Behatokiak agerian utzi dio NBEri Parisek euskararekiko duen axolagabekeria
UNESCOk Parisen duen egoitzan izan dira Behatokiko ordezkariak Gay McDougall Nazio Batuetako gutxiengoen aferetako adituarekin. Estatu frantsesak euskararekiko duen jarrera axolagabea azaldu diote.
GARA |
Datorren udaberrirako txostena prestatzeko helburuarekin, Gay McDougal, Nazio Batuetako Erakundeko gutxiengoen aferetaz arduratzen dena, Parisen da egunotan Estatu frantsesak gutxiengoei buruz duen portaeraz landa-azterketa egiteko.
Kari horietara Behatokiko ordezkariek bilera egin dute NBEko adituarekin Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan euskararen egoeraren larritasuna zuzenean helarazteko.
Iaz argitara eman zuen txostenean ja elementu kezkagarriak agerian utzi zituen adituak. Horrela, gutxiengoen eskubideak ez direla diskriminazioaren aurkako neurriak hartzera soilik mugatzen zioen txostenean, norberaren identitatea sustatu eta iraunarazteko aferei ere erantzun behar zaiela argi utzita.
Baieztapen horiek helduleku hartuta, Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak gogorarazi dio McDougall andereari Estatu frantsesak ez duela onartzen bere lurraldean gutxiengorik dagoenik ere eta horren aitzakian, ez duela Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 27. artikuluak dioena betetzen.
Bestelako neurriak
Bilbaok adierazi dio, «onartezina» dela Estatu frantseseko gobernuak nazioarteko zenbait batzordek -NBEkoek kasu-, egin- dako gomendioei era horretan muzin egitea eta eskaera hutsetik harago joan behar dela. «Ezin gaitezke behin eta berriro nazioarteko gutxienekoak kontuan har ditzala eskatzen; honez gero, bestelako neurriak hartu beharko lirateke Frantziako Estatuak daraman politikaren aurrean», gaineratu du Bilbaok.
NBEko ordezkariak arretaz entzun ditu Behatokiaren salaketak. Beste hizkuntza batzuetako ordezkariekin ere bilerak egiten ari da aditua, hala nola, bretoinekin, okzitandarrekin, altsaziarrekin eta katalanekin.
Behatokiak euskarak Ipar Euskal Herrian pairatzen duen egoeraren berri eman dio NBEko adituari. Bere lanerako gobernuz kanpoko erakundeen informazioak eta iritzia «arras garrantzitsuak» direla nabarmendu du.