GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mahatsaldiaren hasiera dela-eta, 15.000 lagun bildu ziren Lezan

GARA |

Atzo eman zioten hasiera Arabako Errioxan mahatsaldiari, eta horretarako aurten aukeratu duten lekua 220 biztanleko Leza herria izan da. 15.000 lagun bildu ziren bertan mahatsaldiaren hasierako egunean. Adituek jakinarazi zutenez, uda osoan mahatsa behar adina ondu ez bada ere, iraila ongi omen doa, eta hemendik aste pare batetara «kalitatezko mahatsa» bilduko dutela adierazi zuten. Orduan izanen omen da benetako mahatsaldia, na- hiz eta ardogileek «motzagoa izanen» dela uste duten. Orain bildutakoarekin muztioa egin zuten atzo, eta «oso gozoa» iritzi zioten bestaren antolatzaileek. Ezaugarri horrek «ardoa graduarekin» datorrela bermatzen duela azaldu zuten.

Bestaren hasierako pregoia ETBko aurkezle Andoni Agirregomezkortak egin zuen, eta jarraian mahatsa zapaltzea egin zuten Lezako enparantzan. Ingurua ikuslez bete zen. Lehenengo muztio hori dastatzeko aukera izan zen bertan. Arabako Errioxa osatzen duten hogeita hiru herrietako ardogileek ere euren saldak eskaini zituzten herri osoan paratutako agertokietan.

Bost euroren truke...

Eguraldi eguzkitsuak ardoa maite duten milaka zale erakarri zituen Arabako Errioxako herri txikira. Bete-beteak zeuden autobusetan eta norbanakoaren kotxeetan joan ziren, eta Leza jendez gainezka zegoen. Bestan parte hartu zutenek bost euro ordaindutako kopa eskuratu eta dozenaka ardo mota dastatu ahal izan zuten. Antolatzaileek 7.500 edalontzi banatu zituztela jakinarazi zuten. Horrez gain, herri dantzak izan ziren, haurrentzako joko eta ekitaldiak, musika eta kalejirak, aizkolarien lehia eta artisautza nahiz Eusko Labela duten nekazaritza gaien erakusketak ere.

1994an egin zuten le-henenbiziko aldiz ma- hatsaldiaren hasierako besta Arabako Errioxan. Aurten, Arabako patataren eta Arabako Errioxako ardoaren senidetzea egin dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo