GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga informatika ingeniaria

Informatika eta emakumea

Bikote ezohiko eta berezia askorentzat. Eta ezinezkotzat ere hartzen da, ezinbestekotzat jo behar dugun neurri berean. Informatikaren mundua ere gizonezkoei eskutik helduta jaio zen. Eta egun ere, emakumeok gai teknikoetan gehiago parte hartzen dugun arren, gizonezkoen eremua izaten jarraitzen du. Hau paradoxa: ez al digute bada informazioaren eta jakintzaren jendartean bizi garela behin eta berriz aditzera ematen?

Ikasketak aukeratzen. 2000. urtean Mexikoko Colima Unibertsitateak emakumeen ikasketa aukeraketen inguruko zenbait datu kaleratu zituen. Unibertsitatean ikasten zuten emakumeen %60,6 hezkuntza eta giza zientziekin lotutako ikasketak burutzen ari zen, %52,3 medikuntza-zientziak eta erizaintza. Beste muturrean, ikasle emakumezkoen %14,5ek nekazaritza eta abeltzaintza zuen ikasgai, eta %22,8k ingenieritza eta teknologiaren arloa (datu gisa, emakume horien guztien %39,2k unibertsitate publikoetan ikasi zuen, %45,7k berriz, unibertsitate pibratuetan). EHU-UPVren kasuan, 2000tik 2005era informatikarekin zerikusia duten ikasketetan emakumezkoak ikasleen %23 inguru izan ziren.

Datu horiekin guztiekin, ikasketak aukeratzeko orduan emakumezko eta gizonezkoen artean ezberdintasunak ematen direla agerian geratzen da. Egia da, 2000. urtearen inguruan, teknologien erabilerak gorakada izugarria izan zuenean, ezberdintasunak ez zirela hain nabarmenak. Gerora ordea, teknologia berriak haur, gazte, heldu eta zaharren tresna bihurtu direnean etorri dira aldaketak. Teknologia guztiona delako. Guztiok erabiltzaileak garelako, espezialistak edota adituak gutxi batzuk direnean. Orduan aldatu da joera. Lanbide edo ogibideen feminizazio/maskulinizazioak, teknologien munduan emakumearen parte hartzea xumea izatea dakar bere baitan. Eta zentzu horretan, beharrezkoa da emakume eta gizonen ikasketa aukeren ezberdintasunen arrazoiak identifikatzen lagunduko duten azterketak egitea. Hori da arlo ezberdinetan emakume eta gizonen banaketa ekitatiboagoa ahalbidetuko duten politikak sortzeko bide bakarra.

Teknologia eta bere mitoak. Teknologia berriak mitoz josita ikusi ditugu beti. Gazteek bakarrik ulertzen dituztela, edo informatikari eroen kontua dela. Eta mito horiek indarrean jarraitzen dute egun ere. Eta lehen aipatutako aldaketari heldu nahi diot berriz. Teknologia berriak guztion tresna bilakatu zirenetik, informatikan adituak freakyak direla entzuten dugu behin eta berriz. Eta noski, konnotazio negatiboa badu ere, aditu izate hutsarengatik, freakyen izaera gizonezkoei erabat lotuta dago.

Badirudi egun emakumezkoek informatika tresnen erabiltzaile izan gaitezkeela soilik, gizonezkoak erabiltzaile eta garatzailetzat hartzen ditugunean. Iduri du emakumeok ezin dugula ezer garatu. Ezin dugula makina artean eroso ibili. Baina hori ere mito bat izan daiteke jada. Bat gehiago, baina pertsonaren generoari zuzenean erreferentzia egiten dion lehena.

Software librea eta emakumea. Zentzu horretan, ezin azalpenekin jarraitu, noski, software libreaz hitz egin gabe. Ezberdina baita softwarearen garapenean produktu jabedunez edo zerbitzu libreez hitz egitea. Software libreak, tokian tokiko hizkuntza eta ezaugarriei ateak irekitzen dizkien bezalaxe, emakumeoi ere gure aukera eskaintzen digu. Eta nola? Zergatik software libreak eta ez besteek? Bada erantzuna oso erraza da: komunitatea existitzen delako.

Komunitatean ez dago ez emakumerik ez gizonik. Komunitatean denak pertsonak dira, erabiltzaileak. Kideak, finean. Komunitatea elkartasun printzipioetan jaio eta hazi da eta hor, denak laguntzeko prest daude, izan emakume edo ez.

Horrexegatik, feminismoaren teorietatik abiatuz, eta komunitateak ematen duen aukera berdintasunaz baliatuz, emakumeok ere informatikaren eta oro har teknologien munduan dagokigun lekua profitatu behar dugu. Finean, feminismo digitalak eskubide eta aukera berdintasuna defendatzeaz gain, software libreak eskaintzen dizkigun aukerez baliatzea ere aldarrikatu behar baitu.

Informatikan, software librearen munduan, inork ez digu mugarik jartzen: zeren zain gaude?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo