GARA > Idatzia > Gutunak

Manu Arregi

Zuretzat, guztiontzat

Laurogeita bederatzian egin nuen topo lehen aldiz Kilometroak jaiarekin. Oñatin izan zen. Inoiz horrelako batean egon gabe -entzunda bai-, sorpresa handia hartu nuen. Ez dut inoiz ahaztuko egun horretako giroa eta jende uholdea euskararen alde.

Ordutik hona ez dut aukerarik galdu, ahal izan dudan guztietan horrelako jaietara joateko. Lagunekin parrandara, lehen, eta familiarekin azken aldian. Beti primeran pasatuz: Elgoibar, Urretxu, Trapagaran, Bera, Etxarri Aranaz, Zalduondo... Giroa benetan sanoa adin guztientzat.

Ekainean Argantzonen izan nintzen, Araba Euskarazen. Eguraldi tristea goiz partean, baina poliki-poliki jasotzen joan eta eguraldi bikainarekin bukatu genuen eguna. Saria animatu ginen ausartentzat. Oroitzapen gazi-goxoak dauzkat egun horretakoak. Gaziak, arratsalde horretan gauzatu zelako Errealaren jaitsiera -zergatik gustatuko zait futbola-. Goxoak, berriro konprobatu nuelako zelako ederrak diren ospakizun hauek familiarekin pasatzeko. Primeran pasatu genuen pailazo, musika, kale giro eta beste ikuskizun mordoekin. Baina detaile batekin geratu nintzen, bereziki, egun hartan. Megafoniatik, tartetik-tartera, jendeari zuzenean egindako elkarrizketatxoak entzuten ziren. Halako batean bikote andaluziar bat. Harrituta zeuden. Ez zuten ulertzen nola hain jai ederra ez zen ezagutzen kanpoan. Haiek kasualitatez egin zuten topo jaiarekin -oporretan ziren- eta aluzinatzen ari ziren. Askotan kanpotarrek esan behar digute zelako ederra den daukaguna, gu ohituta gaudenez, ez garelako ohartzen.

Zer daukagun aurten Bergaran? Zuk nahi duzuna, fijo. Umeekin zatozela, zain izango dituzu Txan magoa, Betizuak, Kiki Koko eta Moko, puzgarriak, zirko tailerra... Musika etnikoa gustuko duzula, Artabilako guneko zelaian izango duzu jaima gunean zer dastatu eta Petti, Mulambo, Rauxa eta Samarren musikaz gozatzeko aukera. Euskal musika gustuko? Usondoko parkera joan. Han izango dira Anje, Pantxoa eta Peio eta Tapia eta Leturia, besteak beste. Musika lasaien aldekoa? Orduan zure kontzertua Anarik Espoloian emango duena da, lehen aldiz horrelako ospakizunetan. Bale, bale, parrandara zatozela. Eskaintza zabala zuretzat ere. Sagarroi, Esne Beltza, Gose, Kauta, EH Sukarra... bi gunetan kontzentraturik, Matxiategin eta Labegaraietan.

Etorri eta gozatu euskara eta ikastolen aldeko jaiaz. Eta gogoratu, benetan disfrutatzeko, ez zaitez pasatu. Kilometroak, Bergaran! Argi daukagu, argi da!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo