GARA > Idatzia > Futbola

Talde sendoa izen handiko izarrei aurre egiteko

Manex ALTUNA

Ziganda eta Caparrosek oso argi dute non dauden eta zein izango den bakoitzaren taldeak Lehen Mailan bizirik irauteko jarraituko duen bidea hiru jardunaldi hauetan erakutsi dutenez. Izan ere, zure taldearen ezaugarri eta akatsak ondo ezagutzea beharrezkoa da gero eta izen handiko izar gehiago batzen dituzten taldeei aurre egiteko.

Aurtengo Ligan zazpi klubek antolatu dituzten plantillei begiratzea besterik ez dago. Printzipioz gainontzekoen gainetik egon beharko lirateke nazioartean ospea duten jokalariez josita baitaude. Bartzelona, Real Madril, Sevilla eta Valentziak osatu dituzten jokalari multzoak gainerako taldeen gainetik daude futbolariak banan-banan neurtuz gero.

Dirua barra-barra mugitzen ari diren Atletico Madril, Zaragoza eta Vila-real ere ez dira atzean gelditzen.

Osasuna eta Athletici ezineskoa egiten zaie izar horiei heltzea. Nafarrek ez dute baliabide ekonomikorik eta zuri-gorriek beren filosofiari tinko eutsi eta uko egiten diete. Horregatik, talde sendoa eraikitzea izan da jarri duten helburua beren entrenatzaileek.

Asteburu honetan erakutsi dute talde lanean oinarrituz Bartzelona eta Zaragozak ezin izan dietela gainditu hainbat «oilar» izan arren. Erasoan ordea, ez dute oraindik freskotasunik aurkitu. Osasuna Pandiani eta Portillo aurrelari berrien golak itxaroten ari da defentsa blokeari eutsi ondoren eta Athleticek zelai erditik aurrera egiteko lan asko daukala ikusten da.

Hala ere, onartu behar da egindako fitxaketek puntu bat gehiago eman dietela bilbotarrei. Larunbatean jokatu gabe geratu ziren jokalariei begiratzea besterik ez dago: Tiko, Gabilondo, Ustaritz, Muñoz eta Cuellar. Iaz ezineskoa izango litzateke hori gertatzea kontuan harturik sarritan deialdiak betetzeko komeriak zeudela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo