GARA > Idatzia > Mendia

ESKALADA | Zailtasun goreneko bideak

Udako kateatze beroak

Ekaitz Maizek, David Gambusek, Gorka Karapetok eta Dabid Bizkaik oso jardun interesgarriak egin dituzte azken hilabeteotan. Pou anaiek, berriz, paretan jardun dute.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Oso uda freskoa izan dugu Euskal Herrian baina, hala ere, kirol eskaladako euskal ordezkari batzuk oso jardun «beroak» izan dituzte. Izerdi tanta franko bota eta haien liburuxketan kateatze bikainak apuntatzeko aukera izan dute.

Puntu gorriaren kronikarekin hasteko, lerro hauetara Ekaitz Maiz ekarriko dugu. Izan ere, etxauriarra jo eta su ibili da hain gogoko dituen etxeko eskoletan: Etxauri, Lezaia, Eulate eta Aizpunen. Etxauriko Kanteroko iparrean, adibidez, Maiz 90 metroko «maratoi» bat ekipatu ondoren, bide horretan erabat murgildurik ibili da. Euskal «Chilam Balam» bideari (luzerarengatik esan dugu; zailtasuna beste kontu bat da) dagokionez, nafarrak Maritxu kilkerra izena jarri dio eta baita 8b+ zailtasuna proposatu ere.

Baina beste koska bat eman nahi zuen, eta aipatutako marrari aldaera bat atera dio: «Bihotz alaiak izena du, eta nire ustez 8c+ izan daiteke. 28 xafla ditu eta erabat naturala da. Etxauriko estilokoa da eta oso helduleku txikiak ditu; atseden hartzeko ere komeriak dituzu. Hori bai, pausoak ikasi ahala, aurrera egiten uzten dizuten bide horietakoa da. Bi ordu eta laurden behar izan nituen katera heltzeko: aseguratzaileak nahikoa lan izan zuen postura ona hartu eta ez lokartzeko!». Aizpunen, berriz, Ergeltasunaren pandemia bidearentzat 8c+ proposatu du, eta, horrez gainera 8c-ko beste bi sinadura erdietsi ditu: Borroka da bide bakarra (Eulate) eta Miltxor (Lezaia, Xabi Perezen proiektua).

Davi Gambusek, bestalde, Asturiasko Tevergatik Especie olvidada en el tiempo (8c+/9a) eta Silencio en el tiempo (8c) ekarri ditu. Beste bi 8c ere poltsikoratzeko aukera izan du: Le Cadre (Ceuse) eta Tsunami (Alquezar). Gasteiztarraren beste kateatze batzuen artean, honakoak aipatuko ditugu: Esencia de la resistencia eta Non stop bideen lotura (8b+/c, Bruixes), Desafiando a Newton (8b+, Alquezar) eta Philipe cuisiniere (8b+, Rodellar).

Beste nafar batekin jarraituko dugu: Dabid Bizkairekin. Lezaiako Muerte a los sikologos bideari esker, iruindarra 8c graduan sartu da. Aizpunen, berriz, Artzai ta otso (8b+), Mister sakana (8b) eta Kalatxoriak akatu (8a+/b) igo ditu. Blokean, amaitzeko, Endika Martinez eta Bizkaik Ilurdotzen dagoen Matatxerri blokearentzat 8a proposatu dute.

Zaratustraren giltza askatua

Kirol eskaladako kateatzeekin amaitzeko, Gorka Karapetok egindakoak dakarzkizuegu. Frantziar bouqueta izan duen bidaia egin du azpeitiarrak, Gorges du Tarn, Jenne eta Ceuseko eskoletan izan baita. Bistara gogotsu jardun duela baiezta dezakegu; izan ere, 8b-ko bide bat (Le plaisir qui demonte, Tarn) eta 8a-ko beste zortzi sinatu ditu. Karapetok bistaz eginiko bigarren 8b da; lehenengoa Zona 0 Siuranan egin zuen. Landutakoei dagokienez, hauexek aipagarrienak: 8b/+ bat lau saialditan eta beste 8b bat (L'odyssee de l'espace) saiotan Tarnen. Etxera bueltan, eskalatzaile honek Komando Araba (8c/+) igo zuen Apinaizen, eta Arabako eskola berean La txunga del Pi (8a) flash eran. Aurten ere, Fuck the Police (8c, Etxauri) eta Borroka da bide bakarra (8c, Eulate) sinatu ditu. Horrela bada, azpeitiarrak dagoeneko 8c-ko eta hortik gorako 17 bide egin ditu.

Bestalde, Iker eta Eneko Pou anaiak paretan murgildu dira uda honetan. Ordesako Cotatuero Zutarrian dagoen Zaratustra bideari puntu gorria jarri diote; luze bat falta zen askatzeko. 400 metroko bide honen zailtasun gorenak 7a+/A2 ziren. A2 hori, sabai erraldoiarena, era librean eskalatzeko aukerarik ez zegoenez, Manu Cordova eta Mikel Zabalza aldaera bat (ezkerrean ateratzen den artesia) bilatu zioten. Gasteiztarrek irailaren lehenean era askean igo ondoren (astebetera Cordovak ere egin zuen), laugarren luze horrentzat 8a proposatu dute.

Ansabereko Petit Pic-en, Super Weismuller bidearen (8a/a+) era askeko bigarren igoera lortu dute; lehenengoa, Josune Bereziartuk eta Rikar Otegik egin zuten. Pou anaiak ere Suitza eta Austriako pareta entzutetsu batzuetan izan dira: Ratikon, Wendestock eta Rote Wand. Hormatzar horietan, besteak beste, New Age (8a, 200 m, Ratikon), Freedom (8b, 300 m, Rote Wand) eta Elefantehor (7c+, 320 m, Wendestock) sinatu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo