GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Marka saiakera

Marijose Sardonek sei aldiz berdindu du 89ko harri bola La danza clásica tomará Baiona durante la próxiásica tomará

Urnietako harri-jasotzaileak emakumezko batek orain arte egin ez zuena egin zuen atzo arratsaldean bere herritarren aurrean

p042_f02_111x111.jpg

Jon LEUNDA | URNIETA

Marijose Sardonek ez zuen hutsik egin, eta sei aldiz berdindu zuen 89 kiloko harri bola bizkarraren gainean, eta emakume batek harri horrekin orain arte egin ez zuena egin zuen.

Marka saiakera horrek sekulako ikusmira piztu zuen, eta Urnietako pilotalekuak ez du askotan izango atzo izan zuen betekada. Kantxaren barruan eserlekuak ere jarri zituzten antolatzaileek jende gehiago sartu ahal izateko, baina atzo alferrik zen, ikaragarrizko jende pila bertaratu baitzen Sardon bertatik bertara ikusi ahal izateko, eta batek baino gehiagok geratu behar izan zen kanpoan, barrura sartzea oso zaila baitzen.

Marijose oso urduri zegoen saioa hasi aurretik. Herritarren aurrean ez zuen hutsik egin nahi, eta izterrean zuen lesio horrek ere kezka ematen zion. Gainera, bertaratu zen jendetza ikusita, garbi zeukan marka egin beharra zeukala, eta horrek berak ere estutzen zuen.

Behar bezala berotu ostean, eta telleriatarren gidaritzapean heldu zion harriari, eta jendea berriro ere txundituta utzi zuen duen indarrarekin. Teknikoki hobetu beharra dauka oraindik, baina indarra soberan dauka, eta harria erraz erabiltzen zuen.

Berak aste honetan esan zuen bat jasotzearekin konforme izango zela, horrekin marka egina izango zuelako, baina gehiago nahi zuela, eta horretara joan zen, eta nahia eta helburua bete zituen. Ez zuen jasoaldi batekin geratu nahi, eta bat lortu zuenean, aurrera jarraitu zuen, eta amaieran sei aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean.

Bi ustel

Sardonek sei aldiz jaso zuen harria, baina beste bi ustel ere izan zituen, baina ustelak harria ia berdinduta zuenean izan ziren, eta pena horrekin geratu zen, zortzi jasoaldi izan balira ere oso normala izango baitzen.

Amaieran, jendeak erruz txalotu zuen harri-jasotzaile urnietarra egindako marka oso ona izan baitzen, baina garbi geratu zen baita ere, atzokoa ere lasai asko hobetu dezakeela, eta tarte dezentea ikusten zaio. Ez hori bakarrik, 100 kiloko bolarekin ere arazorik ez zuela izango esaten zuten aditu batek baino gehiagok.

Sardonek hasiera batean 100 kilokoa zuen erabiltzekoa, baina izterreko lesio hori medio, badaezpada ere 89koarekin aritu zen, baina hala ere marka ederra egin zuen, lesio eta guzti, sei jasoaldi, eta berak hortara joateko erabakia hartzen duenean, zerbait gertatu ezean garbi geratu zen marka hobetuko duela.

Sardon, orain dela urtebete agertu zen plazetara Urnietan eta ordutik sasoiko eta oso indartsu agertu da, marka bat baino gehiago egin baititu. Miren Urkiolarekin, nesken harri-jasotzea moda-modan jarri dute.

jendetza handia

Urnietako pilotalekuan sekulako jendetza batu zen atzo arratsaldean, eta gainezka egon zen, nahiz eta antolatzaileek eserleku gehiago jarri. Izan zen sartu ezinik kanpoan geratu behar izan zuen bat baino gehiago ere.

«Jendeak eman didan laguntza ikaragarria izan da, eta eskertzekoa da»

Marijose Sardon oso gustura zegoen saioaren amaieran, marka ederra egin baitzuen.

«Oso gustura nago, lanerako baldintzak ez nituen onenak izterrean min dudalako, baina helburua bete dut. Pena bakarra bi ustel egitea izan da, baina oso gustura geratu naiz», esan zuen kirolari urnietarrak

Ondoren jendeari buruz ere aritu nahi izan zuen: «Ikaragarria izan da hemen batu den jendetza, eta zenbat lagundu didan. Hasieratik animatu naute, eta hori eskertzekoa da.Hasieran urduri nengoen, baina behin harriari heldu diodanean lasaitu naiz», aitortu zuen.

Saioa nola joan zen ere aditzera eman zuen: «Hasi baino bukatu hobeto egin dut. Ez dakit, uste dut nire buruarekin haserretu egin naizela, eta jasoaldi onenak amaieran izan dira».

Egindako bi ustelak zergaitik izan ziren ere argitu zuen:«Teknika hobetu beharra daukat. Atzera etzan beharrean, azkarregi berdintzen dut gorputza, eta hortik etorri dira bi ustelak».

100 kiloko bolarekin ere ahalegina egiteko gogoa baduela onartu zuen: «Garbi dago 89koa txiki geratu zaidala. Gaur hasieran 100ekoarekin egin nahi nuen, baina izterreko arazoak medio honekin egin dut. Orain, lehenengo izterra osatu behar dut, amaieran nabaritu baitut. Gero, negurako zerbait egin nahi dut, eta agian 100 kiloko bolarekin izango da», esanda amaitu zuen jarduna Marijose Sardonek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo