GARA > Idatzia > Saskibaloia

HARMAILATIK

Normala, normalegia agian

Jon ORMAZABAL

Kosta egiten zait Luis Scola NBAn imaginatzea. Eta ez orain arte Baskoniaren kapitaina izan denak bertan jokatzeko gaitasunik ez duela iruditzen zaidalako. Kirol ikuspegitik, bere garapena aztertuta normala baita Luis onenen artean ikustea. Baina justu berezkoa duen normaltasun horrek egiten du arraro emango duen jauzia.

Ameriketako Estatu Batuetako Liga Profesionalak ezer badu, jokalarien kalitateaz gain, bertako izarren kapritxo, arropa distiratsu eta gutizia inozoak dira eta hortxe ez dut ikusten Buenos Aireskoa. Europako pibotik erabakiorrena izanagatik, beste gasteiztar bat izan da Scola gure artean egon den urteetan eta horixe erakutsi zuen bere agurrean.

Saskiratze izugarriak, sari pertsonalak, txapelketak eta dezepzio handiak izan ditugu baskoniazaleok azken urteetan baina horiek denak saskibaloian adituagoak direnentzat utzita, detaile txikiekin geratuko naiz; eguneroko lanean jarritako kemena, atzoko ekitaldian agur egitera hurbildu zen guztiekin -klubeko langile, kazetari edo zale- edukitako jarrera edota Kopako azken titulua ospatzeko antolatu zen ekitaldian euskaraz hiztegiten saiatu izana -speakerra ere ez zen «txapeldunak» esateko gai izan zen-.

Tituloren batek alde egin digunaren sentsazioa nik ere barnean daramat baina, ez nago ados kapitainaren agurrak taldeari on egingo diola esaten dutenekin, Baskoniaren azken urteetako garapena ez baitago ulertzerik Scola gabe.

Bere aurretik, Bartzelona edo Madrilen aurka ligako partida arrunt bat irabazita festa egitea normala zen eta berarekin finalak jokatzea zen normala. Orain zer datorkigun ez dakigu baina ametsak bete nahi izatea normala da. ¡Que te vaya bonito!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo