Kronika | andereño historikoei omenaldia
Klandestinitatean, ikastolek euskal nortasuna zuen eskola berritzailea sortu zuten
Klandestinitatean jardun ziren andereñoak omendu zituen atzo Ikastolen Federazioak. Euskararen eta eskola berriaren alde bihotzarekin egindako lana txalotzeko ekitaldi horrek gisa horre- tan lan egin zuten 800 andereño baino gehiago biltzeko balio izan zuen, aspaldiko ezagunak elkartzeko eta haien isto- rioak berreskuratzeko. Horietako batzuk bildu ditu GARAk.
Jasone MITXELTORENA
Ikastolen historiak, hala ere, aspaldi jarriak zituen erroak. Euskaraz irakasteko lehen saiakerak aspaldikoak dira: Jose Maria Resurrección de Azkuek 1896an Bilbon sortu zuen lehen ikastetxea. Ez zuen askorik iraun, baina 1914an Donostian Migel Muñoak abiatu zuen eskola gure egunetaraino ailegatu dela baiezta daiteke. Hasieran bi ikasgela moldatu zituen, eta geroago karmeldarren komentuan 1924an Koruko Andre Mariaren eskola ireki zuen. 36ko Gerra hasi arte Donostiako Alde Zaharreko hainbat etxetan bildu zituzten ikasleak. Eredu horri jarraituz Tolosan (1922), Errenterian (1928), Soraluzen (1932) Bergaran (1932), Iruñean (1932), Lizarran (1932) eta bertze hainbat herritan sortu ziren eskolak.
Haurrentzat ezezik, helduentzako klaseak ere ematen omen ziren, herri ttikietako langileei eta nekazariei batez ere. «Escuelas Nacionales» deitzen zirenetan ere baziren irakasle euskaldunak, eta saiatzen omen ziren euskaraz irakasten. Urte haietan hizkuntzaren aldeko mugimendu handia loratu zen, kultura alorrean eta irakaskuntzan nabaritu zena. 1932an Eusko Ikastola Batza sortu zen, lehenengo ikastola elkartea hain zuzen ere. Baina 36ko Gerra hastean, euskararen alde lanean zebiltzan askok ihes egin behar izan zuen eta loratze hori eten egin zen.
Elbira Zipitria
«Andereñoen andereño»
Elbira Zipitria Irastorza 1906an jaio zen Zumaian, langile familia batean. Beka baten bidez Donostian irakasle ikasketak egitea lortu zuen. Ikatz kalean hasi zen eskolak ematen; sei urte bitarteko neska mutilak biltzen zituen, denetara 70 bat ume. Bere jarduerak euskara eta eskola berria izan zituen oinarri. 1936an ihes egin behar izan zuen, eta Saran kokatu zen, Tolosako Labaiendarren familiaren etxean eta hango haurrei irakasten aritu zen, 1942an Donostiara itzuli zen arte. Orduan ere, Arriola sendagilearen etxean klaseak ematen jarraitu zuen; haren seme-alabei, eta bertze familia batzuetakoei ere. Handik lau urtera bere etxean, Fermin Calbeton kalean hartu zituen haurrak.
Zipitriak Europan sortzen ari ziren pedagogia modu berriak ikasi zituen. Horien printzi- pioak pasibotasunaren ordez aktibotasuna defendatzea eta irakasle-ikasle rol-ak eraldatzea ziren, bertzeak bertze. Aldaketa horrek irakaslearen papera erabat aldatzen zuen: Transmisore soilak izatetik gidari, aholkulari eta laguntzaile izatera pasatzen ziren, «ohorezko aulkitik» jaitsi eta umeen zerbitzura jarriz. Gisa horretako ideiak barneratu zituen Zipitriak. Espainiar eskoletan joera kritiko edo gaitasun analitikoari aukerarik uzten ez zitzaion bitartean, Zipitriaren metodoa haurraren nortasunaren ezagutzan eta bere eskubideen errespetuan oinarritzen zen. Naturarekiko miresmen handia omen zuen, eta beraz, berebiziko garrantzia zuen haren ikasgaietan. Bere eskola bizia zen, inguruko egoerak ikasgai bihurtzen zituen-eta.
Ikasgaiak buruz ikasi beha- rrean, esperientziaren bidez barneratzen zituzten ikasleek. Talde eta ume bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz, baliabideak bakoitzaren arabera moldatzen ziren ikastolan. Elkar onartzea eta elkar laguntzea bultzatzen ziren, eta lan taldeak osatuz, bakoitzaren gaitasunen araberako ardurak banatzen ziren. Euskara eta euskal kulturari dagokionez, Oxobi, Orixe, Iratzeder, Lizardi eta hainbat euskal idazleren olerki eta ipuinak irakasten zizkien Zipitriak haurrei; modu horretan saiatzen zen ikasleei euskara aberatsa irakasten .
1950eko hamarkadan, Zipitriaren eredua jarraituz, etxe-eskola aunitz ireki ziren Donostian; Maria Dolores Goia, Kar- mele Esnal, Jone Forkada, Faustina Karril, Amale Artzelus eta bertze hainbat aritu ziren irakasten. Inguruetara ere zabaldu ziren ikastolak, Zipitriak irakatsitako andereñoengatik batez ere: Pasaiara, Hernanira, Lazkaora, Añorgara, Lasartera... Bizkaiatik ere etorri omen ziren harekin ikastera: Xabier Peña irakaslea eta Maria Angeles Garai, herrialde horretako lehen andereñoa, adibidez. Lazkaoko beneditar talde gazte bati aditzak irakastera ere joaten omen zen; Nor-nori-nork sistema berari zor zaio.
Elbira Zipitria 1982an hil zen eta Bizkaian lurperatu zuten, bere desioa betez, Sollube mendiaren magalean dagoen Mañu herrian.
Gipuzkoa
«Ereduak puskatuz»
Kontxita Beitiak Elbira Zipitriarekin ikasi zuen andereño lana, eta harekin berreskuratu zuen euskara. 1960an Pasai Antxon hasi zen, bere etxeko gelan, bost haurrekin. Hurrengo lau urtetan ikasle kopurua aunitz handitu zen. Urte horretan Nekane Auzmendi praktiketan ibili zen berarekin, eta horren esku gelditu zen ikastola. 1966an Gura- soen Junta sortu zen. Beitiak adierazi duenez, gurasoek «beren altxor preziatua gure esku uzten zuten, gutaz fidatuz, klandestinitatean egonda seme-alaben prestakuntza nola aterako zen jakin gabe», eta haiek egindako lana goraipatzen du. Auzmendik gogora ekartzen du orduan pasatutako arriskua: «Eskolako `kartillarik' gabe ibiltzen ziren umeak, batxilerra egitera publikora joan arte. Hemen ez zen arazorik izan, baina Bizkaian adibidez, irakasle bat preso eraman zuten. Gurasoek bildutako diruarekin atera zen kartzelatik».
Donostialdean ibili ziren lanean bi andereño horiek. Mari Karmen Oiarbide berriz, Goierrin aritu zen, eta egoera ezberdina zen han. 1967an Lazkaon hasi zen Oiarbide, eta ondotik Beasainen. «Ordurako Gurasoen Junta bazen, eta nere bila etorri ziren. Herri bakoitzetik ordezkari bat biltzen zen bailara mailan, eta bailarako ordezkaria, Euskal Herri osoko ordezkariekin elkartzen zen Urretxun», kontatu du Oiarbidek. Ordizian ere ibili zen bera.
Ikastolak eskola tradizionalarekiko hainbat berrikuntza ekarri zituen, besteak beste, «neska-mutilak elkarrekin ibiltzea, pedagogia modu berria, herri eta euskal kulturan txertatua izatea eta idazten bost urtetatik aurrera irakasten zitzaiela», nabarmendu dutenez. «Xabiertxo» eta «Martin Txilibitu» omen ziren liburu bakarrak. Idazten ikasteko txotxak eta matematiketarako pottokak edo kanikak erabiltzen omen zituzten.
Donostian ireki zen erresidentzian irakasleek lo egiteko aukera zuten, eta bertan egiten ziren praktikak eta klase osagarriak. Bertze lekuetako andereñoak ikastera joaten ziren hara. «Ikastaro trinkoetan» ere aintzindari izan ziren ikastolak.
1969an irakasleak elkartzen hasi ziren, eta eztabaidatzen zuten metodologiaren, premien eta arazoen inguruan. Oiarbidek azaldu duenez, Frenet ideologo frantsesaren metodoa jarraitzen hasi ziren: «Klaseak tailer moduan ematen ziren, guk ikasitakoarekin erabat hautsiz, eta jendea beldurtu egiten zen». Beitiak gaineratu duenez, «imajinazioa erabili behar zen ereduak puskatuz eta batzuk ez ziren ausartzen horiek gabe lan egiten».
Nafarroa
Iruñerritik Sartagudara
1966. urtean Mikela Gastesi hasi zen Iruñean hamar haurrei irakasten. Urtebete geroago Izaskun Gastesi, lehengusina, laguntzen hasi zitzaion San Jose plazan zeukaten ikasgelan. Berak kontatu duenez, «euskararen aldeko kontzientzia oso handia zuten gurasoek, eta haurrak ere horrela etortzen ziren». Gehienek ez omen zekiten euskaraz. Ahalegin handiak egin arren «umeengandik asko jasotzen» zutela eta gustora ibili zirela esan du. Ana Sarobe eta Feli Eraso ere Iruñeko hainbat gelatan aritu ziren klaseak ematen. Cartilla Escolar delakoa derrigorrezkoa zenez, Felix Arellano irakasle ofizialak egiten omen zizkien ikastoletako umeei, bere ikasleak bailiran. Iruñeko ikastolek bultzatzaile sutsuak izan zituzten gurasoen artean; izen bat aipatzeko, Jorge Cortes Izal.
Han hemenka zeuden ikasgelak, 1969-70ean San Fermin eta Paz de Ziganda ikastetxeetan kokatu ziren arte. Zailtasunak begi-bistakoak izan ziren ibilbide osoan: «Dirua zegoenean kobratzen genuen, eta materiala gure dirutik lortzen genuen», gogora ekarri dute Iruñeko aitzindari hauek. Askotan, eguneko umeentzako lanari gaueko helduentzako eskolakoa gehitu behar zitzaion. Ahaleginak merezi izan zuela argi dago: «Oro garai majoak izan ziren, asko jasotzen genuen umeen aldetik».
«Pedagogia aurrerakoia» erabiltzen zela bertan ere nabarmendu dute Izaskun Gastesik, Ana Sarobek eta Feli Alemanek: «Kataluniakoekin harremana bagenuen, horiek aurreratuak ziren honetan eta haiekin ikasi genuen». Besteak beste, berdintasunaren kontzeptua landu zuten eskola hauek.
Pakea Iturbe Lizarrako ikastolan hasi zen lehen aldiz irakasten, 1970ean. 21 ume zituzten, eta «gurasoen babes eta kemenari» aitortzen die han egindako lana. Lehen urtean Olentzero, Santa Ageda eta horrelako bestak antolatu zituzten. 1978an Deikaztelun hamahiru umeren irakaskuntzaz arduratzeko eskatu zioten. Hasieran zaila izan bazen ere, «euskaraz ikastea normaltasunez ikusten» ikasi omen zuten herriko biztanleek.
Han ibili zen lanean 1986ra arte. Urte hartan Sartagudako hainbat gurasok euskarazko eskola bat behar zela azaldu zuten, eta Iturbe joan zen hari erantzutera. Metro karratu guttitako gela bat moldatzen aritu ziren gurasoak zein irakaslea, eta ikaratzekoa omen zen lehen ikastola hura, Iturbek kontatu duen moduan, «kimu berri bat sasi eta lahar artean, hauskorra eta argirik apenas ikusten zuena» zen. Horrez gainera, gurasoak kezkatuta omen zeuden gaizki begiratuko zietela eta; ETArekin lotzen omen zituzten. «Esa es la de vasco» aditzen zuen kalean Iturbek. Hala ere, ikastolarekiko interesa areagotzen joan omen zen, eta Udaletxean gela bat lortu zuten. Iturbek kontatu duenez, bost haurretatik hiru ikastolara joaten ziren hasieran; handik urte guttira, ehunetik ehuneko portzentaia lortu zen.
Zailtasunek segitzen zuten hala ere; Udaletxean hasi zuten ikasturteko azaroan, Iturbek ikasgela erditik mozten zuen pareta bat aurkitu omen zuen, materiala eta bertzeak batere errespetatu gabe eraikia. Izugarria izan omen zen, eta herritarrak ere aunitz haserretu omen ziren. Sortutako iskanbilarengatik, Udalak orduan oraindik ireki gabeko Kultur Etxean jartzeko baimena eman zien, gela berri-berri batean. Finantziazioan Lizarrako ikastolak nahiz Nafarroako Ikastolen Elkarteak lagundu zuten. Hala ere, 1985ean Euskararen Legeak ezarri zuen zonaldekako zatitzea dela-eta laguntza horiek gabe gelditu ziren Nafarroako hegoaldean, Erriberan, Lizarraldeko herri horretan.... Iturbek urte batzuetan soldatarik gabe lan egin zuen. Gurasoen laguntza ezinbertzekoa izan zen ikastolari eusteko.
2001ean Sartagudako Deikaztelu eta Lodosako Muskaria elkartu eta egoitza berria ireki zuten. Urte hartan Nafarroa Oinez han ospatu zuten, arrakasta handiz gainera. Urte hartan bertan utzi zuen Pake Iturbek dagoeneko erro sendoak zituen ikastola.