Ekarpenak jasotzeko epea ireki du Nazio Eztabaida Guneak
«Nazio eraikuntza estrategia» bultzatzeko helburuarekin, Nazio Eztabaida Guneko kideek «Euskal Herriaren egoeraren azterketa berritzea» eta «Aldaketa politikorako oinarrizko printzipioak» izenburua duten dokumentuak aurkeztu zituzten herritarrek beren idatzizko ekarpenak egin ditzaten gai honen inguruan. Hilabete bateko epea egongo da iritziak jasotzeko eta prozesua azaroaren 24an Barañainen egingo duten Batzar Orokorrarekin bukatuko da.
GARA |
Mikel Irastortza, Maite Aristegi eta Eneko Compains Nazio Eztabaida Guneko kideek «nazio eraikuntza estrategia» bultzatzeko helburuarekin bi dokumentu aurkeztu zituzten atzo Donostian.
«Euskal Herriaren egoeraren azterketa berritzea» eta «Aldaketa politikorako oinarrizko printzipioak» izenburua dute eta gai horien inguruan herritarrek idatzizko ekarpenak egiteko hilabete bateko epea ireki dute.
Ekarpenak egiteko helbide elektroniko baten berri eman zuten -ekarpenak@eztabaida gunea.org- eta dokumentuak www.naziogunea.net/eu/eh07-en aurki daitezke. Prozesua azaroaren 24an Barañainen egingo duten Batzar Orokorrarekin bukatuko da.
Izan ere, Nazio Eztabaida Guneko kideek «aldaketa politikoaren beharra» ikusten dute ga- tazka politikoa eta armatua gainditzeko. «Elkarrizketa eta negoziazio aldi berri baten zain egon gabe, Euskal Herrian baldintza sozial eta politiko berriak sortu behar direlakoan gaude, gako politikoen alde indarrak bilduz eta eraginkortasun sozial eta politikoan irabaziz», adierazi zuten.
Beren iritziz, «konponbide demokratikorako gutxienezko mamia zein den finkatu beharra dago, eta horretarako lankidetza praktikoaren aldeko apustua egiten dugu, nazio eraikuntzan eta gure nazio eskubideen alde urrats praktikoak emanez».
Horregatik, sekulako garrantzia duela nabarmendu zuten «bakoitzak bere eremuan eraikuntzaren aldeko ahaleginak biderkatzeaz gain, guztiok batera Euskal Herriaren nazio izatea agerrarazteak, nazio baten ahotsa entzunarazteak, zatiketa eta ukazioaren gainetik, batera jokatu eta elkarrekin egitasmoak bideratzeak».
Alde horretatik, «abertzaleen eta herri sektoreen arteko lana indartzea funtzezkoa» dela esan zuten eztabaida foroko kideek Euskal Herria «eraikitzeko estrategikoak diren egitasmoak garatuz».
Ondorio nagusi horiek kontuan izanik, Nazio Eztabaida Gunetik garatu nahi duten bidearen eta lanaren «printzipio nagusiak finkatu nahi dituzte agertoki berri baten lorpenean» eragin dezan «gure nazioaren eraikuntzan eman beharreko urratsen eta bultzatu beharreko egitasmoen oinarria» marraztuz.
Oinarrizko printzipio gisa ondoko hauek proposatu zituzten: «Euskal Herriaren nazio ukaziotik nazio aitortzara», «Lurralde zatiketatik Zazpiak bat osatzera», «Erabakitzeko eskubidea ukatua egotetik, autodeterminazio eskubidera» eta «Eskubideen ukazioatik, eskubideen aitortzara».
Tresna komunikatibo berria
Nazio Eztabaida Guneak sortu berri duen webgunea ere, non aipatutako dokumentuak aurki eta ekarpenak egin daitezkeen, aurkeztu zuen atzo. Ataria www.naziogunea.net helbidean dago eta «lanerako zein harremanetarako eraikia» izan den «tresna komunikatiboa» dugu.
Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez aurkitu daiteke informazioa eta hiru ardatz nagusi izango ditu webguneak: Nazio Eztabaida Gunea, Nazio Eztabaida eta Nazio estrategia. Lehenengo sailean Nazio Eztabaida Gunearen ibilbidearen inguruko informazio guztia jasotzen da.
Nazio Eztabaida izena duen atalean, berriz, urtero udazkenean euskal zikloaren barne egiten duten «eztabaida herritar eta demokratikoaren» inguruko informazioa jasotzen da. Bertan, eztabaidarako dokumentuak, ekarpenak igortzeko gunea eta eztabaida prozesuaren baitan antolatu diren ekimenen inguruko informazioa jasotzen da. Ekarpenak igortzeko ezinbestekoa izango da izena ematea.
Atal horretan, urteko eztabaidaz gain, Nazio Eztabaida Gunea sortu zenetik egin diren Nazio Eztabaida guztietan adostutako dokumentu zein ebazpenak daude eskuragarri.
Hirugarren atalean, Nazio estrategia deritzona, izenak dioen bezala, nazio estrategia aurrera eramateko adostutako bitartekoen informazioa biltzen da. Euskal Herria aintzat hartzen duen eta bere etorkizuna eraikitzearen alde dagoen ororentzat zabalik dago. Hemeroteka eta agenda atalak ere bertan daude.
«Egungo agertoki juridiko-politikoa gainditu eta agertoki berria eraikitzearen premia agerian» geratu dela uste du Nazio Eztabaida Guneak eta beste urrats batzuk egiteko hausnarketa egin behar dela.
«Euskal Herrian baldintza sozial eta politiko berriak» sortu behar direla uste dute «elkarrizketa eta negoziazio berri baten zain egon gabe» eskenatoki berri baten lorpenean eragin dezan.