GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

pro surf zarautz

Aritz Aranburuk Top 40-ari begiratu nahi dio Zarautzen irabazi ondoren

WQS (World Qualifying Series) Pro Surf Zarautz munduko zirkuituko lehiaketa egin dute Gipuzkoako kostako herrian azken lau egunetan, eta amaiera bikaina izan du benetan. GARAk lau egunotako balorazioa eman nahi dizue orriotan: horretarako Haritz Larrañaga Zarautz Surf Elkarteko kide eta irakaslearen laguntza izan dugu; ondo esandakoak berari zor zaizkio, hanka-sartze txikiren bat balego, hori gure lepora.

p002_f02_183x152.jpg

Josu JUARISTI | ZARAUTZ

Aurreko mangatan justu antzean ibili bazen ere, bigarren pasatu eta zalantza txikiren bati zirrikituren bat irekita, finalean oso garbi irabazi zuen Aritz Aranburu zarauztarrak. Hasieran olatua falta zitzaiola adierazi zigun Haritz Larrañaga Zarautz Surf Elkarteko kideak, baina holako batean bederatzi puntu pasakoa hartu zuen (9,84) eta, azkena emateko eta zalantza guztiak uxatzeko, 8,9 puntukoa geroxeago.

Herrikoaren garaipenak eromenari utzi zion, segidan, tokia; hara joan zitzaizkion Aritz Aranbururi lagunak eta ingurukoak eta, toreroa balitz bezala atera zuten uretatik, ikurrinekin eta guzti. «Emozionantea izan da, oso polita eta hunkigarria benetan» kontatu zigun iluntze aldera Zarauzko surf irakasleak. Aranburu bera oso pozik, hurrengo orrialdean ikusiko duzuen bezala. Normalean erabiltzen ez dituen taulak erabili omen ditu oraingoan.

Ikuspegi orokor gisa, ia dena positiboa: jende asko, maila ona, eta itsasoa ere, azkenean, ondo portatu da. Argi-ilunen bat ere izan da, halakoetan gertatu ohi den bezala, eta horri ere emango diogu tartetxoren bat orriotan.

Hala ere, hurrengo urterako animo oso onarekin bukatu dute txapelketa antolatzaileek, eta hori, berresten baldin bada, poztekoa da.

Bistan da itsasoa ezinbesteko laguna dela antzeko ekimen bati heltzeko eta apustutik aurpegi onarekin ateratzeko. Iraila, berez, oso garai ona da Euskal Herrian surf egiteko; iraila, gurean, «erradikala» dela komentatu zigun Larrañaga zarauztarrak: edo oso olatu handiak edo oso txikiak. Oraingoan ez dira handi horietakoak egokitu, baina egon direnak, atzo batez ere, politak izan dira.

Lehiaketa ostegunean zen hastekoa, baina goizean itsasoa bare esnatu zen eta, arratsaldean zertxobait mugitu bazen ere, ordurako eguna bertan behera uzteko erabakiari eutsi zioten antolatzaileek. Esan bezala, bi egunetan egin zitekeen lehiaketari beste bi eguneko tartea eman zitzaion, ezustekorik izan ez zedin.

Ostiralean, bezperako arratsaldeko olatuak baina txikitxoagoak ageri ziren, baina, hala ere, hasiera eman zitzaion frogari. Haizeak iparretik jo zuen; horrek ere mesede gutxi, beraz.

Larunbatean olatu txikiak izan ziren, baina «politak», Larrañagak esan zigunez, haize gutxirekin.

Eta atzo bikain, «egun borobila»: haize gutxi eta, atera zenean, hegotik. Horrek surferako baldintza oso onak eragiten ditu gure inguru honetan. Metro bateko olatuak eta serie txukunagoak ere bai. «Finalean batez ere -Haritz Larrañagaren esanetan-, oso olatu politak izan genituen».

Azkenean, beraz, itsasoa portatu egin dela.

Parte-hartze ona izan da, jende asko eta maila aldetik aitzakia gutxi, antolatzaile eta adituen esanetan. Garaiotan aparteko beste lehiaketarik ez zegoelako eta surflariak Asturiasko eta Portugal aldeko lehiaketetan ibili direlako-edo (nolabait esateko, «jendea» inguruan zebilela alegia, ez Hegoafrikan edota antzeko leku urrunetan, sarritan gertatzen den bezala), surflari gehiago etorri da, eta maila oneko jendea, gainera.

Zarauzkoa 3 izarreko txapelketa izan da (gehienez 6 izar izan ditzake horrelako lehiaketa batek, eta hortik gora Top 40a egongo litzateke (WCT), Aritz Aranburuk bere jomugan jarri duen mailarik altuena, alegia. Hori du helburu gipuzkoarrak. Olatu onak dauden tokietan bakarrik ospatzen da txapelketa hori (urrian ospatzekoa da Mundakako txapelketa, esate baterako, eta hor sartzen da ere). Mundakakoa izango da, Euskal Herriko itsasertzean, denboraldiko probarik garrantzitsuena.

Haritz Larrañaga antolatzaile eta surf irakaslearen iritziz, bi maila edo kategoria bereiztu dira, nahiko nabarmen, txapelketa osoan. Azken zortzirenak arte bat, eta, normala den bezala, hortik gora askoz hobea, altua. Euskaldunek, hemengo olatuak ondo ezagutzen dituztela aprobetxatuta (horrek ere laguntzen du, jakina), maila ona eman dute, urtea osoan olatuen gainean ematen duten mailarik onenaren pare. Haritzek lagunekin hitz egindakoaren arabera, olatu txikien ezagutza horrek hobeto erreakzionatzeko aukera eman die bertako surflariei.

Kontuak kontu, finalera iritsi direnak «bikain» aritu direla esan digu Larrañagak. Elkartekoak gustura eta, ondorioz, egunotan Zarautzen bisitan eta gozatzen egon direnak ere bai.

Atal honetan argi-ilunen bat edo beste aipa daiteke. «Saturazioa» hitza ere aipatu zigun atzo, balorazio gisa, Larrañagak. Saturazioa ekitaldietan. Munduko Surf Txapelketa batek, berez, dezenteko mugimendua dakar; garbi dago, ordea, eskaparate polita dela eta Zarauzko Udalak ere halaxe ulertuko zuen; horrexegatik antolatuko zituen, seguru asko, egunotan antolatu dituen hainbat eta hainbat ekitaldi, urtearen buruan horretarako tartea eta egunak izango ez balitu bezala. Txapelketaren «tiroiari» Udalak etekina atera nahi izan diola esan genezake, eta gauza gehiegi pilatu da azkenean (Txakoli Eguna eta guzti, esate baterako). Bestetik, kontzertuak izan ziren gauetan Munoan eta parte-hartzaile australiar bat ere ibili da rapero lanetan (Asturiasen ere beste horrenbeste egin omen zuen).

Egia da, bestalde, herrian jendea kezkatuta zebilela azken egunetan, olatu falta zela-eta. «Olaturik ez baldin badago ez ote gara gaizki geratuko?» joaten omen ziren edozein adineko herritarrak antolatzaileengana galdezka. Jendea inplikatuta ikusten zela, alegia.

Sasoi honetan, Zarautz ez da hain gainezka egoten. Kanpotar gutxi eta, zeudenak, surfaren ingurukoak. Izan ere, munduko txapelketetan ibiltzen diren parte-hartzaileek hilabeteak pasatzen dituzte etxetik kanpo, eta beti ibiltzen dira lagunen batekin. Dezente lagun mugitzen dela, beraz, azkenean, batzuekin eta besteekin.

Antolakuntza kanpoko marketin enpresa baten eskutan jartzeak Zarauzko Surf Elkarteak lortu nahiko lukeen elkarte kutsu edo ukitu hori kendu dio txapelketari. Lehiaketa aurrera ateratzeko kanpokoen diseinuarekin egiteak ezabatu egin du, neurri batean, Elkartea bera. Hurrengo urtean beste txapelketa bat antolatzeko moduan badira, seguru aurtengotik irakaspen bat edo beste aterako dutela. Datorren urtea aipatu dugula, gogoa badela esan zigun atzo Haritz Larrañagak. Mundu mailako federazioari data eskatu edo proposatu behar diote, eta gero dirua bildu. Gogoa eta animoa badutela aitortu zigun Elkarteko kideak; 2008an mundu mailako beste proba bat izan dezakegu, beraz, Zarautzen.

Elkarteak emandako wild card edo gonbidapenak ederki baino hobeto justifikatu dituzte hartu dituztenak. Ander Ederrak, esate baterako, maila ona eman zuen sartu zenean, eta aurrera egin zuen. Elkarteko junior onenak ere bikain, Marcos Sansegundo batez ere.

Lau izar surfaren osasun egoerarentzat. Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostan gero eta ugariagoak dira taulak hartu eta olatu bila joaten direnak. Lehen kostako jendea bakarrik ibiltzen zen, orain barrutik ere jende asko hurbiltzen da itsasora, taulak auto gainean dituztela. Gaur, genero guztiak eta adin guztiak sartzen dira uretara; garai bateko «klasea» eta tokea asko aldatu da, gaur oso arrunta da denetik ikustea olatuen gainean.

Horietako asko eta asko etortzen dira Zarautzera. Ikasi nahi duten zaleentzat, gainera -Haritz Larrañagak aipatzen zigun bezala-, hondartza ona da Zarauzkoa: «Bertako aldapa ez da oso erradikala eta, normalean, olatuak urruti eta pixkanaka lehertzen dira hemen».

Mikel Orozi egindako adierazpenetan, Aritz Aranburuk Zarautzen beste taula batzuk bilatu eta erabili dituela aitortu zuen atzo, «hurrengo txapelketan hobetu ahal izateko». Horri esker, orain arte inoiz sentitu ez dituen sentsazioak hauteman omen ditu zarauztarrak.

«Sentsazio berriak bilatu nahi nituen; saiatu behintzat, oso urte luzea izaten ari delako. Horregatik erabili ditut beste taula batzuk. Gauza berriak probatu nahi nituen». Garaipenaren ondoren aitortu zuenez, txapelketak arnasberrituta utzi du, disfrutatu egin du, «beharbada WQSko rankingean jokatzeko gutxi nuelako».

Europan punta-puntan dagoen zarauztar honek surf egiteko eran oraindik eboluzionatzeko tarte handia duela uste du. Urtebete barru ere bilakaera handia izan daitekeela dio. «Gainera, jende guztia zure atzean dagoela ikusten duzuenean ikaragarria da; batzuetan, etxetik kanpo zaudenean bakarrik senti zaitezke eta babes horrek asko laguntzen dizu».

Txapelketa, lehenengo egunetik azken eguna arte, oso «naturala» izan dela adierazi zuen Aritz Aranburuk: «Ez dut presiorik sumatu. Antza denez, gauzak natural eginda hobeto ateratzen zaizkit. Aurrera begira, beraz, bide horri ekin beharko diot».

Pentsaera horri jarraituta, «gauza sinpleenak garrantzitsuenak izan daitezke», gaineratu zuen Aranburuk. «Animoa goian izan dut beti, olatuak iritsi arte lasai egon naiz eta azkenean dena ondo atera da».

Bukatzeko, WCTn aritzeak sekulako ilusioa egiten diola adierazi zuen zarauztarrak. Hossegorrera gonbidatu dute.

euskara

Euskara ez da elkartekoek nahi bezain beste entzun txapelketan, kanpoko marketin enpresa zela-eta. Speaker-ak euskaldunak zirenean ere erdara nagusitu zen. Hurrengoan hobetzeko. Itsasotik, gainera, ez omen zen megafonia ondo entzuten.

Aparkalekuak

Azkenaldi honetan Zarautzen izan bazarete, TAO jarri dutela konturatuko zineten. Horrek, beste askori bezala, surflariei ere kalte egin die (mesede ez behinik behin). Udalak parte-hartzaileei utzitako lekua eskasa izan da, azkenean, eta kexu dira.

UDALa

Udala «bolkatu» egin dela esan daiteke, baina diru-laguntza gehixeago eman zezakeela esango duenik ere izango da. Surf txapelketaren aukera bere ekitaldi propioak «pilatzeko» aprobetxatzea, ordea, itxusia izan dela esan digute hainbat herritarrek.

RANKING EUROPEO* ClasificaciónPuntos 1.Aranburu, Aritz 5.657 2. Boal,Tim 5.118 3. Lipke, Marlon 4.657 4. Acero, Eneko 4.133 5. Picon, Miky 4.012 6.Collazo, Hodei 3.847 7. Gonzalez, Jonathan 3.819 8. Duru, Joan 3.776 9. Gutiérrez, Pablo 3.539 10. Rebiere, Eric 3.380 11. Bourez, Michel 3.245 12. Flores, Jeremy 3.100 13. Lacomare, Marc 2.963 14. Martin, Charly 2.882 15. Estienne, Jean Seb 2.865 16. Mujica, Justin 2.713 17. Zubizarreta, Gonzalo 2.703 18. González, Rubén 2.687 19. Robin, Frederic 2.651 20.Winter, Russel 2.594 (*) El ránking europeo se establece con la suma de las puntuaciones de los campeonatos del circuito mundial WQS (World Qualifying Series) disputados en el viejo continente.
RANKING EUROPEO*
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo