Julen MURGOITIO
Dagoena dago, ez dagoena balego
Hara! Atzerako kontaketa abian da. Hor doa erlojuaren orratza, tiki-taka, tiki-taka. Hirurehun eta laurogeita hamahiru egun geratzen dira, kontuak atera zenbat gau!. Lastima 2008a bisustua ez dela, denbora gehiago izango zen gauzak patxadaz prestatzeko. Bai, datorren urteko urriak 25 dituenean da hitzordua. Ama, ama! Zein zaila dugun hemengo politikan hitzerako ordua eskatzea, ia-ia esan liteke arinago ematen dizutela espezialista-kontsultarakoa. Baina tira, dagoena dago eta ez dagoena balego! Dagoeneko egun hori gorriz markatuta dago euskal lurralde batzuetako herritarren agendan. Eta, seguruenik, gainerako euskal lurraldeetakoenean ere bai, egun horretan ez hitzik ez ordurik izango badute ere. Egun esanguratsua aukeratu du aukera egin duenak, euskal lurralde batzuetako Autonomia Estatutuak hogeita bedera- tzi urte beteko dituen eguna, hain zuzen. Horrexena bai etxebizitzaren arazo larriaren adibide bikaina! 29 urte izan eta oraindik ere gurasoen menpe bizi behar! Beheko Estatuaren Konstituzioaren menpe! Nik neuk argi aitortu behar dut, estatista ez banaiz ere, euskaldunontzat estatua nahiago estatutua baino, baina estatu bizia, ez plaza baten erdian jartzen den estatua. Euskal Herriak estatu asimetrikoa izan behar duen ala Euskal Estatu Batuak izan behar duen gure artean hitzartu beharko dugu, hitza hartzeko eta hitza emateko eskubidea gure esku izatean, baina ez gara orain horretarako tenorean, eta dudan nago ni hurrengo urteko azaroan ere tenorean izango garen ala arazoan mantenduko, kontsultara deitu duenaren alderdia nondik etorri berria den ikusita. Bertsolariak bota modura, sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Zer gertatuko 393 egunotan? Horra kasuko, beheko estatuan egiten den gaztelera munduan desagertzear diren ehunka hizkuntzen zerrendan sartu daiteke, hizkuntza batek gutxienez hitz bi behar duelako hiztegian hizkuntza izaten segitzeko. Eta gaztelera horrek laster batean bakarra izango du: konstituzioa. Bakarra eta itsusia. Baina gauza gehiago ere gertatu daitezke. Horra Arantzazuko monje gudazaleak pankartari eutsita aldapan behera Aramaiorantz doazela hango herri-kontsulta ukatu nahi duten han-hemengoei hortzak erakusteko. Ez, ez gara aspertuko hainbat hilabetetan.