GARA > Idatzia > Kultura

XX. mendeko Bilbo, Nicolas Martinez Ortizen begietan

Nicolas Martinez Ortiz bilbotar margolariaren jaiotzaren mendeurrena ospatu eta bere obra gogorarazita, erakusketa antolatu du Arte Ederretako Museoak Bilboko Udalarekin batera. Bertan, artistaren 151 obra izango dira. Horien bitartez, atzera begiratu bat egin eta XX. mendeko Bilbo berreskuratzeko aukera izango da.

p047_f01_203x120.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Atzo arratsaldean ireki zituen Nicolas Martinez Ortiz zenari eskainitako erakusketaren ateak Bilboko Arte Ederretako Museoak. Urriaren 28a bitarte, margolari bilbotarraren jaiotzaren mendeurrena baliatu eta 151 artelan jarri dituzte ikusgai, kronologikoki olio-pinturak, marrazkiak, grabatuak eta akuarelak biltzen dituena.

1907ko otsailaren 3an Bilboko erdigunean jaioa, txikitatik erakutsi zuen arteetarako zaletasuna Nicolasek. Hamar urte baino ez zituela hasi zen Atxuri auzoko Arte eta Ofizioen Eskolan. Bertan ikasi zuen aurrenekoz marrazten eta margotzen. Litografia, berriz, aitaren tailerrean ikasi zuen.

Artista gaztearen trebetasunak Parisera eraman zuen 1924an ikasketak biribiltzera, Udalak lehenengoz eta Bilboko Aurrezki Kutxak geroago emandako diru laguntzarekin. Parisen Durriok babestu zuen eta Grande Chaumiere akademian matrikulatu zen.

Jaioterrira itzuli eta lanean jarraitu zuen. 30eko hamarkadan lehiaketa ugaritan parte hartu zuen eta tartean Arteta, Aranoa eta Urrutia lagun ospetsuekin elkarlanak egin. 1935ean Lucia Gisasola Azkargortarekin ezkondu zen eta gerra aurretik Euskal Artisten Elkarteko idazkari izendatu zuten. Gerra ostean, kartzelatu zuten.

1969a arte lanik pertsonalenak garatzeko tartea hartu zuen eta giro artistikoetatik kanpo izan zuen bere burua. Berriro erakusketetan parte hartzen hasi zen gero eta arrakasta erdietsi zuen. 1986an Euskal Artisten Elkarteak omenaldia egin zion bost urte geroago zendu zen margolari bilbotarrari.

Besteren artean, Madrilgo Arte Garaikideko Museoan, Toledoko Arte Figuratibokoan eta Arabako Arte Ederretakoan daude Nicolas Martinez Ortizen lanak, Bilboko Arte Ederretako museoan daudenez aparte.

Garaiko estilo kubista garatu zuen margolariak, kolore alaiekin. Ezaguna du oso egindako ohiturazko lana. Bilboko kale eta paisaiak margotu zituen ¯kale, eliza eta labeak¯, erromeria eta dantzaldiak, baita Bizkaiko kostaldeko arrantzale giroa ere, Elantxobe, Algorta edo Ondarroakoa.

Oroigarria atarian

Afixagile legez nabarmendu zen Nicolas, eta makina bat lehiaketatan parte hartu. Bilboko zezenketetarako, aberri egunerako, jaietako zein txirrindulari biretako kartelak egin zituen, estilo pertsonal ezaguterrazarekin oro ere. Bereak ditu 36ko Gerrak eztanda egin aurrean Euskadiko Gobernuak jaulki zituen billeteen marrazkiak ere bai.

Erakusketa berri honek, beraz, egunotan aukera paregabea eskaintzen digu hogeigarren mendeko Bilbo eta Bizkaiko giroa ezagutzeko, Nicolas Martinez Ortiz margolariaren begietan islatuta.

Bilboko Arte Ederretako Museoak eta Bilboko Udalak margolariaren familiari erakusketa antolatzeko emandako laguntza eskertu nahi izan zioten atzokoan. Azken horien izenean alabak hartu zuen hitza, hunkiturik aita bertan jaioa zela eta Bilbo bihotzean zeramala gogorarazteko. Urri osoan luzatuko den erakusketa monografikoaz gain, Bilboko Udalak, Iñaki Azkuna alkatea buru duenak, plaka oroigarria jarri zuen atzo eguerdiko hamabietan euripean, Colon de Larreategi kaleko hamazazpigarren atarian, margolariaren jaiotetxe izandakoan.

Jose Ramon Sainz Morquillas, epaitegietara

Bilboko Arte Eder Museoak, bestalde, salaketa jarri dio Jose Ramon Sainz Morquillas artista euskaldunari, «Morquillas L´air du Temps» erakusketa burutzeko sinatutako hitzarmena bete ez duelakoan. Museoa ez omen dago prest adostutakotik %35 garestitu den aurrekontuari erantzuteko. 2006ko irailetik hiru atzerapen izan ostean bertan behera utzi dute erakusketa eta pinakotekak 111.ooo euro eskatzen dizkio orain eskultoreari, prestaketetan gastatutako diruaren ordainetan.

Morquillas, bere aldetik, Museoarekin haserre agertu da eta bere aurka esandakoak ukatu ditu.

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo