GARA > Idatzia > Euskal Herria

Torturan oinarritutako epaiketa egingo dute bihar eta etzi bederatzi gazteren aurka

p013_f01_148x108.jpg

GARA |

Bederatzi lagun epaituko dituzte Auzitegi Nazional espainolean, bihar eta etzi bitartean, torturetan oinarrituta dagoen auzi baten karira, atzo Askatasunak salatu zuenez. Lekeitio, Aulesti, Leioa eta Donostiko gazte hauen kontra, bakoitzarentzat, 6 urteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak, ustez ETAren «Zutabe» aldizkaria banatzeagatik. Horren aurrean, Askatasunak prentsa ohar batetan nabarmendu du auzipetuetako bi «bortizki torturatuak» izan zirela Guardia Zibilaren eskutan inkomunikatuta egon zirenean, eta horrek eman ziola polizia operazioaren abiapuntua.

«Estatu espainolak tortura sistematikoki erabiltzen du independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko», gogor salatu du antolakunde antierrepresiboak, eta gogoratu du «etengabeak» direla «poliziaetxe eta ziegetatik iristen diren testigantza izugarriak». Askatasunaren iritzirako, «argi dago inkomunikazioak funtzio hori duela, tortura ahalbidetzea», eta hauxe gaitzetsi du: «borondate politikoa dago honen guztiaren atzean, tortura erabiltzeko borondate politikoa».

Izan ere, talde horrek nabarmendu duenez, Justizia espainolak «tortura baliatu du modu honetako epaiketak egiteko», eta, horrekin batera «torturapean lorturiko deklarazioak froga bezala erabili eta onartzen dira euskal herritarrak espetxeratu eta sakabanatzeko».

Horregatik, Askatasunak bihar hasi beharreko epaiketa bertan behera uzteko eskatu du, eta heldu diren egunetan izango diren mobilizazioetan parte hartzeko galdegin du.

Alde horretatik, bihar bertan, manifestazioa egingo dute 20.00etan Lekeitioko Eskolapetik abiatuta, eta 19.30ean Aulestiko plazatik. Larunbatean, aldiz, mobilizazio eguna deitu dute eskualdean, eta goizean geldialdiak egingo dituzte ikastetxeetan. Arratsaldean, manifestazioa izango da Lekeition.

Testigantza gordinak

Guardia Zibilak atxilotu eta torturak salatu zituzten bi gazteren testigantzen berri ere eman du Askatasunak. Iker Legarra eta Mikeldi Zenigaonaindia aulestiarrak dira Kasernan jasotako tratau txarra azaldu dutenak.

Oihuak, etengabeko mehatxuak, kolpeak eta elektrodoak jartzeko saiakerak aipatu ditu Legarrak guardia zibilen eskutan igarotako infernua oroitzean. «Ezin hitzekin azaldu egoera edo momentu haietako nire sentimenduak», aipatu du gazte bizkaitarrak, eta gogoratzen du: «segundoak urteak ziren, ate hotsa entzun nahi nuen, nirekin zer egingo zuten jakin. Ez nekien atxilotu gehiago zegoen, baina Mikeldirena seguru zen. Nola ote zegoen momentu horretan? Zer egin ote zioten berari? Ziegako isiltasun egoera, ezjakintasuna, ziurtasunik ez... esan bezala, jasangaitza».

Zenigaonaindia Legarrarekin batera atxilotu zuten, kotxean zihoazela. Bere laguna bezala, bera ere biluztu zuten, eta ukabilkadak, kokotekoak, kolpeak barrabiletan, bainera, poltsa, makila eta elektrodoak jarriko zizkioten mehatxuak jasan zituen bestere artean. Torturak, epaiketa bati bide egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo