GARA > Idatzia > Euskal Herria

Higiezin agentziek Lapurdiko merkatua «orekatu» dela diote

Century 21, higiezinen bitartekari agentziaren arabera, 2007ko lehen seihilekoan higiezinen merkatua orekatu da Lapurdin. Agentziaren datuen arabera, metro karratuaren prezioa 3235 eurotan dago oraindik. Azken urteetako espekulazioari erantzuteko, lur gehiago urbanizatzea proposatu du agentziak, eta prezioen igoeran bere ardura ukatu du.

p021_f01_194x120.jpg

Eneritz ZABALETA |

Century 21 higiezin agentziak, Lapurdiko etxebizitzaren merkatuaren bilakaera aurkeztu zuen atzo. Agentziak Lapurdin dituen sukurtsaletako datuetan oinarrituta, Lapurdiko merkatuaren diagnostikoa egin zuen. Agentziaren arabera, «2006an aurreikusi zitekeen bezala» 2007ko lehen seihilabeteko prezioak «orekatu» dira. Agentziak herrialdean eginiko 800 eta 1000 salerosketetan ikusitakoaren arabera, %0,35 igo da metro karratuaren prezioa, 3 217eurotik, 3 235 eurora pasatu da. Apartamentuen kasuan, agentziaren arabera, metro karratuaren prezioa apaldu da, aurtengoan 3193 eurokoa baita, iaz 3294 eurokoa zelarik. Etxeetan, aldiz, metro karratuaren prezioa igo da, 3244 eurokoa baita aurten, iaz 3181 eurokoa zelarik.

Catherine Duboy-Ribeton Century 21 enpresako arduradunaren arabera, azken urteetan «bi zenbakiko hazkundea» ezagutu ondoren, higiezinen merkatua «bere onera» itzultzen ari da. Duboy-Ribetonek atzo adierazi zuenez, merkatua «familia inbertsio seguru tipikoa» bihurtzen ari da berriz, urteroko «%2 eta 3 bitarteko» igoerarekin, azken urteetan «espekulazio tresna» bilakatu zelarik. Izan ere, inongo iturri ofizialek daturik eman nahi ez badute ere, Philippe Ribeton Century 21eko langileak, azken hamarkadan Lapurdiko etxebizitzaren prezioak bikoiztu direla onartu zuen. Azken urteetan etengabe gora egin ondoren, higiezin agentziek merkatua «orekara» itzulzen ari dela uste dute.

Bigarren etxebizitza anitz

Etxebizitzaren erabilerari buruz, agentziako kideen arabera, herrialde osoan erositako etxebizitzen %69a lehen etxebizitza gisara erabiltzeko erosi zen 2007ko lehen seihilabetean. %27,5a bigarren etxebizitza gisara, eta %3,5 espekulazio helburuekin erosi ziren. Kostaldeko herrietan, baina, bigarren etxebizitzen partea askoz handiagoa da. Donibane Lohizune, Biarritz, Getaria edo Bidarte bezalako herrietan, erositako parkearen %46a bigarren etxebizitza gisara erabiltzeko erosi zen. Agentziaren iritziz, datu horrek ez du erran nahi etxebizitzen erdia neguan hutsik dagoenik: «bigarren etxebizitzak maizago saldu eta erosten dira. Jabeak maizago aldatzen dira. Horregatik salerosketa kopuruan hainbesteko garrantzia dute» erran zuen Duboy-Ribetonek. Azken horrek, agentziek merkatuaren espekulazioa bultzatzen dutela ukatu zuten. Atzerrira eskaintzak bidaltzen direla onartu bazuen ere, batik bat Ingalaterra eta Alemaniara, atzerriko erosleak «oso gutxi» zirela adierazi zuen Duboy-Ribetonek.

Erran behar da hala ere, INSEE Frantziako estatistika erakundearen arabera, 1999an Biarritzeko parkearen %36a bigarren etxebizitzek osatzen zutela. eta Donibane Lohitzunen %46. Datu horiek, Duboy-Ribetonek azken urteetako «espekulazioa» deiturikoa gertatu baino lehenagokoak dira.

Lur gehiago eskatzen

Century 21 agentziako kideek, azken urteetako prezioen igoeran haien ardura ukatu zuten. Philippe Ribetonen iritziz, agentziek «merkatuaren prezioa finkatzen dute». Agentzien interesa, «prezioak jaistea» omen da Ribetonek adierazi zuenez, horrela «salerosketa gehiago» izanen bailirateke, eta agentziek salerosketa bakoitzean portzentai bat jasotzen dutenez «errenta gehiago» jasoko bailukete. Zentzu horretan, epe berdin batean bigarren etxebizitza batek lehen etxebizitza batek baino salerosketa gehiago ezagutzen dituela onartu bazuen ere, Ribetonek ez zuen adierazi mota horretako etxebizitzak saltzea beraien «interesetan» zegoenik.

Bestalde, azken hilabeteetan Lapurdiko hainbat higiezin agentzia eta etxebizitzaren aurkako erasoak gogor kondenatu zituzten Century 21eko aruradunek: «Aski da. Atentatu horiek ez dute ezertarako balio. Prezioa ez dute apalarazten eta Euskal Herriaren itxura txarra ematen dute » adierazi zuen, erraterako Duboy-Ribetonek. Azken honen iritziz, etxebizitza arazoa konpontzeko,botere publikoek lur berria eraikitzea ahalbidetu beharko lukete. Duboy-Ribetonek botere publikoei «eraikitzeko lur gehiago» birkalifikatzea eskatu zien. Gisa horretan jokatuz gero, Duboy-Ribetonek gaineratu zuenez, «prezioak apaltzeaz» gain, etxebizitza eskaera handiari «beharrezko erantzuna» emanen litzaioke. Horretarako, «beharrezko inbertsioak» burutzeko beharra azpimarratu zuen Duboy-Ribetonek, batez ere «azpiegituren arloan». Bigarren etxebizitza kopuruaren mugatzeari buruz ez zuen ezer erran.

PREZIOAK BIKOIZTU

Aurtengo lehen seihilabetean prezioak orekatu dira. Azken hamarkadako igoerari buruz datu zehatzik ez dago, baina higiezin agentziek berek diotenez, etxebizitzaren prezioa bikoiztu da azken urteetan Lapurdin.

«Etxebizitza agentziak espekulatzaileak dira»

Century 21 agentziaren 2007ko seihilabetearen diagnostikoa zela-eta Baiona-Angelu-Miarritzeko Etxebizitza-Kolektiboak prostesta burutu zuen, Baionako komertzio ganbaran. Lehen agerraldi publikoa zuen atzokoa. Kolektiboko kideek, etxebizitza agentziek, azkeen urteetako merkatuaren espekulazioaren «partaide» direla salatu zuten. Kolektiboaren arabera, Baionako eskualdean 317 agentzia daude «okindegiak baino gehiago», eta beraien lan metodoek «espekulazioa bultzatzen» dute.

Kolektiboko kideek, azken urteetan prezioak «bikoiztu» direla gogoratu zuten. Ondorioz, «langile xumeak» hirietatik geroz eta urrunago eta baldintza txarragoetako etxebizitzetara joan behar zutela salatu zuten.

Egoeraren atzinean, etxebizitza parkearen %20a soziala izatea inposatzen duen legea errespetaraztea, eta bigarren etxebizitzei zergak handitzea eskatu zuten kolektiboko kideek.

Arazoari irtenbidea atzemateko «etxebizitzea eskubidea» «merkatuaren legetik kanpo» erregulatu behar dela adierazi zuten. E. Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo