Herritarrentzat immigrazioa ez da arazoa, Ikuspegik eginiko azterketaren arabera
Arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrek ez dute immigrazioa arazotzat jotzen, ezta euskal nortasunaren eta euskararen aurkako arriskutzat ere, eta, gainera, kultura aniztasuna babesten dute. Hala ere, asimilazio ereduan oinarritutako integrazioa planteatzen dute, hau da, egokitu behar dutenak kanpotarrak direla diote. Zenbait zerbitzu eta eskubide ematearen alde daude, bereziki osasunari eta hezkuntzari dagozkienak. Ikuspegiren barometroaren ondorioak dira.
Maider IANTZI |
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek etorkinak nola ikusten dituzten azaltzen duen barometroa aurkeztu du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak. Txostenaren ondorioak aztertu aitzinetik, Lakuako Immigrazio Saileko zuzendariak, Jose Roberto Marrok, errealitatera egokitutako politikak gauzatzeko orduan tresna horrek duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen atzoko prentsa agerraldian. Zentzu horretan, Gasteizko Gobernua zein Euskal Herriko Unibertsitatea ekintzak diseinatu baino lehenago egoera ezagutzen eta ikertzen ari direla adierazi zuen.
Hiru probintzia hauek immigrazioaren hasierako etapan daudela jakinarazi zuen. Izan ere, 100.000 etorkin inguru bizi baita bertan, «Estatu espainoleko beste autonomia erkidegoetan eta Europako gure inguruko herrialdeetan» baino gutxiago. Horregatik, une egokia iruditzen zaio jatorri, erlijio eta kultura ezberdinetako lagunen elkarbizitzarekin lotutako arazoak aurrez ikusteko eta kulturartekotasuna, trukea eta errespetua sustatzeko.
Xabier Aierdi eta Jose Antonio Oleaga EHUko irakasleak ere aritu ziren azalpenak ematen, Ikuspegiko zuzendaria lehenbizikoa eta ikerketako zuzendaria bigarrena. Barometroko datuak ekainean eta uztailean jaso zituztela jakinarazi zuten, 1.200 inkesta eginda -probintzia bakoitzean 400-, eta lau multzotan banatu zituzten: arazoaren hautematea, kultur aniztasunaren kudeaketa, zerbitzuak eta eskubideak, eta, azkenik, euskaran eta euskal nortasunean duen eragina.
«Zure ustez, gaur egun, zein dira Euskadin ditugun hiru arazo nagusiak?», galdegin zieten. %15ek bakarrik aipatu zuten immigrazioa, eta alde handia dago gehien aipatu zituzten arazoekin alderatuz gero: etxebizitza (%51), langabezia (%46,8) eta ETA (%45,8). Gainera, bilduma bat erakutsi eta horietatik hiru aukeratzeko eskatu zietenean, herritar gutiagok hautatu zuten immigrazioa, eta oraindik gutiago izan ziren eurentzat immigrazioa arazo pertsonala dela adierazi zutenak.
Aniztasunaren alde
«Ona da euskal gizartea hainbat kulturak, etniak eta erlijiok osatuta egotea», «Immigranteen erlijio jarduerek arriskuan jartzen dute gure bizimodua», «Erabat integratuta egoteko, atzerritarrek beren kulturari eta ohiturei uko egin behar diete» eta antzeko adierazpenak irakurri eta ideia horiekin ados edo kontra dauden galdetu zieten inkestagileek herritarrei. Biztanleria kultur aniztasunaren aldekoa dela ondorioztatu zuten erantzunetatik, baita beste erlijio eta kulturetako jendea errespetatzen duela ere. Hala eta guztiz ere, ez daude beren ohiturak eta bizitza ulertzeko modua aldatzeko prest; hori etorkinen lana dela pentsatzen dute.
Azkenik, ez dute uste etorkinak euskal nortasunarentzat eta euskararentzat mehatxu direnik, ezta abertzaleen asmoak geldiaraziko dituztenik ere.
Joan den uztailean onartu zuten bigarren Immigrazio Plan Euskalduna, sentsibilizazioari arreta berezia paratzen diona. Pertsona guztien errespetuaren eta eskubideen aldeko apustua egiten du.
Barometroaren aurkezpenean ohartarazi zutenez, herritar anitzentzat laneko arazoen konponbidea dakarte etorkinek, postu jakin batzuetan aritzen direlako, jendea zaintzen, adibidez.
Ikuspegiren barometroaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek etorkin guztiei aitortzen diete osasun-zerbitzuak eta hezkuntza jasotzeko eskubidea, baina bertze zerbitzu eta eskubideak -bozkatzekoa, errate baterako- «araupetutakoei» soilik emanen lizkiekete. Lakuako Immigrazio Saileko zuzendari Jose Roberto Marroren aburuz, erregularizazio hau funtsezko elementua da, «herritarrei ziurtasuna ematen dielako». Hortik heldu da bere ustez baldintza malguagoen beharra, erregularizazioa benetakoa eta eragingarria izan dadin. Zentzu horretan, beharrezkotzat jotzen du Marrok «Atzerritarren Legea indargabetzea» eta «autonomia erkidegoei protagonismo handiagoa ematea, hurbiletik hobeki kudeatzen ahal delako berez zaila den fenomeno hau».
Immigrazio Saileko zuzendariak «klase politiko jakin bati» ardura eskatzeko aprobetxatu zuen barometroaren aurkezpen ekitaldia. Etorkinak ailegatzen direnean alarma mezurik ez igortzeko galdegin zion, eta baita «kostaldera paterak iristen direneko une dramatikoei erreferentzia egiterakoan tsunami eta antzeko hitzak baztertzeko ere».