Alvaro Reizabal Abogado Arantza Urkaregi eta Andoni Arriola EAE/ANVko Bizkaiko Batzarkide-Taldearen izenean
Kotxerik gabeko eguna, hipokrisiaren eguna
Mugikortasun jasangarriaren aldeko politika ez da egun bateko adierazpen- politika hutsa, bestelako neurriak hartu behar dira
Gaur Kotxerik gabeko Eguna ospatuko da Europa mailan. Bizkaian, bai Diputazioak bai zenbait udalerrik ekimena babestuko dute eta aste honetan, mugikortasunaren aldeko astea dela-eta, Administrazio ezberdinen bonbardaketa hasi da, kotxea gehiegi erabiltzen dugula esanez
Astelehenean bertan, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburu Nuria Lopez de Gereñuk, «mugikortasunaren inguruko hausnarketa» egiteko deia egin zigun herritarroi. Nork eta Nuria Lopez de Gereñuk eskatzen digu «mentalitate-aldaketa» gure mugitzeko ohiturak jasangarriak ez omen direlako! Non geratzen da jasangarritasuna Abiadura Handiko Trenak gure natur ingurua zapuzten duenean eta herritarron borondatearen gainetik proiektu txikitzaile hori inposatzen digutenean? Geuk eskatzen diogu Nuria Lopez de Gereñuri hausnaketa egin dezala Abiadura Handiko Trenaren inguruan.
Egun berean, Ester Larrañaga Ingurugiroko Sailburuak garraio eta azpiegituren politikaren aldaketa zorrotzak eskatu zituen. Nori? Aldaketa horiek Eusko Jaurlaritzako garraio-politikak diseinatzen dituzten bere kideei eskatu behar dizkie; gero eta errepide gehiago egiten ari diren Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunei... Beraiek dira mugikortasun-politika jasanezinak bultzatzen dituztenak.
Egun hauetan garraio publikoa erabili behar dugula azalduko dute, kotxeek sortzen dutela kutsaduraren zatirik handiena, eta abar. Baina kotxerik gabeko eguna pasatzen denean, urteko beste 364 egunetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren politikak norberaren kotxea gero eta gehiago erabiltzera bultzatzen gaitu. Milioika euro erabiltzen dituzte gero eta errepide gehiago egiteko: sailhesbideak, korridoreak... Super Sur delakoan amaitzeko. Bitartean, garraio publikoa ez da nahikoa herri ezberdinen arteko loturak egiteko, askotan maiztasun gutxikoa da, garestia da... Horrelako baldintzetan, jende gehienak ez du garraio publikoa erabiltzen eta bere kotxea erabiltzen du, noski!
Kotxerik gabeko egunaren inguruan, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta zenbait udalek zabaltzen dituzten mezuak beren hipokresiaren adierazle argiak dira. Egun batean, bizikletaz agertu, kotxea erabiltzeko kaleak mugatu... baina beste egun guztietan gero eta autopista gehiago jarri, gero eta kotxe gehiagoz betetzeko, gero eta mugikortasun jasanezinagoa egiteko.
Mugikortasun jasangarriaren aldeko politika ez da egun bateko adierazpen-politika hutsa, bestelako neurriak hartu behar dira. Bizkaiko Foru Aldundiak, benetan mugikortasun-politika jasangarria bultzatu nahi badu, goitik behera aldatu behar du bide-azpiegituren politika. Autopista gehiago ez egin, Super Sur delakoa gelditu, eta horretan inbertituko lukeen diru mordoa, garraio publiko duina, arina, nahikoa eta merkea bultzatzeko erabili.
Garraio publikoa bultzatzeko, baliabide gehiago jarri beharko dira, nahikoa eta arina izan dadin, baina horretaz gain, merkatu behar da. Zenbait eragilek jadanik administrazio publikoei egina diete txartel bakarreko proposamena. Hau da, Bilbo barruan, edozein ibilbide eginez, edozein garraiobide erabiliz, nahiz eta bat baino gehiago izan, prezio bakarra ordaintzea. Gaur egun, leku batetik bestera joateko metroa eta autobusa hartu behar badituzu, gutxienez 1.5 txartel ordaintzen dituzu, eta gure proposamena da txartel bat besterik ez ordaintzea. Antzeko proposamena egin beharko da, Bilbora begira ez ezik, Bizkaiko eskualde guztietara zabaltzeko.
Ez badugu nahi gure herri eta hiriak kotxez beteta egotea, aparkaleku gomendatuak egin beharko ditugu, dohainik eta garraio publikoa eskuratzeko hurbil, bestelako prestazioekin... jendeak kotxea bertan utz dezan eta hiri edo herri barruan kotxez ez ibiltzeko.
Horrelako neurriak dira EAE/ANVko Bizkaiko batzarkideak ikuspegi ezkertiar eta abertzaletik bultzatuko ditugunak, hain zuzen gure herrialdean, bestelako mugikortasun-mota, ez kotxeetan, baizik eta garraio publikoan oinarrituriko mugikortasun-politikak aurrera eramateko.
Eta hemendik dei egin nahi diegu Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunei, Nuria Lopez de Gereñuk eskatzen zigun bezala, mugikortasunaren inguruko hausnarketa egin dezatela eta behar ez ditugun Super Sur bezalako azpiegitura erraldoi eta suntsitzaileak bertan behera utz ditzaten.
Horrela egiten badute, egun hauetan zabaltzen dituzten mezuak zintzoak direla sinetsiko dugu; bestela hipokresia besterik ez dutela adierazten jarraituko dugu pentsatzen.