surf-ASp world tour
Fanning indartsu dator Mundakako uretara
GARA | HOSSEGOR
Mick Fanning australiarra ASP World Tourreko finala irabazi zuen atzo Hossegorren Greg Emslie hegoafrikarra gailenduz. Garaipen honekin, hiru proba besterik falta ez direnean (Mundaka, World Circus eta Pipeline), surflariak aukera gehiago ditu munduko txapeldun izateko.
Fanningek finalerdia ere arazorik gabe gainditu zuen Troy Brooks australiarraren aurka. 17.67ko kalifikazioa lortu zuen sailkapen nagusiko liderrak. Bere arerioak eta herrikideak, berriz, 15.40ko emaitza lortu zuen.
Beste finalerdian, Greg Emslie (hogeita hamabosgarren postuan doan surflaria) Joel Parkinson baino hobea izan zen eta ezustekoa eman zuen.
Mundaka
Hurrengo proba Billabong Pro Mundaka izango da. Asteartean hasi eta urriaren 14an amaituko da eta lehen urtean bezala, interneten bidez ikusi ahal izango da mundu osoan. 2006an eguneko 35.000 sarrera erregistratu ziren euskal proba honetan.
Mundakan top45a osatzen duten surflariak eta beste hiru gonbidatu egongo dira, hau da, Hodei Collazo euskalduna, Tiago Pires portugaldarra eta Manoa Drollet hawaiarra.