GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal artzainak omenduko dituzte Alduden eta Gernikan

Artzain Mundua elkartearen eskutik eta hainbat erakunderen laguntzarekin, Ameriketan artzain izandakoak omendu eta beren lana aitortzeko, bi ekitaldi prestatu dituzte datorren irailaren 30erako Aldudetan eta urriaren 1erako (azoka eguna), Gernikan. Kari berarekin, Euskal Kultur Erakundeak gaualdi berezia antolatu du irailaren 29an Baigorrin.

p020_f01_199x124.jpg

Arantxa MANTEROLA |

«Ohore handia da Aldude herri ttipiarentzat festa hau ospatzea, artzainek sortutako herria baita gurea. Baigorri, Iholdi eta Garaziko eskualdeetatik ezezaguna zuten herrialdera joan ziren artzain haiek guztiak gogoratzea plazer handia da». Peio Setoain Aldudeko auzapezaren antzeko hitzak erabili zituzten, atzo Baionan, Ameriketara jo zuten artzainen omenaldia aurkeztu zutenek.

Ekimenean parte hartzen duen Euskal Kultur Erakundeko ordezkari Terexa Lekunberrik adierazi moduan, «denok dugu osaba, aitatxi edo norbait familian Ameriketara joandakoa eta biziki pozgarria da haiei omenaldi hau eskaintzea».

Artzainen iloba eta semea

Erramun Martikorenak bat egin zuen poz horrekin, baina ez soilik bera ere artzain den aldetik: «Aitatxi 17 urterekin joan zen eta Urepeleko neska batekin ezkondu ostean, nire ama Californian jaio zen. Bi urte zituela itzuli zen Baigorrira. Nire aitak ere bide bera hartu zuen 30. hamarkadan, krisi-ekonomiko gorriaren garaian» esan zuen Aldudetan egingo diren ekitaldien berri eman aitzin.

Alta, atzokoan, istorio gehien kontatzeko zuena Pierrot Erramuspe zen, gaztetan Ameriketan sei urtez artzain izandako aldudarrak. Hango bizitza gogorraren xehetasunak, 2.300 buru inguru zituzten artaldeak zaintzeko izaten zituen zailtasunak, han ezagututako beste euskaldunak, 3.000 edo 4.000 metroko mendietara joateko ematen zituzten 15 egunak eta beste hainbeste jaisteko... bazuen zer kontatua. Anekdoten artean, arbol batean Gregoire Ithurria izeneko artzain batek zizelkatutako bertsoa ere buruz gogoratzen du oraindik Erramuspek.

Antzeko lekukotasunak entzun ahal izango dira, hain zuzen ere, Baigorriko gaualdian eta baita ere, urriaren 1ean Gernikan izango den ikus-entzunezko emanaldian.

«Enbaxadore hoberenak»

Aurten egingo den omenaldia ez da, ordea, lehena. Iaz Sunbillan eta Lesakan egindako topaketen haritik doaz hilaren amaieran Aldudetan eta, hurrengo egunean Gernikan egingo direnak. Laura Iantzi, Ameriketan sortua da beren gurasoak Nevadan eta Californian izan baitziren, Lesakara itzultzea erabaki zuten arte.

Herri nafarrean zinegotzi denak oso argi du artzainek omenaldia merezi dutela: «Gure historiaren zati bat dira, askotan ahantzitakoa. Gainera, nire ustez, Euskal Herriko enbaxadore hoberenetakoak izan dira, euskaldunei leialak, langileak eta hitzeko jendea izatearen ospea eman dietenak. Urrun izanagatik ere, han denak euskaldun ziren eta beren nortasuna gordetzen jakin zuten». Beren familia eta herrietako ekonomia mantentzen eta garatzen egindako lana nabarmentzea ez zuen ahantzi lesakarrak: «Baserri askok haien ekarpenari esker biziraun zuten eta, itzultzerakoan, traktore eta berrikuntza anitz ekarri zituzten».

Azken 150 urteetan euskal herritarren migrazioan edo diasporan artzainek izandako protagonismoa agerian uzteko, bizirik daudenen datu-basea osatzen eta lekukotasunak jasotzen egiten ari diren lana azaldu zuen Miren Elgarresta Artzain Mundua elkarteko koordinatzaileak. Horrela, bildu dituzten 1.000 izenen artean, 1950 eta 1960 hamarkadetan joan ziren artzain erdiak bizkaitarrak ziren; %20 nafarrak eta beste horrenbeste Lapurdikoak, Nafarroa Beherekoak edo Zuberoakoak. «Guk ditugun datuen arabera, Araba eta Gipuzkoatik ez ziren hainbeste joan artzain moduan bederen».

Bazkariak

Topaketok antolatzen lagundu dieten erakunde, elkarte eta enpresak eskertuta, antolatzaileek bazkari-txartelak (15 euro) lehenbailehen eskuratzeko deia egin zuten. Horretarako, ondorengo telefonoetara deitzerik izango da; Aldudetako herriko etxera (0559375757), Euskal Kultur Erakundera (0559932525- Terexa), Gernikako Turismo Bulegora (946255892).

«Ohore zuri euskal artzaina»

Antolatzaileek «errekonozimendu festa» honetarako hautatu duten leloak ondo baino hobeto adierazten du topaketon xedea: Ameriketara jo zuten euskal artzainek egindako lana aitortzea eta eskertzea.

Aldudetan eta Gernikan jarriko diren oroitarrietan ere esaldi bera jasoko da. Urbistondo Mikelek eta bere seme Xanek egindakoak dira artelan biak eta bi metro inguruko garaiera dute. Lehenak, zuhaitz bat idurikatzen du eta bigarrenak, berriz, enborra. Artzaintzan egindako egonaldietan artzain askok hitzak eta esaldi laburrak zizelkatu zituzten arboletan. Sinbolo hori jaso nahi dute bai leloak, bai oroitarriek.

Horrez gain, festara gonbitatuak izan diren 1.000 artzain inguruk, diploma bat eta lepo-zapia jasoko dituzte beren etxean. A.M.

1.000 BIZIRIK

Artzain Mundua elkarteak 1.000 artzainen datu-basea osatua du, gehienak 1950-1960 hamarkadan joandakoak. Egun Ameriketan bizi direnen edo hildakoen bilduma egiteke dute oraindik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo