GARA > Idatzia > Osasuna

Zuntz-haustura du Delportek, jarraian duen zazpigarrena

Lau astetan ezingo du jokatu erdilari frantsesak. Bestetik, Vela eta Pandiani oso pozik azaldu ziren prentsaurrekoan Levanteren aurka egindako lanarengatik

GARA | IRUÑEA

Ludovic Delportek bururik altxatu ezinda jarraitzen du. 2006ko azaroaren 12an Real Madrilen aurka zuntz-haustura baten erruz erretiratu zenetik, lesio muskularrek ez diote bakerik eman.

Bizitzen ari den gurutze-bidearen azken atala asteazkenean izan zuen, aspaldiko partez hasierako hamaikakoan zelairatu eta gero 24. minutuan minez utzi behar izan zuen futbolzelaia, beste zuntz haustura baten erruz. 10 hilabate horietan nozitu duen zazpigarren haustura izan zen frantsesarentzat.

Hala ere, «albiste onak» izan ziren Delporterentzat, bere txarrean. Izan ere, aurreko sei lesioak eskuineko zangoan izan ziren eta oraingoan ezkerreko zangoko bikiko zuntzak apurtu zaizkio. Iruñeko San Miguel klinikan erresonantzia magnetikoa egin ondoren, lau bat astez jokatu ezinik izango dela ezkerreko erdilaria eman dute aditzera. Hala, Hugo Viana, Javad Nekounam eta Igotz Garderekin batera, Delportek ezingo du Vicente Calderon zelaian Atletico Madrilen aurka jokatu. Natxo Monreal,ostera, gaurtik aurrera bere kideekin batera entrenatzen hasiko dela jakinarazi zuen talde nafarrak.

Vela eta Pandiani, pozik

Delporte zen Osasunaren aurpegi tristeena. Carlos Vela asteazkenean debuta egin zuen mexikarrak eta Walter Pandiani Levanteren aurka gol bi sartu zituenak bestelako aurpegiera zuten atzoko prentsaurrekoan.

Hala, uruguaiko aurrelariak «gustura» zegoela adierazi zuen eta, nahiz eta asteazkenean sartu denboraldiko aurreneko golak, «lasai, kezkatu gabe» zebilela aitortu zuen.

«Aurrelariak goletatik bizi gara. Nire zorionerako, erdiraketa onak egin zizkidaten eta golak sartzerik izan nuen. Hala ere, lasai nenbilen partida onak egiten ari nintzelako, golik sartu ezean, gutxiago ikusten diren beste lan batzuetan. Fisikoki ongi nago eta fresko egotea komeni zait erdiraketetara iristeko. Aurrean eta atzean izatea komeni da, baina, niri dagokidanez, aurrean azaldu behar dut batez ere, golak sartzeko ekarri baininduten. Bestela, golik sartuko ez banu, alarma guztiak piztuko lirateke».

Bere aurkezpenean aurten 18 gol sartuko zituela esan zuela gogorarazi zioten Pandiani «errifleari» eta umoretsu erantzun zuen. «Tira, bi gutxiago falta dira orain. Partida asko daude jokatzeke. Lasaitasunez eta denon laguntzaz, iritsiko gara zifra horretara».

Carlos Vela ere pozik zen, asteazkenean debuta egin baizuen gorritxoekin. Aurrera begira, taldean lekua izateko «erronkari» eutsi nahi izan zion.

«Banuen debutatzeko gogoa eta zer hoberik irabaztea baino! Titular izatea zaila izanen da leihakortasun handia dago-eta. Baina atsegin ditut erronkak eta futbolari gisa hazteko taldea zenbat eta hobea izan, hainbat hobeto denontzat».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo