GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak

Angelun jokatu beharreko torneoa atzeratu egin dute

Datorren asteburuan jokatu behar zuten frontoiko eta trinketeko pilotariek, baina Irujo eta Xala lesionatu direla-eta, atzeratu egin dute antolatzaileek

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urriko lehenengo asteburuan jokatu behar zuten Angelun trinketeko eta frontoiko pilotariekin osatutako torneoa, baina atzeratu egin dute, eta datorren astean erabakiko dute noiz izango den.

Lehiaketa honetan, EPB eta Aspe enpresetako pilotariek jokatu behar zuten, eta atzeratze honen arrazoia EPB enpresako arduradun Jean Michel Idiartek eman zion GARAri: «Xalak eta Irujok parte hartu behar zuten, baina biek min hartu dute, eta ez daude jokatzeko moduan. Orduan txapelketa atzeratzea erabaki dugu, eta astean zehar erabakiko dugu noiz jokatuko den. Laister Aspekoei Lau eta Erdikoa hasiko zaie, eta horren arabera egingo dugu», adierazi zuen.

Bikoak nola izango ziren ere erabakita zeuden, eta honako lau hauek zeuden iragarrita: Gonzalez-Ezkurra II.a, Xala-Etxeto, Larretxea-Waltari eta Sorhuet-Irujo. Orain, aldaketak bikoetan ere izan daitezke, dena dela, Idiarte arduradunak esan zuenaren arabera: «Orain, bikoetan ere izan daitezke aldaketak. Onena, gauzak dauden bezala jokatzea zen, baina lesioak izan dira, eta zaila izango da haiek torneo honetarako osatzea, eta agian bikoetan ere aldaketak izango dira».

Apek eta EPB enpresek egindako batzarraren arabera, heldu den urterako ere hartu zituzten erabakiak: «Aurten trinketean bakarrik egingo dugu torneoa, baina gure asmoa, datorren urtean bi egitea izango da, bat trinketean, eta bestea joko berrin», esan zuen Idiartek.

Mexikora

EPB enpresako pilotariek, aurten torneo berezi bat ere izango dute, lehen aldiz jokatuko baitute Mexikon hango pilotaririk onenen aurka, hain zuzen. Enpresa lapurtarrak badauka akordio bat hitzartuta Mexikoko Federazioarekin, eta horri esker jokatuko da tornea.

«Bost pilotari joango dira Euskal Herritik, baina zeintzuk izango diren ez daukagu erabakita. Oraindik aztertzen ari gara», esan zuen Idiartek

Aldi berean, mexikarrak ere bost pilotari izango dira, eta jadanik eman dira ezagutzera izen batzuk. Loquillo, Serralde eta Santamaria badirudi seguru izango direla. Medinak ere aukera asko omen ditu. Pilotari hau ere ezaguna da, Euskal Herrian ibili baita ia orain arte, frontoian jokatzen, Asegarcen, eta Ordago enpresetan, baina berriro ere bere herrialdera itzuli da, eta trinketean ari omen da jokatzen. Mailan onean jokatzen ari omen da, eta hark ere aukera asko izango ditu.

Bestalde, Superprestigioa hasi aurretik izango diren torneoak ere eman dira ezagutzera. Baigorrin, Bordelen, eta Donapaleun izango dira lehiaketak, abenduan Superprestigioa hasi aitzinetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo