«Ziburuko portuan kalitatezko arrantzak jarraitzea nahi dugu»
Ziburuko portua krisian dago. Egoeraren aitzinean, portuaren jarraipenaren aldeko arrantzale eta arrantzale ohiek Itsas Ama jaia antolatuko dute asteburuan. Helburua, artisau-arrantza ezagutaraztea da eta Ziburuko portuaren jarraipena eskatzea.
Eneritz ZABALETA |
Arrantzaren mundua ezezagun handia da. Azken urteetan, laborantza arloan kalitatezko ekoizpenek garapen ikusgarria ezagutu dute. Hainbat label eta markaren bidez, industriaren sasi-elikagaietatik urruntzen jakin dute laborariek. Alta, arrantzaleek zailtasun handiak dituzte, kalitatezko eta arrain baliabideekiko errespetuzko arrantzaren eta ontzi industrial erraldoien arteko desberdinatsuna ezagutarazten.
Ardurazko arrantzarengan sinisten duten arrantzale eta arrantza munduko pertsonen asmoa izan zen Itsas Ama jaia antolatzearena: «hasieran, afari bat antolatzeko asmoa genuen, itsasoko gizon emazteak elkartzeko», dio Bea Elizalde, Itsas Geroa elkartearen kide eta Itsas Ama jaiaren antolatzaileak. Jendearen «oihartzun ona» ikusirik, ideia zabaldu, eta hasieran afari xumea izan behar zena asteburuko jai bihurtu da.
Arrantza arduratsuaren alde
Gaur hasi, eta igandera bitarte Ziburun Itsas Ama jaia antolatuko dute. Era guztietako animazioak egongo dira asteburuan. Zine proiekzioak, argazki erakusketak, «Apaizac Obeto» bidaiaren diaporama... Igandean, egun aberatsa pasatzeko parada izanen da. Izan ere, 11:00etatik hasita otordutxoa eta zine proiekzioa izanen da ikusgai, tartean «we feed the world» filmarena. 14:00etan, atun-herri bazkaria antolatuko dute, bertsolariek alaiturik. Eguna, Imuntzo eta Belokiren kontzertuarekin eta Begiraleak dantza talde ikusgarriarekin bururatuko da.
Asteburuaren helburua, arrain baliabideekiko errespetuz jokatzen duten arrantza moduak ezagutaraztea da. «Jendeak ez ditu ezagutzen artisau-arrantza motak. Asteburu osoan kazako arrantza, bolintxa arrantza... ezagutarazi nahi ditugu. Horretarako, helduentzako, erakusketak antolatuko ditugu eta haurrentzko jokoak». Desmartxa horren barnean, Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Surfrider Foundation erakundeen laguntza jaso du Itsas Geroak.
Labela bultzatu nahi dute
Egunaren beste helburuetariko bat, Ziburuko portuaren defentsa egitea izanen da. Izan ere, 1950 hamarkadan 1 200 pertsonak lan egiten zuten portuan. Gaur egun 150 dira bakarrik. Egoeraren aitzinean, Itsas Ama jaiaren antolatzaileek, Ziburun arrantza portua izatea posible dela aldarrikatu nahi dute. «Ziburun anitzek kirol portu bat eraiki nahi dute arrantza ezerezean utziz. Gure ustez, arrantzak jarraitu dezake Ziburun», dio Bea Elizaldek.
Horretarako, arrantza kalitatezko labelak bultzatu behar direla uste du Elizaldek: «Donibane Lohizuneko kazako arrantzaleek labela daukate jadanik. Orain labelak ezagutarazi eta zabaldu behar dira» erantsi du Elizaldek. «Gelditzen den baliabidea balora dezagun». Errespetua eta kalitatea. Lapurdiko arrantzaleek aurrera egiteko aukeratu duten bidea.
«Azken 30 urte suntsikorrak eta gero, Ziburuko portua larrialdi egoeran dago. Desagertzeko zorian». Bea Elizalde, Itsas Geroako kide eta arrantzaleak diagnostiko beltza egin zuen Lapurdiko arrantza portu bakarraren egoerari buruz. «80ko hamarkadan, ontzi pelagiko handiek arrain erreserban sekulako desmasiak egin zituzten. Arrain baliabidea asko jaitsi da», gaineratu zuen.
Orain 50 urte, Ziburuko portuan 1.200 langile lanean zeudelarik, gaur egun 150 arrantzale baizik ez dira gelditzen. Elizalderen ustez, arrantza industrialaren erruz dago egoera horretan portua. «Orain, kirol portua egin nahi dute gure portuarekin. Baina arrantzak etorkizuna dauka Ziburun», erantsi zuen Elizaldek.
Azken urteetan, arrantza intentsiboak desagertzeko zorian utzi ditu hainbat arrain. Antxoa erraterako. Elizalderen ustez, «kate biologikoa berriz osa daiteke, arrantza industriala baztertzen badugu. Legatzarekin gertatutakoak frogatzen du hori». Portuaren kudeaketan ere, Baionako Komertzio Ganbera eta Kontseilu Orokorra portutik «ateratzea» eta kudeaketa arrantzaleen kooperatiba batek eramatea nahi du Elizaldek. Bere iritzian, modu horretan altxatuko da portua.
Hilzorian dagoen Ziburuko portua defendatzeko, eta kalitatezko artisau-arrantzaren alde egiteko antolatuko dute Itsas Ama jaia asteburuan arrantzaleek