GARA > Idatzia > Kultura

Historiaren bideetatik Henry King zuzendariari eskua emanda

Sar zaitez gela ilun batean eta jarri eroso eserlekuan -jertsea mantatzat hartuta, etxean bezain goxo-. Senti ezazu pianoaren musika eta begiratu pantaila handira, istorio bat kontatuko baitizute solasik egin gabe, zuri-beltzeko irudiekin eta letrekin soilik. Historian barna bidaiatuko duzu.

p064_f01_177x140.jpg

Maider IANTZI

Zinearen besta honetan ez dituzte azkenengo filmak, labetik atera berriak-berriak bakarrik erakusten. Arratsaldero sortzen dira ilarak Principen eta Antiguo Berrin pelikula klasikoak ikusteko; beltzak, Mendebaldekoak, abenturazkoak, musikalak zein drama generokoak. Aurten Henry King (1886-1982) AEBetako zinemaren aitzindari handietakoari eskaini diote Atzera Begirakoa. Idoia Lainez da jaialdiko egunetan zikloaz arduratzen ari dena eta Principeko areto batetik bertzera dabil, xehetasun guztiak zaintzen: azpitituluak dagokien hizkuntzetan eginak dauden, behar den bezala ikusten diren, zintak egoera onean dauden... Dena ongi doan begiratu ondoren txostena idatziko du gertatutako guztiarekin. Film baten eta bertzearen artean kafea hartu eta GARArekin mintzatzeko astia hartu du.

«Hona etortzen den publikoa oso zinemazalea da eta maite du Atzera Begirakoa. Adin guztietako lagunak izaten dira eta, orokorrean, hainbat film ikusten dituzte. Batzuek denak... edo ia denak, ahal dituzten guztiak», hasi zaigu kontatzen. Lainez ere zale amorratua da; oporrak hartzen ditu Zinemaldian lan egiteko. Ez du pelikulen aukeraketan parte hartzen, baina prozesua eta irizpideak ezagutzen ditu. «Gabonetarako hautatzen dute zein zuzendariren lana aldarrikatu nahi duten, horixe baita zikloaren xedea, Henry King gisakoen ekarpena aitortzea. Askok ezagutzen ditugu bere filmak, orain dela hogei urte «The Song of Bernadette» (Berdadetteren kanta) eta Love Is a Many-Splendored Thing (Agurraren muinoa) ikusten genituen larunbat arratsaldetan; ez ditugu zuzendariarekin lotzen, ordea», azaldu du.

Ziklo klasikoaren helburua merezi duen obra bat ezagutaraztea da, historia azaleratzea. Henry Kingen 180 lanetik 47 erakusten ari dira eta bilakaera tekniko handia sumatzen du publikoak: bi pertsona maiteminduta daudela sinestarazteko trebezia harrigarria zuen artista hau hainbat estudiorekin aritu zen zinema mutuaren garaian. 1930az geroztik, berriz, 20th Century Fox-ekin gauzatu zituen proiektu gehienak.

Atzera Begirakoa osatzeko kontuan hartu beharreko bertze elementu bat ere bada: bilduma hamar egunetan erakusteko modukoa den ala ez aztertu behar da, materiala egoera onean dagoen, zatiren bat falta duen. Kingen kasuan kopiak «ezin hobeto» daudela jakinarazi du Lainezek. «Telebistan ez da hain ongi ikusten. Pantaila handira eramateak balio erantsia ematen dio Atzera Begirakoari», gaineratu du.

Areto ilun batera sartu gara eta alde batera utzi dugu gure bizitza minutu batzuetarako, nor garen ahantzi dugu denbora horretan eta Javier Perez de Azpeitiaren piano doinuei ireki diegu atea. Gorputzaren barrenean daude orain eta 1915eraino garamatzate astiro-astiro. Aita alkoholiko batek sorrarazi duen dramaren ondotik, Bobek Mary txikia adoptatu du, gehiegi edateagatik andregaiak utzi berri duen gizona berau. Neskak, etxera poza ekartzeaz gainera, zentzatzen laguntzen dio. «Little Mary Sunshine» da filmaren izena eta Perez de Azpeitia musikariak ikusten duen bigarren aldia da. «Behin ikusi eta inprobisatu egiten dugu Josetxok eta biok pianoarekin. Komikoa, drama edo abentura den jakiten dugu eta guk geuk erabakitzen dugu zein musika jarri behar diogun. Batzuetan aste bat edo hilabete izaten dugu prestatzeko, baina jaialdietan epea txikiagoa izaten da. Berez ez da prestatu behar, kontua inprobisatzea baita, filma gutxienez behin ikustea komeni da, ordea», argitu digu.

Gertatu izan zaie pelikulan partitura bat aurkitzea edo pertsonaiaren batek kantu jakin bati erreferentzia egitea. Kasu horietan abestia bilatzen saiatzen dira irudiak proiektatzen dituzten bitartean jotzeko, «nahiz eta segur aski publikoa ez jabetu». Mary haurraren istorioa amodiozkoa da, oso laua, eta halako musika sortu du piano-jotzaile beratarrak. Bertze batzuetan hogei minutuko gerrak izaten dira eta doinu biziagoak sortzen ditu. Orain dela hamabi urte hasi zen Zinemaldiko filmei zuzenean musika jartzen, Mikel Olaziregi zuzendariak deitu eta gero. Donostiatik Madrilera joan zen eta handik Boloniara, Berlinera, Torontora eta bertze toki anitzetara. Euskadiko Orkestra Sinfonikoan eta Musikenen lan egiten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo