GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Aste bakar batean bidegabekeria handia kabitzen da

Ez da, ez, batere erraza asteari errepaso egitea, gertakariak pilatu egiten baitira. Munduan zehar hildakoak pilatzen dira, lukurreriaren, diru-gosearen, larderiaren biktima; neoliberalismoaren, inperialismoaren, betiko ordena berriaren biktima

Lan munduan ere pilatzen dira hildakoak, eta Euskal Herri txiki honetan, ostirala baino lehen hildako bakar bat gutxiegi balitz bezala, atzo bigarrena hil zen. Ez dakit estatistikek nola jasoko duten hilketa hori, duela 20 egunetik larri, heriotzatik gertu, baitzegoen, egunez egunekoak langile guztiak daudela heriotzatik gertu erakusten badigu ere, arrisku-lanak erredundantzia izateraino erakutsi ere.

Pilatu egiten dira herri honetan atxilotuak, herri helburuz txikiegi honetan, eta badakigu atxilotuak eskuarki «zerbait egingo zutelako» harrapatzen dituztela, baina ez hedabide gehien-gehienen korroka monotonoak behin eta berriz esaten duelako, baizik eta atxilotuak, beren herrietan oso pertsona ezagun eta maitatuak izaki, zerbait, ahal izan duten guztia, egin dutelako, auzo elkartean, dantza taldean edo euskaltegian; gizarte mugimendu batean, sindikatuan edo nazioarteko elkartasunaren alde. Herri honetan jendea zerbait egiteagatik atxilotzen dute gehienetan; beraz, ez da harritzekoa abertzaleak eta ezkerreko jendea atxilotzea zerbait egin dutelako, eta kasu ugaritan asko egin dutelako. Munduan, Euskal Herrian, beren herrian ahal bada hildako bat gutxiago, aterpe gabeko bat gutxiago, emakume umiliatu bat gutxiago izan dadin ahal dutena egiten dute, eta «jende normalak» -hau da, poliziek, ministroek zein bankujabeek- ez du halakorik egiten, eta ez dute zertan jasan inork halakorik egitea.

Duela 32 urte frankismoak bere azken heriotza zigorrak gauzatu zituen. Erregimen hark terrorista arriskutsutzat jotzen zituen fusilatutakoak, eta berdin «jende prestu» askok, garai hartako jende «normalak» bere burua mehatxupean sumatzen baitzuen. Atzo Euskal Herri osoan gogoratu eta omendu egin zituzten egungo larderia berak fusilatu zituen lagun haiek. Merezimendu osoa ez ezik, arrazoia ere bazutelako. Aste bakar baten lau egun buruzurik pilatutako bidegabekeriak arrazoia eman baitie

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo