GARA > Idatzia > Editoriala

Lanaldia luzatu, lan baldintzak okertu

D enbora luzeagoan lan egin, gehiago irabazteko. Lelo sinple bezain labaingarri hori Nicolas Sarkozyren hauteskunde kanpainaren ardatz nagusienetarikoa izan zen. Uda aurretik, frantziar presidenteak bere «eraldaketa soziala» aurrera eramateko aukeratu zuen lehen ministroak, François Fillonek, bere egin zuen mezua lan ordu osagarriak saritzeko egitasmoa onartzerakoan. Atzo sartu zen indarrean 35 orduko lan egutegia indargabetzeko asmoa duen neurria. Eskuineko Gobernuak lan egutegi bereziki gogorra duten hainbat arlotako langileei zuzenduriko keinua egin nahi omen die. Besteren artean, eraikuntza eta ostalaritza arloan ari diren langileek «lan gehiago egiteko» aukera izango dutelako hilabete bukaeran lan sari egokiagoa etxera eramateko esperantzaz. Edonola ere, Fillonek kudeatzen duen plana gezur handi batean oinarritzen da. Eraikuntza, ostalaritza edota komertzial arloko langileek ez baitute atzotik atea zabalago izango bere lanaldia luzatzeko. Egitasmoaren helburua ez baita, bistan da, norberak aukera izatea -arau batzuen barne- lanaldia bere beharretara moldatzeko. Benetako asmoa oso bestelakoa da: enpresaburuek beste tresna bat eskuratu dute -denon diruari esker, gainera- lanaldiarekin nahi eta behar adina jokatzeko, finean lan antolaketa beren beharretara etengabe moldatuz.

Lan antolaketan malgutasun handiagoa eskaintzea da neurriaren asmo nagusia. Izan ere, ez langile guztiek ez enpresa guztiek ere ez dute neurriaren ustezko abantailez profitatzeko betarik izanen. Beraz, arloz arlo eta enpresaren tamainaren arabera, ezberdintasunak areagotu daitezke. Oro har, neurriaren eraginkortasuna neurtzea -baita bere kostuaz jabetzea ere- oso zaila izango dela ohartarazi dute gizarte eragileek; aldiz, trikimailuak egiteko eta, ondorioz, estatuaren kutxatik diru gehiago lortzeko lege berriaz baliatzea ez da zail ikusten. Hots, paper koloretsu batean bilduriko gozoki pozoitsua saldu nahian dugu, beste behin ere, Sarkozy presidentea?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo