erakutsi zuten hastapenetik amaierara. Nahiz eta Atutxak 18 urte besterik ez izan, sekulako maila ematen ari da, baina diferentziak markatzen dituena Arria da. Errezildarra sasoi betean dago, eta bere mailarik onena ematen ari da. Lehiaketa honetan bost proba egin behar dituzte, eta lan guztiak burutzeko, irabazleek 20 minutu eta 29 segundo behar izan zituzten, eta Zubiagak eta Rekondok, aldiz, 22 minutu eta 24 segundo.
Lehen fasea amaituta, orain finalerdiak helduko dira, eta bi multzotako bikoak elkarren artean gurutzatu egingo dira. Hortara, Larretxea-Garitaonaindia Rekondo-Zubiagaren aurka neurtuko dira. Bestetik, Arria V.a eta Atutxa II.a Arrospideren eta Aldaperen aurka lehiatuko dira. Bi kanporaketa horietako irabazleak izango dira finalean.
Bizkaiko Irekiko berririk pozgarrienetakoa Arria V.ak eman du. Errezildarra oso ongi dago eta berak eman dezakeen maila erakusten ari da. Hemengo probak, gainera, beretzat oso aproposak dira, eta txapela lortzeko ere faborito bihurtu da. Gainera, Atutxa gazteak bikain laguntzen dio, eta oso kontuan hartu beharko da biko hau hemendik eta amaierara bitarte.
Nafarroakoa
Atzo jokatu zuten Altsasun Nafarroako Bigarren Mailako aizkolari Txapelketa, eta Antonio Jaunarena beteranoak eraman zuen txapela. Bere garaian Lehen mailan, bai Nafarroakoan, baita Euskal Herrikoan ere aritutakoa da, eta berriro ere onenen artera helduko da, txapela lortzeaz gain, Lehen mailarako igoera lortu baitzuen.
Jaunarenak urte asko eman zituen goialdean, baina lehiaketetatik nahiko aparte ere ibili da, baina berriro ere txapela lortu du. Luix Belarra zen atzokoa irabazteko faboritoa, eta Doneztebekoak ere ez zuen lan txarra egin. Ongi eutsi zion txapeldunari, baina azkeneko enborretan ihes egin zion Jaunarenak, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hala ere, egindako denboraldia ona izan da, Nafarrokaoan bigarren izateaz gain, Euskal Herriko Bigarren Mailakoan hirugarren izan baitzen. Erdozia ibili da uste baino askoz ere apalago, baina bere sasoia ez da orain dela hiru bat urte zuena.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu behar izan zituen. Jaunarenak, 20 minutu eta 3 segundo behar izan zituen lanak burutzeko. Bigarren Belarra sailkatu zen 45 segundora, eta atzetik izan ziren Telletxea, Erdozia eta Amillano.
Antonio Jaunarena beteranoak lortu zuen atzo Nafarroako Bigarren Mailako txapela, eta datorren denboraldian maila nagusian aritu ahal izango da. Lehen ere onenen artean egondakoa da baita Euskal Herrikoan ere.