GARA > Idatzia > Pilota

pilota Lau eta erdia

Esainek ordua eskatzen bukatu zuen norgehiagoka

Retegik partidaren azken txanpan Esainen garaipena arriskuan jarri bazuen ere, Burtalakoak Mikel Goñiren aurka jokatuko du final-hamaiserenetan

p058_f01_148x116.jpg

esain 22

retegi BI 18

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Iñaki Esainen aldeko 21-8arekin partida erabakita zegoela zirudienean, Julen Retegik barruan duen jokoa atera eta Burlatako pilotaria estutu zuen, 10-0eko partzial batekin (21-18). Dena galduta zuela ikusi eta presioa gainetik kendu zuenean, bere dohain guztiak atera zituen kantxara iruindarrak, baina berandu zen ordurako. Nahikoa zen haren aita botileroari, Julian Retegi handiari, aurpegira begiratzea horretaz jabetzeko.

Markagailuari buelta ematea posiblea zela zirudien, Esain erabat hustuta baitzegoen eta norgehiagoka luzeegia egiten ari baizitzaion. Kontua da Retegik abantaila gehiegi utzi ziola bere aurkariari, eta hori erabakigarria izan zen azkenean.

Hamar tanto jarraian egin ondoren, horietako batzuk asko arriskatuta -21-15ekoa urrutitik bidalitako dejada bikain baten ondoren etorri zen eta 21-18ekoa bolea neurtu baten bitartez-, zabalera bidalitako pilota bat kanpora bota zuen. Eta horrekin batera, Lau eta erdiko txapelketarako txartela lortzeko ametsa bigarren urtez jarraian eskapatu egin zitzaion eskutik.

Esainek 4-6 galtzen hasi zuen partida, baina une horretan norgehiagoka bere alde jarri zuen 12-0ko partzial baten bitartez. Retegi Zuiako Palatu frontoitik at zegoela zirudien, partidaren azken txanpa etorri zen arte. Erreakzioarekin ez zuen garaipena erdietsi, baina urduritasuna alde batera uzten duenean jokalari fina dela erakusteko balio izan zitzaion.

Peña eta Arretxeren ordua

Atzoko garaipenari esker, Esainek Mikel Goñiren aurka jokatuko du Lau eta erdiko txapelketako final-hamaiserenetan. Era horretan, Oronozkoak frontoi erdian irabazi zion azken pilotariaren aurka jokatuko du txapelketa horretan. Hain zuzen ere, Goñik eta Esainek duela bederatzi urte jokatu zuten norgehiagoka hura.

Bestalde, Lau eta erdiko txapelketan jokatzeko azken txartela gaur banatuko dute Iurretan. Izan ere, Olaburu frontoian (17.00etatik aurrera, hain zuzen ere), Kepa Peñagarikanok eta Iker Arretxek final-hamaseirenetara sailkatzeko partida jokatuko dute.

partzialak

Esainek 12-0ko partzial batekin erabaki zuen norgehiagoka, 4-6 galtzetik16-6 irabaztera pasatu baitzen. Retegik 10-0eko partzial bat egin zuen ondoren, baina berandu zen dagoeneko.

Presioa

Retegi partidatik at egon zen denbora batez, urduritasunak jota. Kanporaketa galduta ikusi eta presioa gainetik kendu zuenean, barruan dituen dohainak kantxaratu zituen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo