GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea | Errekor saiakera

Sardonek 89 kiloko bola lehen aldiz berdindu nahi du bizkarrean

Orain arte emakume batek inoiz altxatu ez duen harria jaso nahi du urnietarrak etzi arratsaldean bere herrian

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Marijose Sardonek marka saiakera egingo du bere herrian, Urnietan, etzi arratsaldean, 12.00etatik aitzinera herriko plazan izango den herri kirol saioan.

Marijose Sardonek 89 kiloko bola erabiliko du, eta bost minutu izango ditu lanerako, Urnietarrak jasoaldi bat ematen badu, marka egina izango litzateke, orain arte, ez baitu ofizialki, behintzat, beste emakume batek inoiz jaso harri hori.

Errekorra eginda uzteko Jasoaldi bakarra nahikoa baldin badu ere, Sardonek gehiago nahi du: «Bat jasotzen baldin badut ere gustura geratuko naiz, baina nik gehiago nahi dut, eta gehiagoren bila joango naiz», adierazi zuen Marijosek.

Min hartuta

Sardonek etzirako beste asmo batzuk zituen hasieran, baina izterrean min hartuta dabil, eta harri honekin joatea erabaki du. «Hasiera batean 100 kiloko bolarekin joateko asmoa nuen, baina izterrean min hartuta nabil, eta ez naiz gehiegi fidatzen, eta horregatik hartu dut harri honekin joateko erabakia», aitortu zuen.

Udan gehiegi prestatzeko denborarik izan ez duela ere onartu zuen: «Udan erakustaldi asko izan ditut, eta ez dut izan ezer prestatzeko betarik. Nire asmoa, orain atseden hartu, eta negurako markaren bat prestatzea zen, baina Urnietatik dei egin zidatenean ez nuen zalantzarik egin. Nire herrian marka bat ezartzeak sekulako ilusioa egiten dit, eta segituan esan nien baietz», esan zuen.

Urnietarrak garbi dauka hemendik aurrera ere zer egin behar duen: «Lehenengo etziko marka hori egin nahi dut. Nire lehen errekorra ere herrian egin nuen, eta ez dut hutsik egin nahi. Gero atseden hartzeko asmoa daukat izterra erabat osatzeko, eta orduan beste marka bat egiteko prestatzen hasiko naiz, baina lehenengo etzikoa dago», erantsi zuen.

Marijose Sardon orain dela urte bat agertu zen plazetan, eta lehen agerraldian marka ezarri zuen Urnietan. Gero Euskadiko sei Orduetan eta baita udaberrian Urnietan ere, beste bana egin zituen.

Miren Urkiolarekin lehia ederra sortu du, eta horrek udan herriz herri ibiltzeko parada ere eman die biei, udako modako harri-jasotzaileak izan baitira bi neskak, Aimar Irigoien errezildarrarekin batera.

Beste asmoa

Hasiera batean, Marijose Sardonek 100 kiloko bolarekin egin nahi zuen saiakera, baina izterrean min hartuta dabil, eta badaezpada ere, 89koarekin egingo du ahalegina

Urnietaren eta Izaskunen arteko apustua jokatuko da gizon-proban

Urnietan, ordea, herri kirol jaialdiak gaur bertan hasiko dira, apustua izango baita 22.00etatik aurrera bertako probalekuan. Urnietako eta Izaskungo taldeak neurtuko dira.

Talde bakoitzak zortzi lagun izango ditu, eta ordezko bat. Ordu erdian 1.100 kiloko harriari tiraka ahalik eta plazarik gehien egitea izango da erronka. Ikusmin handia dago

Joan den asteburuan, berriz, gizon-proba apustua Urretxun izan zen. 2.200 euro jokatu zituen Igeldok hogei minututan 600 kiloko harriari bi plaza eman baietz , baina ez zen posible izan.

Jendetza handia batu zen saioa ikustera eta ondo hasi bazen ere, amaieran plaza bat, 3/4 eta 5,30 metro egin zituen, eta ezin izan zuen apustua bereganatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo