EH07 Nazio Eztabaidak «nazio estrategia» indartuko du datozen hilabeteetan
2003an sortu zenetik Nazio Eztabaidagunea euskal herritarren parte- hartzearekin eta ekarpen aktiboekin «Euskal Herriaren aldeko nazio estrategiaren» alde aritu da, eta datozen hilabeteetan hori indartuko du.
GARA |
EH07 Nazio Eztabaida aurkeztu zuten atzo Donostian, aurtengo ikasturteari begira abian jarriko diren ekimenen berri emateko. 2003ko urrian eztabaidagunea sortu zenetik «Euskal Herriak nazio gisa bizirauteko eta garatzeko ezinbestekoak diren baldintzak aztertu eta haiek garatzeko bideak finkatzea» izan da bere xedea. Aurtengo eztabaida aurrera eramateko oinarriak uztaileko hainbat egunetan gertatu ziren eztabaidetatik sortutako dokumentuak izanen dira. EH07 Nazio Eztabaida, orain artekoa bezala «Euskal Herri osoko herritarren arteko eztabaida» izanen da, eta horretarako bitartekoak eskainiko dituzte.
Atzoko aurkezpenean Mikel Irastorzak eta Maite Aristegik azaldu zutenez, «Euskal Herriak pairatzen duen egiturazko zapalkuntzak eta gatazka politi-koak gure herriaren biziraupena zalantzan jartzen du» eta, beraz, «guztion partaidetza eta ekarpen aktiboa ziurtatzea» garrantzitsutzat jo zuten. Aurtengo egitasmoa abian jartzeko, azken lau urteetako egoeran nabarmentzen diren faktoreak aztertu eta datorren aldirako «nazio estrategia adostu nahi dugu», adierazi zuten Irastorza eta Aristegik. Aipaturiko faktore horien artean, egokitzat jo zuten «konponbide demokratikoaren aldeko gehiengo sozial oso zabala egotea», baina bertzalde, «horretarako beste agertoki bat lortzeko elkarrizketa eta negoziazio prozesua apurtuta daudela» gogorarazi zuten. Horrez gainera, «Estatu espainolaren aldetik euskal herritarroi hitza eta erabakia emateko borondate eza» salatu zuten, bai eta «Estatu frantsesaren aldetik gatazka politiko baten existentziaren ukazioa dagoela» ere. Nabarmendu zituzten bertze faktoreak «indarkeria agerbide guztiak aktiboan daudela» eta «abertzaletasunaren baitan hainbat ezta- baida abian daudela» izan ziren. Horiek guztiak eta bertze hainbat alor kontuan harturik, eta orain arte «lau urteren buruan egindako ibilbidean ikasitakoari jarraiki», hurrengo urratsa «adostu eta marraztu» nahi dutela azaldu zuten nazio eztabaidaguneko bozeramaileek.
«Zain egon gabe»
Eztabaidagunearen koordinatzaileek ezinbestekotzat jo zuten estatu espainol eta frantsesek Euskal Herria aitortzeko zain egon gabe, «agertoki berri baterantz urratsak egiteko nazio estrategia eztabaidatu eta adostea». Beste agertoki horrek «Euskal Herriak nazio gisa aurrera egin ahal izatea, bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzea eta eskubide guztiak bermatuta izatea» ahalbidetuko luke, euren hitzetan.
Irailaren 25ean hasi eta bi hilabetez egingo dituzten bilkurekin eta harremanekin «Euskal Herriaren aldeko nazio estrategia indartzea eta trinkotzea» espero dute. Eta azaroaren 24an osoko bilkura eginen dute Barañainen.
«Guztion arteko eztabaidatik lortutako adostasunaren eta zehaztutako estrategiaren bitartez nazio gisa aurrera egiteko urratsak eta gure jarduera printzipio horien baitan ematea» espero dute.