GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Etorkizuneko Tourra

Intxaustik maila erakutsi du eta Mundialean arituko da

Ezin hobeto bukatu du lehendabiziko denboraldia 21 urteko zornotzarrak eta hurrengo hiru urteetan Saunier Duvalen arituko da

p044_f01.jpg

Unai IRARAGORRI | BILBO

Aurreneko urtea du profesionaletan eta ezin hobeto bukatuko du denboraldia Beñat Intxausti gazteak. 21 urte ditu eta Etorkizuneko Tourrean 5. sailkatu da. Stuttgarteko Mundialean arituko da 23 urtez azpikoen mailan. Horregatik «pozik» azaldu zaigu eta Estatu frantsetik etorrita ilusioa berretsi du hurrengo urteari begira; izan ere, Saunier Duval Pro Tourreko taldean lehiatuko da, lau urteko hitzarmena sinatu baitzuen iaz. Lehendabizikoa Nicolas Mateos multzoan bete du eta laburpen baikorra egin du.

Igandean amaitu zen Etorkizuneko Tourrean 23 urtez azpiko txirrindulari onenak lehiatu dira selekzioetan banatuta, eta Intxausti protagonista izan da. «Lasterketa oso garrantzitsua da eta ni aurrean ikusteak asko pozten nau», laburbildu du.

Zazpigarren etapatik amaiera arte aldapak heldu ziren eta orduan dohainak erakutsi zituen bizkaitarrak eta saio nagusian hirugarren sailkatu zen, Cataldo italiarraren eta Mollema liderraren atzetik bakarrik. «Italiarrak ez zuen aukerarik sailkapen nagusian eta ihes egiten utzi genion», aitortu du.

Egia esan, goi mailako proba izan da. «Nire aurretik egon diren txirrindulariak onenatarikoak dira 23 urtez azpikoen mailan», gogoratu du. «Mollema Rabobank taldean lehiatu da aurten eta argi geratu zen bera indartsuena zela; Cattaldo Liquigasen aritu da, eta Martin alemaniarrak jauzia emango du T-Mobilera», gehitu du.

«Momentu onak eta txarrak»

Orokorrean, gustura aritu da aurreneko urtean Nicolas Mateao Kontinental taldean. «Pixka bat denetarik izan dut, momentu txarrak eta onak», nabarmendu du. «Lehendabiziko urtea beti da oso zaila, baina nahiko ondo defendatu naiz. Dena da handiagoa, abiadura, kilometroak...»

Amateurretan, igotzaile petoa zela erakutsi zuen Intxaustik iaz, hanka egiten zuen erraz. Profesionaletan, ordea, «desberdina da». «Amateurretan, bakarrik alde egiten nuen, aurten, berriz, aldapetara hobeto heldu behar naizela konturatu naiz, ordekan indar nahiko galtzen dut eta mendian ezin dut dena eman».

Urteko momentu onena Etorkizuneko Tourra izan da -«itxaropen eta gogoak nituen ondo egiteko eta ondo prestatuta joan naizela ageri da», esan du- eta herriko lasterketak, batez ere, Udaberriko Klasikoa.

Udan atsedena hartu zuen amaierari eusteko. «Banekien Etorkizuneko Tourrera joango nintzela eta atsedena eman nahi nion gorputzari, eta horregatik uda aldean maila jaitsi egin nuen indarrak pilatzeko denboraldi amaierari begira».

Ez zen gaixorik egon beraz, birusen bat izan zuen arren; izan ere, azkenaginetan mina izan zuen eta antibiotikoek ahuldu zuten. «Ez zen beste munduko gauzarik izan», ebatzi du.

Hurrengo urtean Intxaustik lekua du Saunier Duvalen, 2010 urtera arte. «Beste jauzi bat da eta aurrerapausoak eman behar ditut. Talde handia da eta errespetua dut. Dena den, bigarren urtea izango da eta oraindik 21 besterik ez daukat eta lasai hartzeko aukera dut apurka-apurka lehiatzeko», amaitu du.

«Ilusioa dut, zerbait egin ahal dudala erakutsi dut»

Etorkizuneko Tourrean emandako goi mailaren saria jaso du eta Mundialen arituko da bigarren urtez, nahiz eta Estatu espainolean hiru txirrindulari besterik ez diren lehiatuko, Intxausti bera, Diego Milan eta Jose Herrada. «Hautatzaileek ikusi dute zerbait egiteko gai naizela eta ilusio handia dut. Hiru besterik ez gara, selekzioak puntu gutxi atera baitu Nazioen Kopan».

Horregatik, «zailtasunak» gehiago izango dira, «baina oso sasoiko helduko gara hirurok. Dena den, ahalegina egingo dugu, ezbairik gabe». Ibilbidea nahiko «gogorra» dela aurreratu digu eta igotzaile dohainak azaltzea espero du Zornotzakoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo