Glamourraren zaindari lanak egin zituen Demi Moorek Kursaalean
Michael Radforden «Flawless» filmak itxi zuen Donostiako 55. Zinemaldia. Prentsaren aurrean aurkeztu zuten lana, eta protagonistetako batek, Demi Moore aktoreak bereganatu zituen argazkilarien begiradak, nahiz eta Kursaal kanpokaldean argazkiak ateratzeko zailtasunak jarri.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Ia metro erdiko takoiak jantzita eta berandu agertu zen Demi Moore Kursaalera. Argazkilari guztiak zain zituen arren, uko egin zion Kursaaleko kanpokaldean paratzeari, «hotza» sentitzen zuelako. Argazkilarien haserrea ikusita, Mikel Olaziregi Zinemaldiko zuzendariak kanpokaldera irtetera konbentzitu zuen. Ondoren, prentsaren aurrean agertu zen Michael Radford zuzendariak eta Lambert Wilson aktoreak lagunduta.
Moore pozik agertu zen «Flawless» filmean egindako lanagatik, eta, berari egokitutako paperak baino, egitasmo osoak asebete zuela azaldu zuen, batez ere pelikularen kokapen kronologikoak eta bere lankideak. Moorek Michael Caine aktore beteranoarekin elkarbanatu du azken lan hori, eta «zoragarritzat» jo zuen berarekin lan egitea.
Bestalde, Demi Moorekin lan egitea «beldurgarria» dela ohartarazi zuen Radfordek «bere ospeak lehentasuna duelako, baina ondoren lagun bikaina aurkitu nuen horren guztiaren atzean». «Filmeko euskarri garrantzitsuena izan da bera», gaineratu zuen.
Pelikulan exekutibo izan nahi baina ezin duen emakume baten bizitza irudikatzen du. Izan ere, garai hartan ez zegoen lan horretan ziarduen emakumerik. Radforden arabera, oso pertsonaia «anbiguoa» da: «Oso pertsona hotza da, eta azkenean asmatzen du gizabanako arrunt bat bezala bizitzen».
Mooren edertasunarekin lotutako galdera ugari egin ziren prentsaurrekoan baina berak argi utzi zuen: «Garrantzitsua da helburuak lortzeko edertasunaren menpeko ez izatea». Bestalde, «heldutasunarekin datorren edertasuna besarkatzeko» beharra azpimarratu zuen aktore estatubatuarrak.
Título: Flawless.
Director: Michael Radford.
Intérpretes: Demi Moore, Lambert Wilson, Michael Caine.
País: Gran Bretaña.
Duración: 108 m.