San Miguel Liga
Ibilbide ezberdinak, helburu bera
Arkote eta Getaria dira igoera kanporaketan parte hartuko duten bi euskal taldeak. Mecos eta Tiran atzean uztea da haien nahia.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Asteburu berezia izango da aurretik daukaguna Arkoterentzat eta Getariarentzat, San Miguel Ligara igotzeko kanporaketan parte hartuko duten bi euskal traineruentzat. Mecos eta Tiran galiziarrekin batera, gaur Bilbon eta bihar Portugaleten erakutsi beharko dute gorengo mailan arraun egitea merezi duten edo ez. Bi probak erlojuaren aurkakoak izango dira eta sailkapena puntu bidez egingo da.
Bizkaitarrek, uda ososan burua altxa ezinik ibili ondoren, denboraldia bi egunetan jokatuko dute: mailari eusten badiote gaitzerdi, astelehenetik aurrera egindako akatsak zuzendu eta hurrengo urteko denboraldia prestatzen hasteko aukera izango baitute; maila galduz gero, ordea, sekulako porrota, gorengo mailan bi urte bikaineko zikloa amaitu egingo bailitzaieke.
Getariarrentzat oso bestelako esanahia dute estropadek. Sekulako denboraldia egin dute gipuzkoarrek eta helburuak soberan bete dituzte: KAE Ligako txapeldun zortzi bandera irabazita eta igoera kanporaketan sartu Pasai Donibane eta Meira atzean utzita. Elkarteko kideek hainbat alditan aipatu duten moduan, hemendik aurrera iristen den guztia sari bat litzateke.
Hala ere, ez dute lan erraza izango euskaldunek. Kontuan izan behar da Tiranek sekulako maila erakutsi duela bai Espainiako Txapelketan eta bai Kontxako Banderan ere, eta maila horri eutsiz gero, Moañakoak faborito nagusitzat jo behar dira. Mecosek ere estropada politak egin ditu azkenaldian eta Arkoteri behintzat ia proba guztietan hartu dio aurrea.
Daukagun erreferentzia zehatz bakarrak, Kontxako sailkapen estropadak, datu hauxe ematen digu: Tiran izan zen onena, Getariari 33 segundu sartu zizkion eta Arkoteri zein Mecosi 44. Aurreko asteburuan, ordea, argi ikusi zen ontzien arteko tarteak ez direla horrenbestekoak eta Tiranek bi egunetan sei segundoko aldea bakarrik pilatu zuen Getariarekiko.
Ibaia hizpide
San Miguel Ligako igoera kanporaketaren ezaugarri edo berezitasun nagusia bi erlojupekoak ibaian jokatuko direla da, Ibaizabaleko itsasadarrean. Alde horretatik, parte-hartzaile guztiak bat datoz estropadaren gogortasuna nabarmentzerako garaian. «Bi egunetan ibaian egin beharko dugu arraun eta oso proba gogorrak izango dira. Gu itsaso zabalean baino hobeto moldatzen gara ur lasaietan eta, beraz, guretzat ez da txarra ibaian arraun egitea. Hala ere, Arkote edo Tiran bezalako talde indartsuek ere beraien wattioak aprobetxatu nahiko dituzte estropada ibaian egingo dela jakinda», uste du Patxi Frances Getariako entrenatzaileak.
Hori dela-eta, egunak daramatza Arkotek ibaiko uretan entrenatzen. Arkoteko Jose Carlos Gonzalezen ustez, «itsasadarrean entrenatzen gabiltza, kanporaketa jokatuko den lekuetan. Estropada zailak izango dira eta ez dut uste diferentzia handiak egongo direnik ontzien artean. Erlojuaren aurka jokatzen diren kanporaketa mota horietan aldeak oso estuak izaten dira. Entrenamenduetan lortzen dugun arraunketa erakusten badugu, mailari eusteko aukera asko ditugula uste dut».
Arraunlarien jarrera psikologikoak ere zerikusia izan dezake. «Popi» Gonzalezek arraunlari batzuk aurten «gaizki pasatu» dutela onartzen du, «asko ahalegindu arren, fruiturik ez dutela jasotzen» ikusi dutelako. Getariako arraunlari gazteak, aldiz, moralez beteta iritsi dira denboraldiko azken asteburu honetara. «Ilusioa alde daukagu. Aurreneko jardunaldian bizirik irteten bagara, bigarren egunean ezustekoa eman dezakegu», aurreratu du Francesek.
Arkote burua altxatu ezinik ibili da uda osoan. Bizpahiru lesio garrantzitsu izan dituzte eta traineruak ez du espero zuten maila eman. Denboraldi osoko lana gaur eta bihar karta bakarrera jokatzen dutela esan daiteke.
Getaria jaun eta jabe izan da KAE Ligan. Zortzi bandera irabazita titulua eskuratu dute eta igoera kanporaketa jokatzeko sailkatu dira. Helburuak beteta, asteburu honetan denboraldia bukatzeko sari potoloaren bila doaz.
Urdaibaik gaur irabazi dezake matematikoki 2007. urteko San Miguel Liga. Bermeotarrek Orioren aurretik amaitzen badute gaurko estropada edota postu bat edo bi atzetik sartu, titulua bizkaitarrentzat izango da ziur nahiz eta oraindik azkenengo proba puntuagarria falta. Urdaibaik 177 puntu ditu sailkapen nagusian eta Oriok 13 gutxiago; 164. Bilboko I. Ikurrina 16.30ean hasiko da (ETB-1) eta erlojuaren aurka bakarka jokatuko dute. Ontziek irteera Bilboko Udaletxe paretik hartuko dute eta lehenengo txandan igoera kanporaketako lau ontziak irtengo dira.Asier AIESTARAN