GARA > Idatzia > Kultura

ZINEMALDIA

«Txuriak eta beltzak musikaren bidez» lotu ditu John Sayles-ek «Honeydripper» lanean

Alabamako 50. hamarkadara salto egiten du «Honeydripper»-ek. John Sayles-ek orduko arraza-politika erakutsi du musikaz; galtzear dagoen bluesa eta jaiotzear dagoen rock-and-rolla, zehazki. Iragana Tyrano pianistak irudikatzen du eta etorkizuna Sonny gitarristak.

p056_f01_148x104.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

John Sayles zuzendari estatubatuarra Zinemaldira itzuli da aurten «Honeydripper» lanarekin 1994ko edizioan atzera begirakoaren protagonista izan eta gero. Orain urte batzuk gainera, «Men with guns» lanarekin ere Sail Ofizialean lehiatu zen.

Bi ordu pasatxo irauten du «Honeydripper» pelikulak, protagonista musika dela esan daiteke. Blues pieza leunak entzutearekin batera 1950. urteko Alabama landatarra ere ikus daiteke. «Lan hau musikaren gainekoa da, baina toki hartan eta garai hartan bizi zen egoera politikoa alboratu gabe», azaldu zuen «Silver city» edo «State» lanetako zuzendariak.

Rock-and-rolla eta bluesa

Rock-and-rollaren hastapenak dira eta bluesa zentzurik garbienean behintzat, galtzen ari da. Aldaketa ideia hori agerian utzi du Sayles-ek hortaz, eta bide batez zurien eta beltzen arteko tirabirak ere gogora ekarri ditu. «Garai hartan arraza-politika aldatzen hasia zen», azaldu zuen. «Bi arrazak (zuriena eta beltzena) musikari esker lotzen dira», gaineratu zuen Sayles-ek.

Hori guztia adierazi ahal izateko zuzendariak garai batean ospea izan zuen Tyrone piano-jotzailea, bere familia eta euren taberna erabili ditu.

Lounge taberna hondamendian dago, bertan bluesa abesten duen emakumeak ez ditu nahikoa bezero erakartzen eta. Hori dela eta Tyronek Guitar Sam tabernara gonbidatzea erabakitzen du, irratian sona lortzen ari dena, baina horren ordez beste batek joko du, Sonny gazteak, azken hori oso gitarrista bikaina da gainera.

Sonny, Tyrone eta blues kantariarekin batera badira filmean pisu handia duten beste pertsonaia batzuk ere, horien artean historiari «errealismo magikoa» ematen dion gitarrista itsua. «Musikaren espiritua da, nire film guztietan dago errealismo magikoaren zantzuren bat. Eta honetan itsuak betetzen du paper hori», azaldu zuen. «Musikaren iraganak eta etorkizunak» bakarrik ikusi ahal dute itsu hori dena den, hau da Tyrone pianistak eta Sonny gitarrista gazteak bakarrik.

John Sayles bera ere agertzen da pelikulan edari banatzaile bezala: «Nere lehenengo pelikuletan egiten nuen. Oso dibertigarria da eta dirua aurrezten dugu horrela gainera». Filma egiteko bost milioi dolar erabili zituzten eta kopuruaren zatirik handiena Sayles-ek berak eta Maggie Renzi ekoizleak jarri zuten.

Sonnyren papera betetzen du Gary Clark-ek eta Tyoneren alabaren papera Yaya DaCosta aktoreak. Biak ere izan ziren aurkezpenean zuzendariarekin eta ekoizlearekin batera. Clarkek gitarra benetan jotzen duela esan zuen eta horri esker azken hamar urtetan «oso onak» izaten ari direla azaldu zuen, sari ugari jaso dituelarik musikagile bezala.

DaCosta ederrak zine munduan hasi berria dela esan zuen eta pelikulari esker telebistarako pelikula bat egin berri duela argitu zuen, hain zuzen ere, zuzendari ere baden Charles S. Duttoni esker, Tyrone pertsonaiarekin batera Lounge tabernan lan egin eta Maceo antzezten duena.

Sail Ofiziala

Jatorrizko izenburua: «Honeydripper».

Zuzendaritza, gidoia eta muntaketa: John Sayles.

Musika: Mason Daring.

Argazkia: Dick Pope.

Interpreteak: Danny Glover,

Lisa Gay Hamilton, Charles S.

Dutton eta Gary Clark Jr.

Iraupena: 123 min.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo