Euskal pastiza dastatzeko aukera izango da Kanbon igandean
A.M. |
Hain ezaguna den euskal pastiza (gâteau basque) dastatzeko aukera ezin hobea izango da datorren igandean Kanbon, historikoki euskal pastizaren sorlekutzat hartzen baita Lapurdiko herria.
Eguzkia, 1994an kalitatezko euskal pastiza sustatzeko sortu zen elkarteak, egun hori antolatzen du. Eskulangintzari eta ofizialen jarduerari bultzada ematea bai eta, bide batez, Euskal Herriko garapen ekonomikoa laguntzea ere dira elkartearen helburuak.
Jatorria baserrian dauka pastiza hori XVII. mendetik ezagutzen da. Orduan, txerrikume baten itxura zeukan eta orea arto-irinez eta txerri gantzez egiten zuten. Ez zen, gaur egun bezala, kremaz edo gerezi erreximentaz betetzen.
Denboraren poderioz, ordea, aldatzen joan da eta gaur egun nahiko estandarizatuta dago. Hala eta guztiz ere, ofiziale bakoitzak bere «ukitua» ematen dio eta erabiltzen duen osagaien proportzioak, erreketa denborak edota labe motak erabilita hainbat zaporeko pastizak lortzen dira.
Elkartea osatzen duten 30 bat ofizialek kalitatezko sormarka eskuratzeko ahaleginak eta bi egiten ari dira. Hala, tresneria homologatua, osagaien gehiengo eta gutxiengo proportzioak, lehengai naturalen erabilpena, iragarki eta informazio euskarriak bateratu dituzte. Horrez gain, Interes Ekonomikoko Erakundea bilakatu dira aipatu sor-marka erdiesteko.
Egitaraua
Euskal pastiza hoberenaren lehiaketa izango da, seguru asko, igandeko unerik garrantzitsuena. Bi lehiaketa izaten dira: pastizale profesionalena eta etxekoena. Irabazleak 13.00ak aldera jakinaraziko dituzte.
10.00etan abiatuko da festa eta bertako ekoizpenen azoka, musika, haurrentzako pastizaren lantegiak, Semeak taldearen akordeoi emanaldia ka-rriketan, euskal kanten emankizuna Oldarrare-kin (17.00etan) eta pilo- ta partidak trinketean (18.30ean) izango dira.