Emakume langile bat hil da Lasarte-Orian
Langile bat hil zen atzo arratsaldean Lasarte-Orian. Langile emakume bat, hain zuzen. 34 urte zituen eta fenwick makina batek azpian hartuta hil zen. Osalanek jakitera eman zuenez, istripua Productos Quimicos y Pinturas Alkorta izena duen enpresan gertatu zen. Langilea jabearen alaba zen.
Gehienetan gizonezkoak izaten dira lan istripuen kronika latzaren protagonistak. Atzo bertan Barakaldon eta Zaldibarren izandako beste bi lan istriputan zauritu ziren langileak gizonak ziren. Edonola ere, generoak ez duela lan osasun arloan babesa berezia eskaintzen nabarmendu behar da. Emakumezkoek bere lan esparrua zabaltzen duten heinean, atzokoa bezalako istripuak arruntagoak egingo zaizkigu, tamalez. Bestalde, lan merkatu ofizialetik milaka emakumek egiten dute lan eta bere lanak sortzen dizkien kalteak ez dira estatistiketan azaltzen. Orokorrean, lan baldintzek sortzen dituzten mota askotariko arazoak era berean zigortzen dute langile oro. Emakumea izan edo gizoznezkoa izan lanpostuaren ezaugarriek, lan antolaketak, ordutegien aldaketak, mugikortasunak... eta beste hainbat faktorek izaten dute azken hitza gaixotasun arriskua sortzeko orduan. Lan osasun egitasmo benetan eraginkorrak izateko lan merkatuaren aldaketeei so egin, molde zaharrak alde batera utzi eta, bereziki, genero ikuspuntua aintzat hartu beharko litzateke.