GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria

Euskararen berreskuratze itxaropentsua Nafarroan

Euskarak Nafarroan azkeneko 25 urteetan izan duen bilakaeraren erakusleihoa da liburua. Bertan ikus daiteke emandako urratsak, oro har, handiak izan direla, euskararen lege murriztailetik espero zitekeen baino anitzez hobeak

Recuperación del euskara en Navarra» izenburuko liburua Euskaltzaindiaren «Jagon bilduma berritua»ren lehendabiziko alea da eta eskaintzen den lana Miquel Gros i Lladós jaunaren eskutik datorkigu. Gros jauna abokatua da ogibidez eta katalana sortzez eta bizilekuz. Gaztaroan, ordea, zen- bait urtez Iruñean bizitzea tokatu zitzaion eta, ez zuen alferrik galdu Nafarroa ezagutzeko izan zuen aukera. Ondotik, Kataluniara itzuli aurretik, unibertsitateko ikasketak zirela eta, Andaluzian pasatu zituen urte gutxi batzuk aski izan zituen konturatzeko berak ezagutu zuen Nafarroa ez zetorrela bat Estatuko bertze zenbait herrialdetako jendeak Foru Komunitateaz zuen informazioarekin. Izan ere, Nafarroaz gutxi jakiteaz gain, hemengo errealitatea desitxuratzen duten zenbait estereotipotan oinarritutako aurreiritziak zituztela ikusi zuen, eta, bertzeak bertze, nafarrak ez direla euskaldunak edota euskara ez dela Nafarroako hizkuntza.

Orduan gogoratu zitzaion hain hedatuak dauden ezjakin, aurreiritzi eta interpretazio interesatu haiei aurre egiteko modurik egokiena datu objektiboetan oinarritutako errealitatea ezagutzera ematea zela, eta xede hori lortzeko biderik zuzenena eta baliagarriena nafarrek diotena azalaraztea. Bide horri ekin zion eta nafarrek udal erroldetan euskararen ezagueraz ematen dituzten erantzunak aztertzea erabaki zuen. Nafarroan 1986ko erroldan egin ziren lehenbiziko aldiz euskararen ezaguerari buruzko galderak eta gauza bera egin da 1991, 1996 eta 2001ekoetan.

Azterketa horien emaitza da Gros jaunak liburu horretan eskaintzen diguna. Aipatzekoa da egileak lan hori burutzeko aplikatu duen metodologia. Alde batetik, lau errolda horiek udalez udal eta banan-banan aztertu ditu. Bertzetik, emaitzak eskualdeka, azpi-eskualdeka eta udalez udal aurkeztu ditu eta Nafarroa osokoak ere bai. Emaitza horiek koadro eta mapetan irudikatu ditu eta islatzen duten errealitate soziolinguistikoa koloreen arabera mailakatu, ahalik eta ulerterrazena izan dadin. Azkenik, euskara jakiteari dagozkion emaitzak modurik zehatzenean azaltzearren, egileak bi kategoriatan sailkatu ditu nafarrak: vascofonoak -euskara ulertzeko gai direnak- eta euskaldunak -euskaraz aritzeko ere gai direnak-.

Euskarak Nafarroan azkeneko 25 urteetan izan duen bilakaeraren erakusleihoa da liburua. Bertan ikus daiteke emandako urratsak, oro har, handiak izan direla, euskararen lege murriztailetik espero zitekeen baino anitzez hobeak. Hori egiaztatu ahal izateko aski da 1986 eta 2001 bitartean, Nafarroako gizarteak emandako erantzunari esker, izan den datuen bilakaerari erreparatzea. Erraterako, Nafarroa osoan euskaldunen kopurua 2 puntu igo da (%10'1etik %12'1era). Zenbait eskualdetan, ordea, igoera puntu horiek nabarmenki altuagoak dira, hala nola, Burundan 7'5, Bortzirietan 7'7, Baztanen 4'8, Iruñerrian 3'2, Etxauribarren 7'7, Estellerrian 2'7, Ameskoa-Allin ibarretan 8'3, Zaraitzun 5'4, Erronkaribarren 7'7, eta oraindik gehiago eskualde horietako zein bertze batzuetako herrietan, Ziordian 16'3, Altsasun 10'2, Beran 9'3, Urdazubin 18'2, Atarrabian 8'2, Barañainen 4'7, Etxaurin 9'2, Agoitzen 9'6, Irunberrin 4'6, Zangozan 3'7, Tafallan 2'8, Otsagabian 5'3, Izaban 12'9, Sartagudan 3'9, Vianan 4'6.

Biziki interesgarria da egileak 2001eko erroldako datuekin egin duen 25 urtetik beherakoen azpi-sailkapena, eta interesgarriagoa oraindik egiaztatu ahal izatea zein den leku bakoitzean 15 urtetik beherakoen artean euskara dakitenen ehuneko kopurua. Nafarroako kopuru orokorra, 1986 eta 2001 bitartean 2 puntu igo ondotik, ehuneko 12'1ekoa baldin bada, 15 urtetik beherakoena 21'3ekoa da. Begi bistakoa da igoera nabari hori D ereduko irakaskuntza publikoari eta ikastolei zor zaiela.

Euskararen biziraupenerako lehen eta oinarrizko urratsa den aldetik, orain dela hogeita bost urteko errealitatearekin konparatuz, egoera berri eta itxaropentsu baten aitzinean gaudela egiaztatzen digu lan honek. Hori ukaezina da, baina, aldi berean, argi izan behar da datu hauek euskararen jakitera mugatzen direla. Bertze kontu bat da -lan honetatik kanpo geratzen dena-, euskararen erabileraren garapena Nafarroako gizartean, euskararen benetako biziraupenerako jakitetik erabiltzera eman beharko baita urratsa, eta hizkuntzaren presentzia familia, lagunarte, karrika, kultura gune, aisialdi, administrazio zerbitzu, lantegi, komunikabide eta abarretan bermatu eta harremanetarako tresna izatera iritsi. Eskolara soilik mugatuz eta bertze eremu horietara hedatzen ez bada, bistan da euskararen iraupenak jai daukala.

Dena dela, Gros jaunak eskaini digun lana planteamendu berriak egin ahal izateko oinarri sendoa eta abiapuntu justifikatua da. Egun indarrean dagoen euskararen eremuen mapa, behinik behin, erabat zalantzan jartzen du, begi bistakoa baita orain dela 21 urte onartu zen mapak, gaur eguneko datuekin egin izan balitz, bertze banaketa bat izanen zuela, lan honen egileak aditzera eman eta proposatzen duen bezala.

Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak, argitalpen honen bitartez, denen eskura jarri nahi izan ditu Miquel Grosen eskutik jaso dituen Nafarroako euskararen berreskuratze prozesuaren emaitza zehatz eta interesgarriak. Aldi berean, espero du euskararen errekuperazioaren egungo egoera hau kontuan hartu eta abiapuntu izatea hemendik aitzina eratu beharko liratekeen hizkuntza plangintzetako hausnarketetan, eta bereziki sortu berri den Euskararen nafar institutuaren eskutik abian jarri nahi diren ekimenetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo