ESKALADA | Bide berriak
Bakarkako espiritu alpetarra
Mikel Saez de Urabain alpinista gipuzkoarrak paretan bakarka zabaldutako hiru proposamen egin dizkigu: bi Balerdi mendiaren eki isurialdean eta bestea Aguerrin (Hecho). Bideak era askean eskalatzeko moduan geratu dira.
Hormatzarretan zein mendian bakarkako hautua ez da batere erosoa zein erraza izaten. Gutxi dira norabide hori jarraitzen dutenak, eta horietako bat Mikel Saez de Urabain dugu; lehenengo lerroan dugun euskal alpinista. Berdin zaio zabaldutako bide bat bakarrik igo, edota bere sinadura jarri eta berri bat ireki. Azken eite horrekin geratuko gara; izan ere, alpinista gipuzkoarrak paretako hiru proposamen berri egin dizkigu.
Lehenengo biak etxean geratu dira: Balerdi mendian (Aralar). 80ko hamarkadako eskalatzaile batek baino gehiagok gogoan izango du mendiaren eki isurialdean dagoen hormatzar erakargarriak mugimendua izan zuela. Bai, era batera esanda, goraldia izan zuen, baina kirol eskaladaren agerraldiarekin pareta hori itzalera pasa zen. Bada, Saez de Urabainek murru hori berreskuratu nahi izan du eta duela hiru urte bi bide sortu zituen. «Behetik zabaldutakoak dira, era askean eta artifiziala nahastuz. Nire uste apalean oso onak dira, baina, era berean, kezka bat izan nuen. Era horretara zabalduta, inor gutxi ausartuko zen bi bideak errepikatzera. Egoera hori aldatzeko, aurten itzuli naiz, behetik errekipatu ditut eta baita era askean igo ere. Lan eskerga izan da, besteak beste, pareta garbitu behar izan dudalako. Hori bai, arrokaren kalitatea paregabea da», aurreratu digu alpinistak.
Sortutako bi bideak honakoak dira: Txapelatxa (7a, 150 m) eta Ajuju (6c+, 100 m). Aurkezpena egin ondoren, Saez de Urabainek ohar bat egin nahi du: «Pareta horretan hegazti askok egiten dute habia. Beraz, kumaldi sasoia (abendutik abuztura bitartean) errespetatzea eskertuko nuke».
Aguerriren tiraldia
Balerditik Hechoko Aguerri zintzurrean dauden paretetara. Hirugarren proposamena, berriz, berriagoa da, pasa den abuztuaren 24 eta 25ean zabaldutakoa. Lerrootako protagonistak adierazi digunez, Aguerriko paretak duela urte batzuk liluratu zuen: «Gabardito aterpearen parean dago. Duela bi negu Christian Ravierrekin egin nuen topo. Frantsesak iaz marra bat sortu zuen: Motive. Ni une aproposaren zain geratu nintzen, eta azkenean aurten izan da nire aukera».
Horrela, bada, Aguerriko hormatzar horrek bi bide ditu. Azkenak Nostalgia du izena: 7b, 180 m. sei luzeko bide horrek arroka ona du, eta ez du ageriko artesi sistemarik jarraitzen; soilik paretan sartuta ikusi eta segi egiten dira. Balerdikoak bezala, Aguerrikoa ere oso alpetarra da; beraz, nahiz eta era askean eskalatzeko utzi duen, aseguratzeko ohiko materiala eraman behar da. «Eskalada honetan argi nuen era askean eskalatzeko utzi nahi nuela, eta horregatik pauso gogorrenak babestu ditut. 7b-ko bi luzeak soka gainetik librean egin nituen, eta zailtasun hori proposatu dut. Bi egun behar izan nituen zabaltzeko. Lehenengoan, ekaitzak harrapatu baina ez nintzen busti, paretak erorikoa baitu. Gauez rapelatu eta biharamunean utzitako lekutik jarraitu nuen», esan digu Saez de Urabainek.