KRONIKA | OMENALDIA BARTZELONAN
Duela 32 urteko bost fusilatuen askatasun oihuek elkartasuna ereiten jarraitzen dute
Hogei eta hamabi urte bete dira ostegunean, irailaren 27an. Francok agindutako azken fusilatze militarrak eman ziren. Bost izan ziren eraildakoak: ETAko kide Jon Paredes Manot, Txiki, eta Anjel Otaegi; eta FRAPeko hiru: Jose Humberto Baena, Ramon Garcia eta Jose Luis Sanchez. Liburu-aurkezpen baten aitzakiapean bostak omendu dituzte Bartzelonan.
Gari MUJIKA
Duela hogei eta hamabi urtetik hona, urtero, irailaren 27an, Gudari Eguna ospatu ohi da. Euskal Herriaren askatasunaren alde zendutako borrokalariak makina bat txokotan gurtzen zituzten bitartean, Bartzelonan, Gudari Egunaren ospakizunaren erroetara jo zuten: 1975ko irailaren 27an fusilatutako Txiki eta Otaegi euskal herritarrak, eta FRAPeko hiru militanteak omendu baitzituzten.
Astebete lehenago estreinakoz aurkeztu zuen «Haizea eta Sustraia» elkarteak, Donostian, Txikiren eta Otaegiren jiran espresuki osatu dituen dokumentala eta liburua. Halere, ostegunean Bartzelonan jendaurrean egindako ekitaldia izan zen aurkezpen ofiziala. Egun osoa bilakatu zen, azkenean, ekitaldi.
Harrera ofiziala sendiari
Bartzelonan hasi zuten eguna. Txikiren sendi osoa joan zen. Harrera ofiziala egin zieten, lehenbizi Generalitat-ean, eta ostean Bartzelonako Udaletxean, ordezkari ofizial eta guzti.
Bartzelonatik kilometro gutxira, Cerdanyolan -Txiki bertan erail zuten- izan ziren ostean. Ilobek ohorezko aurreskua dantzatu zioten osabari, bere omenezko oroigarria fusilatu zuten tokian jartzearekin batera. Omenaldi xumearen ondotik etorri zen, arratsaldean, 19.30ean, «Haizea eta Sustraia» liburuaren eta dokumentalaren aurkezpen ekitaldia.
Bartzelonako liburutegia atzean utzi ostean, 21.30ean, Alianza del Poble Nou antzokian ekitaldi nagusia egin zuten. Parte hartzaile ugari izan ziren: batzuk hitz egiten, beste batzuk abesten edo ikuskizunak egiten. Besteren artean, Joan Tardá ERCko diputatua, Doris Benegas, Victor Alexandre, Gorka Knörr eta Cristina Villa antzezlea egon ziren, eta baita ehunka lagun ere.